Antzerkia

Bakardadearen metafora gorpuztua

Hika konpainiaren haurrentzako antzezlan berria da 'Atearen beste aldean'. Testurik gabeko obra bat da; ate bat, aktore bat eta musikari bat soilik egongo dira eszenatokian. Bihar estreinatuko dute, Astigarragan.

(ID_17086763054185) Ateraren beste aldean
Sandra Fernandez aktorea eta Unai Zelaia musikaria, obraren irudi batean. ASIER CAMACHO
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko otsailaren 24a
05:10
Entzun

Urte berezia da aurtengoa Hika antzerki konpainiarentzat; izan ere, 35 urte betetzen ditu. Urtebetetze bat da bere haurrentzako ikuskizun berriaren muina ere. Atearen beste aldean du izena Agurtzane Intxaurraga zuzendariak sortutako lanak. Bihar izango da lehen emanaldia, 12:30ean, Astigarragako (Gipuzkoa) Erribera kultur etxean. Antzezlanak ez du testurik; musikak eta protagonistaren mugimenduek gidatuko dute publikoa.

Intxaurragak proiektu bat amaitu berri zuen kalean egiteko antzezlan txiki bat egiteko eskatu ziotenean. Burua martxan jarri, eta bakardadearen inguruko zerbait egitea erabaki zuen. «Gure bizitzetako uneren batean gizaki guztiok harrapatzen gaituen zerbait da eta», kontatu du zuzendariak. Hala ere, ez zuen bakardadearen tristuran sartu nahi, eta hortik ateratzeko grinari erreparatu nahi izan zion: ate bat itxita topatzen zuen horrek beste bat ireki eta aukera berri bati ekiteko grinari.

Ate hori zuzenean irudikatu du zuzendariak, eta ate bat izango da eszenatokiko elementu nagusietako bat. Protagonistaren (Sandra Fernandez) urtebetetzea izango da, eta ez da inor joango urtebetetzea ospatzera. Maite dituenen bila joango da orduan Fernandez, ate berriak irekiz. «Nik oso garbi ikusi nuen atea irekitzea metafora bat zela, eta metafora hori irudikatu nahi izan dut», esan du Intxaurragak.

Ikuskizunaren «arima»

Ez dago hitz bat bera ere emanaldi osoan, baina, zuzendariarentzat, Unai Zelaiak biolinarekin sortzen duen atmosfera «ikaragarria» da. «Inork ez du faltan sumatuko ahotsa; sortzen diren isiltasunak zoragarriak dira». Erronka bainoago, «plazera» izan da lantaldearentzat testurik gabe aritzea. Intxaurragak uste du batzuetan testuak mugatu egiten duela ikuskizuna, eta, horregatik, askoz gehiago dela gorputzak kontatzen duena, hitzek kontatzen dutena baino.

Astigarragan izango da lehen saioa, eta taldea bertako kultur etxeko aretoan ibili da entseguak egiten aste honetan. Lehen Hezkuntzako laugarren mailako hiru talde joan dira entsegu irekietara, eta haiekin solasaldiak egin dituzte saio bakoitzaren amaieran. Horrela, ikusi ahal izan dute ea ikuskizunak funtzionatzen duen.

«Inork ez du faltan sumatuko ahotsa; antzezlanean sortzen diren isiltasunak zoragarriak dira». AGURTZANE INTXAURRAGAAntzerki zuzendaria

Hasieran kalerako ikuskizun bat izateko sortu bazen ere, sorkuntza prozesuan Fernandezek aretorako egitea proposatu zion Intxaurragari. Maiatz ingururako, kalean egitea aurreikusten dute. «Aretorako bertsioak dituen kontu batzuk ezin dira kaleko bertsioan erabili, kalean haizea, zarata edo bestelakoak egon baitaitezke», esan du zuzendariak.

Emanaldi gehiago dituzte aurreikusiak: Hondarribian (Gipuzkoa) datorren larunbatean, Pasai Donibanen (Gipuzkoa) martxoaren 24an, Andoainen (Gipuzkoa) apirilaren 21ean, eta  Aretxabaletan (Gipuzkoa) maiatzaren 19an. Data gehiagoren berri jakiteko, Hikaren webgunea kontsultatu daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.