«Zentzuduna» dela dio Sarak behin eta berriz, baina izatez, pertsona kalkulatzailea da. Senarrarekin ongi ez dagoela eta, etxe berri bat erosiko du hiri bateko erdigunean, eta, harremana hobetu ezean, urte batzuk barru hara bizitzera joateko erabakia hartuta dauka. Etxebizitzen egungo prezioak ikusirik, merke erosi du 100 metro karratu dituen pisua, baina badu «enbarazu bat», paretik kentzeko zaila den «enbarazua», hain zuzen ere: Lola, osasun arazoak dituen 70 urteko emakume eta guzti erosi du pisua Sarak. Gauzak ez zaizkio pentsatu bezalaxe aterako Sarari, Lolari bere garaian atera ez zitzaizkion bezala, eta Rikardori ateratzen ez zaizkion moduan. Bakarrik sentitzen dira hirurak, eta hasieran zeukaten harreman lehor eta hotza, epelduz joango da denborarekin. Ana Elordik, Iñake Irastorzak eta Ramon Agirrek interpretatuko dituzte 100m. karratu laneko protagonistak. Begoña Bilbao zuzendaria eta Txalo antzerki ekoizpen etxeko lagunak egunotan ari dira antzezlanari azken ukituak ematen Hernaniko Biteri Kultur Etxean. Abuztuaren 14an estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean. Bihar, entsegu orokorra egingo dute, Biterin, publikoarentzat sarrera zabalik dutela.
Gertaera erreal batean dago oinarritua 100m karratu. «Juan Carlos Rubiok, antzerki obraren idazleak, benetan irakurri zuen etxebizitza apopilo eta guzti saltzen zutela zioen iragarkia. Agentziakoari deitu egin zion iragarkia benetan hala zen edo ez baieztatzeko. Antzerkian irudikatzen dugun bezala, hiri handi bateko erdigunean zegoen etxebizitza hura ere, eta apopiloa —85 urteko emakumezko bat— izategatik askoz ere merkeagoa zen prezioa». Aitziber Garmendiak egin du testuaren itzulpena.
Galderen sorburu
Bilbaok adierazi du ikuslea bizitzari buruz hausnartzera eramaten duela antzerkiak. «Teoriak dioena bete, eta zaharrena hil egingo da? Bietako nor hilko da lehenago? Gazteena hiltzen bada,zer pasatuko da? Galderak sortzen dituen egoera bat da, eta horiek antzerkiko elementu bihurtu ditugu». Horregatik, behin baino gehiagotan aipatzen dute heriotza hitza.
Lolak maiz esaten du: «Horixe da seguru daukagun egia bakarra», edo «heriotza dagoeneko aurrean, atzean edo aldamenean izaten dut». Aspaldian ikasi zuen Lolak garaian garaikoa bizi behar dela, eta horretan dihardu. Horregatik, ez die jaramon handirik egiten medikuaren aholkuei. «Ez dakit zenbat biziko naizen, baina bai nola». Sara, berriz, haren aldean bestelakoa da. Minutuz minutu kalkulatuta dauka bere bizitza, bai egunean egunekoa, baita etorkizunekoa ere. Horregatik, eta biek duten izaera gogorragatik, behin baino gehiagotan aritzen dira eztabaidan aktoreak. Hiruretan desberdinena Rikardo da, oraindik lanpostu finkorik ez daukan gizona, baina ameslaria. «Nik ezin dut biharkoan pentsatu», dio antzezlanean. Bizitza bizitzeko moduak.«Istorioak badu mezu bat, eta, alde horretatik,mami askokoa da», gaineratu du Bilbaok. Denetarik dauka: alde komikoa eta alde dramatikoa, eta bi alde horiek elkarri ongi egokituta daudela zehaztu du. Momentu dramatikoen pisua arintzeko dago Rikardo. «Inon bat ez datorren pertsonaia da izatez, baina beste bien lana ilustratzen du; ukitu komikoa eransten dio», Agirreren ustez. Komediako pertsonaia «tipikoa» interpretatzen duela dio, «ofizio askoan aritua, baina inon gelditzen ez dena, baina xinpatikoa egiten zaiona jendeari».
Gaurkotasun handiko lana dela uste du Agirrek: «Urbanoa da oso, eta pertsonaia guztiek dute bakardadearen gaitza; gaur egungo gizartean, oso ohikoa da». Elordiri, horregatik, antzezlanak «lezio bat» ematen duela iruditzen zaio. «Dena edo gauza asko nahi ditugu. Nahi dugu etxea, lana eta beste hainbat gauza; baina, sarritan, ez dakigu zenbateko abiadura daramagun, eta presa horrek ez digu pentsatzen ere uzten». Adin desberdinekoak dira 100m karratu-ko protagonistak, eta horri garrantzi berezia eman dio: «Haurrek, helduek eta zaharrek erritmo desberdina dute. Adinekoak, hala ere, kontuan hartu beharko genituzke, ezagutu ere egiten ez ditugulako sarri». Horrelako egoerak azaltzeko aukera ematen du antzerkiak, Elordiren ustez.
Antzezlana hiru aktorek taularatuko dutenez, testu asko barneratu behar izan dute. Elordi, gainera, Hiru antzezlanaren biran dago bete-betean. Han jorratzen duen pertsonaiarengandik asko aldentzen den rola da Sararena. Erronka gisa hartu du horregatik. «Nire pertsonaia oso neurtua eta serioa da, eta niri kostatu egiten zait horrelako rolak interpretatzea».
Ingurukoei begira
Irastorzari ez dio zailtasun handirik sortu Lolaren rola ikasteak, aurretik ere adineko emakumeen rola jokatu izan duelako. Hori bai, horiek oraingoa baino gaztexeagoak zirela zehaztu du. «Orduan jokatutakoek oraingoari itzalik egin ez ziezaion ahalegindu naiz, bereziki». Energia handiko pertsonaia da Lola, gorputza horretarako landu duela adierazi du Irastorzak. Pertsonaiaren ezaugarriak ikasteko ingurura begiratzeko ohitura du, beste aktore askok egiten duten moduan. «Besteak ez dira ohartzen, baina nik erreparatzen diet hainbat adinekoren keinuei eta».
Irastorza eta Elordi dagoeneko publikoaren erantzuna jasotzeko gogoz daude. «Entzun nahi dut jendea barrez, edo ikusi haien begitarte serioa», dio Elordik.
Bakardadeak biltzen ditu
Iñake Irastorza, Ana Elordi eta Ramon Agirre aktoreek '100m karratu' estreinatuko dute ostegunean Donostiako Antzoki Zaharrean; komedia eta drama uztartzen ditu obrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu