Fermin Irigarai Larreko aitona eta Aingeru Irigarai Apat-Etxebarne aita bezala, ofizioz mediku izandakoa eta idazlea da Jose Angel Irigarai (Iruñea, 1942). 1990ean utzi zuen osasun arloa, Bilboko Kafe Antzokiko ardura hartzeko, baina ordurako jada luzea zuen euskal kulturgintza garaikidearen historian utzitako lorratza: 1970eko hamarkadan hasi zen lehen lanak argitaratzen; Ez Dok Amairun aritu zen, eta haren zenbait poemak, tartean Bizkaia Maite eta Oi Zuberoa!, arrakasta handia lortu dute Benito Lertxundik musikatuta; Ohorezko euskaltzaina da, baita Pamiela argitaletxeko, Aranzadi zientzia elkarteko eta Oteiza fundazioko kide ere. Azkenaldi honetan poema ugari idatzi ditu, baita saiakera bat edo beste ere, artean plazaratu gabeak diren arren. Argitara eman berri duen liburuan —Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz—, hizkuntza gaitasunaren garapena eta historia hartu ditu hizpide, eta arreta berezia eskaini die ahozkotasunari eta bertsolaritzari.
Harrigarria da zenbat kontu sartu dituzun halako liburu txikian. Apropos egin al duzu liburua horren motz eta trinko?
Hasi nintzenean ez nuen uste halako gaiari lotuko nintzaionik, gutxiago idatzi-eta liburu bilakatuko zenik. Ahozkotasunetik idatzizkorako garapena beti iruditu zait baitezpadako urratsa gizateriaren historian, eta nire baitarako hasi nintzen neukan ezagutza apala sakondu eta zehaztu beharrez. Sustatu ninduen pindarra izan zen Ur zibilizazioko oholtxo batzuetan «a» hizkiaren ordezko izan zitekeenaren piktograma aurkitzea: Hathor jainkosaren izenean, hain zuzen. Hortik aitzina, ezarian-ezarian gainerakoak; horiek osatzen omen dute munduko alfabeto mota ororen matrizea. Hizkien forma aldatuz eta egokituz joan zen, feniziarrengandik erromatarren latineraino grekoen barna. Mugarri anitz dituen bidea izaki, liburua haien bilduma harilkatu bat da. Niretzat bidaia zirraragarri bat izan da, Ikasbide eta osabide bat, holako bidaiek laguntzen baitute hobeki kokatzen giza eboluzioaren sokan, baita orokorrean ezagutzen dugun heineko errealitatean ere, hain zuzen besterengarri eta arriskutsu diren ipuin-fantasietatik at. Ez dira, beraz, behialako aurkikuntza fosilak, gure genoman txertaturik bizirik dirautenak baizik. Hondarrean, bilduma aski nahas-mahas gelditu bazen ere, argitaragarria izan zitekeela iruditu zitzaidan.
«Niretzat bidaia zirraragarri bat izan da, ikasbide eta osabide bat, holako bidaiek laguntzen baitute hobeki kokatzen giza eboluzioaren sokan, baita orokorrean ezagutzen dugun heineko errealitatean ere»
Gizateriaren sokan jarri zaituela diozu. Zer eman dizu horrek?
Alde batetik, errealitatean kokatu eta osatuago egotearen sentipen osasungarria; nahiz gisa berean kezka existentziala ere elikatzen duen, zenbat eta kontzienteagoa izan orduan eta handiagoa baita hura. Guztiarekin ere, iruditzen zait hori dela bidea: ezagutzen dugunarekiko koherentzia arrazionala mundu emozionalarekin osatua. Bata ala bestea bainoago, beraz, bata eta bestea. Nire ustez, baitezpadakoa baita onartzea oldar mundua (kaosa) eta arrazoia (ordena) garela memento berean, osasunaren gakoetarik bat, doikabe, pertsonal eta kolektibo mailan. Ibilbide horretan sokabegi sentitzea akuilu bizigarria da.
Hizkuntzaren jatorriari berari erreparatu diozu, euskararen kezkatik abiatuta? Ala askoz ere sakonagoa zen zure kezka?
Mundua norberaren mundutik ezagutzen eta garatzen da, mundu guztiak munduan baitaude, eta alderantziz; denok gara «munduko hiritar». Izan ere, norberaren mundua beste mundu askorekiko elkar elikatze etengabean osatzen da, mailak eta sakontasunak desberdinak badira ere. Gurea bezalako egoeretan ez dakizu xuxen zure hitz-hizkuntza-kulturarekiko kezkak noraino eramaten zaituen, baina hizkuntza-kulturekiko sentsibilitatearen eskutik hurbil sentitzen dituzu diglosiazko pairamenean bizi direnak, menpeko eta bazterturikoak…
Horri loturik, modu agerikoan edo ezkutuan, aski jakina da sormen bideari lotzearen oinarrian, goi asmoetan txertaturik norberaren gabeziak, galderak eta kezkak daudela, eta horiek bultzaturik saiatzen zarela haiek hitz bilakatzen eta hitzak mugarri zure mentura gorabeheratsuan. Plazaratutakoan, baina, urrats sendagarria erdietsi izanaren ilusioa itzaliz doa eta, aski segidan, berriz ere berpizten zaizu sortu beharraren harra… edo patua. Niri behintzat horrela gertatzen zait, ez erabat arrazionalki, gutiago mekaniko, baina eskarmentuz jakitun.
Horregatik, poesia da sentipen-hitz-mugarri horrekin zuzenen loturik sentitzen dudana, narratiban edo saiakeran, nahitaez, aurrekoarekin batera arrazional osagaia beharrezkoagoa baita.
«Aski jakina da sormen bideari lotzearen oinarrian, goi asmoetan txertaturik norberaren gabeziak, galderak eta kezkak daudela, eta horiek bultzaturik saiatzen zarela haiek hitz bilakatzen eta hitzak mugarri zure mentura gorabeheratsuan»
Hizkuntzak funtsezko mugarria izan dira gizateriaren historian. Nola sortu ote dira?
Nola garatu ote zen da kontua. Baina «hitz» egiteko sorrera-garapena haurrengan gertatzen den gisara izan zitekeelakoan daude aditu anitz, ontogenia gertatu zatekeenaren antzerako bidea baita, milaka urtean garatua bata, hilabete-urte gutian bestea. Eta hor, beste zenbait teoriaren artean [Noam] Chomskyren gramatika generatiboa dateke erreferentea, haurrengan gertatzen dena lekuko: milaka urtetako eboluzioaren poderioz, gizakiok lengoaia garatzeko gaitasunarekin sortzen gara; ondotik, oinarrizko arau unibertsalak gehi hizkuntza bakoitzarenak lagun, haurrak, zezelka hasi ondoren, inguruan hitz egiten denaren araberako lehen eleak ahoskatzen eta ikasten ditu, ondotik haiei eransten berriak, aditzak txertatzen... Eta hor azpimarratu beharra dago haurrak hizkuntza sortzen, erabiltzen eta garatzen duela komunitate batean dagoelako. Hitz-hizkuntzek, beraz, berezkoa dute sozial izari eta izaera, behiala eta orain. Hortik [Ferdinand] Saussurek dioena, hizkuntza dela lehen erakunde unibertsala, sozietate-herri bakoitzean, bistan da. Eta ez bada, seinale beste batek okupatzen duela hura.
Hitzaren eta txorien txioen arteko loturaz ere badiharduzu liburuan.
Hitzaren sorrerarekin eta garapenarekin loturan, biziki interesgarriak dira aspaldi honetan animalietan egiten ari diren ikerketak eta aurkikuntzak. Liburuan txoriena aipatzen dut, baina beste zenbait animaliatan ere badihardute, baleak, fokak, otso eta zakurrak… Xinta, kantu, komunikazio soinuak edota hitza sortzeko eta garatzeko ahalbidetzen dituzten gen batzuk konpartitzen omen ditugu eta. Eta izaki monozelularretan ere aurkitu dute erritmo errepikatu bat, hots, musikaren oinarria. Niri aurkikuntza izugarria iruditzen zait hitza eta musika nolabaiteko lotura sakonean egotea, eta, beraz, hitzarekin batera hizkuntzak. Pentsa zer-nolako ondorioak izan ditzakeen aurkikuntzak musika-kantuan, literaturan, sormen lanetan, osasunean, hezkuntzan…
«Niri aurkikuntza izugarria iruditzen zait hitza eta musika nolabaiteko lotura sakonean egotea. Pentsa zer-nolako ondorioak izan ditzakeen aurkikuntzak musika-kantuan, literaturan, sormen lanetan, osasunean, hezkuntzan…»
Bertsolaritzari atal oso bat eskaini diozu, eta, besteak beste, Jorge Oteiza duzu hizpide.
Oteizaren eragina funtsezkoa izan zen 60ko hamarkadan, sormen garaikidea sustatuz, ostertz berriak zabalduz, herri kultura aintzat hartuz, konplexuak uxatuz eta motibatuz… Eta hori dena arlo askotan, arte plastikoetan, antzerkian, zineman, pentsalari gisan eta bertsolaritzan.
Izan ere, bertsolaritza ahozko kultur jardun berezia da, aspaldidanik bizirik dagoena, etenik gabe. Bertsozale Elkartea hasi zen bide berriak jorratzen, asmatuz, gainera, jakin baitzuen egokitzen eta gaurkotzen, bere burua saldu gabe; gaur egun dirauena garapenezko bide berrietan barna. Erran gabe doa, eraldatze eta prozesu guztietan gertatzen den bezala, osagai batzuk galduz eta beste batzuk irabaziz, erronka berriei buru egin beharreko kinkan. Ahozkotasunaren zuzeneko hitzen jolas sortzaile izaki, ezaugarri berezitzat daukat subkontziente kolektiboan duen eragina, batez ere une eta saio berezietan, kronikari-notarioaren antzeko funtzioa, alegia. Agian Greziako aedo edota Afrikako eta XVI-XVII. mendeetako Europako plaza poeten antzera. Menturaz horrela interpreta daitezke Milia Lasturko, Bereterretxeren kanthoria, Berdabioko bertsoak eta beste hainbat. Antton Lukuk ere badu horren ildotik doakeen ikuspegia, libertimenduan bertsolarien jardunaz mintzo denean Libertitzeaz liburuan.
Testuinguru horretan, gizartearen etengabeko osaketan errituek eta ospakizun sinbolikoek, hala nola jaiak, libertimenduak edo maskaradak dauzkaten lotura eta eraginaz ari naiz liburuan, muntazko gaia iruditzen baitzait.
Idatzizkoari begira, intertestualitateari eta plagioari atal bat eskaini diezu.
Bai, literaturan dagoen errealitatea baita, eta ez bakarrik literaturan, gauza bera musikan, kantagintzan… Mendetan garatu den sorkuntzen amarauna hain da eraginkor, non sorkuntzak oro alimaleko ondare bizi horren herentzian ontzen diren, guti edo asko, zuzen edo zeharka, baina nekez erabateko ex novo izan daitekeen eran. Baina hori ez da baldintza murriztaile, ez arazo, era berean aipatutakoa bezain egia baita sorkuntza bakoitza berria dela, hizkuntza, garaia, tonua eta bestelako osagaiak tarteko. Intertestualitateak, besteak beste, loturan kokatzen gaitu sortu eta ondu diren ezin konta ahala sorkuntzekin; hots, berriz ere, garatu diren liburu, musika, kantu guztien soka luzean, jarraitutasun bizian, ez baita guti.
Kurioski, zientzialarien artean ez da hainbeste nabari egiletzaren kezka. Eta ahozkotasunean zer erranik ez, gutiz gehienetan sorkuntzak «herri kantu/poesia» gisa ezagutzen baitira.
«Intertestualitateak, besteak beste, loturan kokatzen gaitu sortu eta ondu diren ezin konta ahala sorkuntzekin; hots, berriz ere, garatu diren liburu, musika, kantu guztien soka luzean, jarraitutasun bizian, ez baita guti»
Liburua duela lau urte idatzi zenuen. Zertan ari zara orain?
Alde batetik poema dexente idatzi dut ibili ezinik nagoen aspaldi honetan [oin batean min du]. Nire egoeragatik izan daiteke, baina aurrekoen aldean desberdinak dira. Ez dakit noiz, baina garbira pasatu eta taxutu nahiko nituzke. Bestalde, baditut hiruzpalau lan —saiakera gisakoak— aspaldi bururatuak. Bakarrik errepaso bat ematea faltako litzateke. Eta horretarako ere denbora beharko dut.
Zein izango litzateke, beraz, hurrengo liburua?
Egia erran, ez dakit. Aipatutako lanak ganbaran neuzkan arren, noiz edo noiz helduko nielakoan, bat-batean ahozkoaren eta idatzizkoaren arteko xehetasun interesgarri batek eraginik, gaian murgilduz eta ordu piloa sartuz, inoiz pentsatzen ez nuen liburua ontzeari lotu nintzaion; horrelako dispertsoa naiz eta. Horregatik, ez dakit zeini helduko diodan, ez noiz ere. Bizitzaren arazo eta gertakizunek kezkatzen nauten bezainbat harreman sozialak, aisialdiak, naturak ere erakartzen bainaute, idazte diziplinatutik desbideratzen. Dena den, bestelakoa da orain daukadan erronka: oineko arazoa sendatzea, ibiltzea... bizitzea.