Bakardadearen intimotasuna

Jesus Rivero artistaren olio intimoekin 'Presentziak denboran' erakusketa zabaldu dute Iruñeko Ziudadelan

Jesus Rivero artista Iruñeko Ziudadelan, atzean bere lanak dituela. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2014ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
«Ni nahiko bakartia naiz, eta isiltasunaren alde egiten dut». Jesus Rivero artistaren lana bere bizitzaren isla da. Isila, apala eta intimoa. Inguruari behatu, eta hori taula eta mihise gainean olioz margotu. Gakoa naturarekin kontaktuan egotea da, kanpoan behatutakoa lantegian osatzen duen arren. Lan horren bilduma ikus liteke Iruñeko Ziudadelako Mistoen aretoan. Presencias en el tiempo (Presentziak denboran) erakusketak paisaiak, natura hilak eta ikonoak biltzen ditu, eta martxoaren 20ra arte egonen da ikusgai.

«Erakusketa sentikorra da, jendea arazoaz ohartu dadin», esan du Riverok. Artista guzien helburua zerbait konpontzea dela esan du, hori da arazoa. Batzuetan zerbait ona izan daiteke, beste batzuetan txarra. Berak margoaren bidez konpontzen duen arazoa erlaxazioa da, eta gertatutakoa sentitzea: «gizakiagoa izatea», alegia. Horregatik, lana sentikorra eta adierazgarria da, adierazpide horren gainean ikusleak bere interpretazioa egin dezan.

Horren adierazgarri dira Riveroren paisaiak, toki bakartiak dira denak. Gehienak anonimoak. Vistabellako aldapa, Burdinbide kalea eta Zizur Txikia ageri duten koadroetan baizik ez da inguru ezagun bat ikusten. Anonimoak ez direnak, beraz, ez dira ohiko paisaiak, Iruñeko inguruetan aurkitu daitezkeenak baizik, isilak, ez sobera ezagunak, eta sinpleak. Bere margoen kolorea hala da ere: kolore apalak eta irudi soilak. «Margoa oso sotila izatea maite dut, suabea eta eramangarria. Ez dut margo ezerosoa, bizi-bizia eta arrunt oihukatzen duena maite», azaldu du. Isiltasuna baita beraren bizimoduarekin hobekien ezkontzen dena.

Paisaiak egiteko ibilaldi luzeak egiten ditu koadernoa eta argazki kamera eskuan. Han eta hemen ikusitakoak zirriborroetan biltzen ditu askotan, lantegian lantzeko material aski izateko. «Naturak askatasuna ematen dit, sentimenduak sorrarazten dizkit», dio artista nafarrak. «Sentiberatu beharra duzu naturan dagoen espektroa aurkitzeko». Lan horretan sarri alkimista xamarra dela aitortu du. Dena den, bere izaerari egokitutako inguruak biltzen ditu margolanetan.

Riveroren lana ahalegin eta gogoeta sakonaren fruitu da, betiere inguruan duenari hertsiki lotua. Izan ere, ez daki bestelakorik margotzen. «Uki eta ibil dezakedan hori baizik ezin dut margotu, natura dastatu beharra daukat, haztatu beharra daukat», azaldu du. Taula eta mihisean egindako olioak tamaina askotarikoak dira. Horietako batzuk handiak dira. «Tamaina handiko paisaietan egunerokoaren inguruko hausnarketa egiteko beharra dut».

Barnean intimoagoa

Mistoen aretoko beheko solairuak bi gela ditu. Lehenbizikoan ikus daitezkeenak paisaiak dira batik bat, eta barneko gelan lan intimoagoak eta pertsonalagoak bildu ditu artistak. Hala azaldu du berak. Azken bost urteetan sortutako natura hilak eta ikonoak dira gehienbat. Hala ere, Burdinbide kalearen bi ikuspegi ere han paratu ditu.

«Lantokian aske nagoenean eta mundua dastatzen nabilenean sortzen ditut natura hilak», azaldu du. Ikonoak, berriz, beste arrangura batzuen fruitu da: «Ikusten ez dugun arren, hor dagoen ikusezintasuna adierazten laguntzen didate ikonoek». Hainbat Ama Birjina eta sainduren irudiak dira, baina bada salbuespen bat: bere amaren erretratua. Artistak, baina, toki aproposean kokatu duela uste du, bera ere katolikoa zelako.

Ziudadelan Riveroren bakarkako erakusketa antolatu duten lehenbiziko aldia da oraingoa. Erakusketan ikusgai diren 30 olioak hondarreko bost urteetan sortu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.