Mikel Uraken. Musikaria

«Bakarlari arruntaren kontzeptua hankaz gora jarri nahi izan dut»

Eraldaketa sakon baten azken urratsa da 'Neguaren ostean', Mikel Uraken musikariaren azken lana. Aurrenekoz ondu du euskara hutsezko kantu bilduma bat, eta erraietako folk biluzi bati eman dio bide.

ASIER GARCIA AZKUE.
gorka erostarbe leunda
2016ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Hamabost urterekin hasi zen gitarra «astintzen» Mikel Uraken (Bilbo, 1982). 2000ko hamarkada erdialdean Loan metal taldean egin zituen lehen urratsak. Bakarkako ibiliari ingelesez ondutako Folk Songs for Tormented Souls lanarekin (2013) ekin zion. Omenaldi xumeak EPan (2014), Anariren bertsio bat eta Mikel Laboaren beste bat sartu zituen. Iazko urte hondarrean Neguaren ostean plazaratu zuen. Euskaraz egindako zazpi folk pieza gordin, biluzi, basa. Euskal kantagintzaren esparruan berrikuntzarako ale bat jarri nahi luke. Datorren asteazkenean, hilaren 16an, Bilboko Kafe Antzokian ariko da, JP Lohian & Klonen Klana taldearen lehen kontzertuan laguntzen.

Erabateko bilakaera iazko urte amaieran kaleraturiko Neguaren ostean lanarekin gauzatu zenuen. Kantu guztiak euskarazkoak dira; asmo kontziente garbia dago?

Bai, honaino ailegatzeko prozesu sakon bat pasatu behar izan nuen. Euskara hutsean abesteko erabakiarekin batera, ildo esperimental eta pertsonalagoan murgiltzea erabaki nuen. Oreka eta ildoa aurkitzea ez zen lan makala izan, eta hilabete batzuk behar izan nituen erabakia sakontzeko eta neureganatzeko.

Esan izan duzu damutu egiten zarela zure lehen lanetan ingelesez abestu izanaz. Baina garaian garaiko zirkunstantziak ere gogoan hartu behar dira. Euskaldun berria zara, eta ingelesezko musika hezurretaraino sartua daraman belaunaldikoa...

Beno, erabat damutu ez, baina badakit garai hartan hortik pasatzea ezinbestekoa zela gaur egun egiten dudanera heltzeko eta ulertzeko. Nolabait sentitu nuen euskarari zor niola rol garrantzitsuago bat ematea bai nire konposaketa musikaletan bai nire bizitza osoan, eta hortik aldaketa. Egia da, nire belaunaldiko jendeak erreparatzen diola musika anglosaxoiari, nik neuk ere bai, baina ezin diogu uko egin gure kulturarekiko dugun ardurari. Gure herriko kultura une oro mugitzen ari da, bizirik dago, eta belaunaldi berrien ekarpena beharrezkoa da adierazpen kultural berriak, ausartak, puskatzaileak eta euskaldunak eraikitzeko.

Zer sentitu duzu disko oso bat euskaraz sortzean? Eta jendeak zer transmititu dizu?

Ziurtasun osoz esan dezaket nire benetako izaerarekin konektatu egin dudala. Nik uste dut jendea hortaz jabetu dela, hala adierazi didalako. Pozik nago, bete-betean asmatu dudalako, eta izugarri hunkitzen nau esperientzia berri honek. Ekintzak pentsamenduari eragiten dio, eta, horren ondorioz, herri honen sustraietatik gero eta hurbilago sentitzen naiz. Neguaren ostean ezingo litzateke konposatu euskalduna ez den herrialde batean, integraturik baitago iruditeria euskaldunean, hortik elikatu da zalantzarik gabe.

Ez Dok Amairuren emarian jarri duzu erreferenteetako bat. Bada kantu bat Ez dok hamahiru izenekoa, beste zenbaitetan irrintzia eta onomatopeia oihuak...

Ez dok hamahiru kantua nire kuttunenetariko bat da, eta, jakina, Ez dok Amairu taldeari egindako nire omenaldi xumea da. Garai hartan, euskal musikaren lehenengo iraultza gauzatu zen, bigarrena oraindik iristear badago ere, Mikel Laboa eta antzeko musikariei esker. Harengandik ikasitako kantuetatik erabaki nuen konplexu asko astintzea, eta irrintzika eta oihuka ibiltzeari beldurra galdu nion. Hor dago lotura.

Diozu euskal musikaren bigarren iraultza iristear dela. Esaterako, 1980ko urteetako RRVa edo 1990eko urteetako estilo aniztasuna ez dituzu iraultzatzat?

Bai, baliteke RRVa bere erara iraultza mota izatea Euskal Herriko eszena musikalean. Hala ere, iraultza musikal gehiago etortzear daude, eta beharrezkoak dira; herritar, musikari eta musikazale guztiok behar baitugu astindu hori.

Euskal folkari astindu moduko bat eman nahi izan diozu?

Ez dakit euskal folkari, baina batez ere bakarlari arruntaren kontzeptua hankaz gora jarri nahi izan dut. Bada behingoz arriskatzeko eta eskemak apurtzeko garaia; XXI. mendean gaude, eta baliabide guztiak eskuragarri dauzkagu horretarako. Ez dago aitzakiarik betiko eskemak errepikatzeko eta jada eginda dagoen musika imitatzen jarraitzeko. Gaur egungo musikariok derrigortuta egon behar dugu orain arte egin ez den musika asmatzeko. Nik, behintzat, hala eskatzen diot neure buruari. Ez baditugu bide berriak esploratzen, kultura oro har, eta musika partikularki, ez da erakargarria izango, eta ezta sormen iturri izango ere.

Ez da presaka entzuteko disko bat, eta ez gara bizi jendeak denbora eta arreta hartzen dituen aldi batean.

Beti esan izan dut fast food janariaren eta slow food kontzeptuaren arteko borroka bezalakoa dela hau. Norberari dagokio joera nagusiei jarraitu nahi dien edo ez. Ez zaizkit modak interesatzen, eta neure burua outsider baten pare ikusten dut, zeinak musika erabiltzen duen ez soilik bere behar sortzaileak gogobetetzeko, baizik eta baita bizitza eta gizarte eredu desberdin bat aldarrikatzeko ere.

Ez Dok Amairuko ageriko horiez gain, zein beste musika edo kantarirengan jarri duzu belarria disko hau osatzeko?

Lisabo edota Dut taldeen ekarpena ezinbestekoa izan da nire sormen musikala zehazteko. Kanpotik, denetarik apur bat edan dut, Devendra Banharten soinu biluzia eta lo-fi-a, Sigur Rosen edota Woves In The Throne Roomen pasarte instrumentalak, Wovenhanden soinu iluna ahotsetan, zein Swansen jokabide ausarta oso baliagarriak izan dira nire ikuspegia zabaltzeko.

Ahotsarekin edo gitarrarekin sentitu duzu erosoago zeure burua?

Ahotsarekin gero eta erosoago sentitzen naiz, xuxurlaka aritzetik irrintzika aritzera pasa naiteke abesti berean, eta gitarrarekin ausartu naiz gauza berriak probatzen, eta emaitza pozgarria izan da niretzat. Diskoa entzuten dudan bakoitzean zaila egiten zait ziurtatzea hobeto egiteko gauza izango ote nintzen. Hala bada, denbora askoz gehiago beharko nukeen.

Elkarrizketa osoa irakurtzeko, bisitatu webgune hau:

www.badok.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.