Christine McVie Fleetwood Mac taldeko teklatu jotzaile eta abeslaria herenegun hil zen, 79 urte zituela. Taldean lagun izan zituen kideek ohar baten bitartez agurtu zuten musikaria: «Bakana eta berezia zen, eta neurriz kanpoko talentua zuen. Talde batean edonork izan lezakeen musikari onena izan zen, eta baita bizitzan izan litekeen adiskiderik onena ere».
Anne Christine Perfect 1970eko hamarkadaren hasieran sartu zen Fleetwood Macen, eta John McVie baxu jotzailearekin ezkondu zenean aldatu zuen izena. Blues taldea izatetik zetorren Fleetwood Mac, baina lehendabizi Christine McVie eta ondoren Stevie Nicks nahiz Lindsey Buckingham bandan sartu zirenean, haren soinua erabat aldatu zen, eta pop eta rock melodikora jo zuen bete-betean. Garai horretakoak dira Rumours (1977) —historian gehien saldutako diskoetako bat da oraindik—, Tusk (1979), Mirage (1982) eta Tango in The Night (1987).
HILBERRIA. Christine McVie
Bakana eta berezia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu