Azken hamar urteetan idatzitako bederatzi ipuin bildu ditu liburuan Uxue Apaolazak (Hernani, Gipuzkoa, 1981). Bihurguneko nasa bere hirugarren lana da.
Nola jaso duzu saria? Zenbateraino borobiltzen du liburuak izan duen harrera?
Oso gustura nengoen inguruan jasotako aitortza batzuekin, baina honek puskatzen ditu pixka bat nire espektatibak eta dimentsioa. Baina borobildu egin duenik ez nuke esango. Sariak garrantzitsuak dira, baina literaturan badaude agian garrantzitsuagoak diren beste kontu batzuk.
Erabilitako prosa nabarmendu dute epaimahaikideek, eta adierazi dute hizkerak egoki islatzen duela hirietako bizimodua.
Nik uste hizkuntza badoala nirekin ere. Pertsona urbanoak gara, eta horrekin lotuta dago. Eta Lurren izaerarekin, ahots narratiboaren izaerarekin. Neurotiko samarra da, antsietate puntu batekin, beraz, behar duzu hizkuntza arinagoa edo azkarragoa erabili.
Esan duzu ez direla entzuteko edo ozen irakurtzeko ipuinak. Zergatik?
Nik literatura horrela ulertzen dut. Ez naiz errezital zalea; niri gustatzen zaidan literatura da etxean, bakarka, paperarekin irakurtzen dudana. Eta uste dut literatura mota batean irakurri egin behar duzula, ikusi egin behar duzula parentesia, ikusi koma, jakiteko idazlea zer egiten ahalegintzen ari den. Hor bertan badago estetika bat ere, galdu egiten dena beste norbaitek irakurtzen badizu. Beraz, bai, bakarka irakurtzeko ipuinak dira.
Uxue Apaolaza. Idazlea
«Bakarka irakurtzeko ipuinak dira; nik literatura horrela ulertzen dut»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu