'EZIN EZETZ ESAN'
Idazlea: Mariasun Landa. Ilustratzailea: Andrea Prosper. Argitaletxea: Erein.
«Fabula bat idatzi nuen, eta garbi neukan zergatik» esan berri du Mariasun Landak aurkezpen bideoan, gogora ekarriz 1992an ipuina sortzeko izan zuen motibazioa.
Jarraian aipatuko ditugu aldaketak, izenburutik hasita.
Izan ere, testu hau berreskuratutako lana baita, orrazketa baten gorabeheran bere horretan eskainia. Garai hartan Potx izenburuarekin plazaratu baitzen, Elkar argitaletxearen Perkax sail mitikoan.
Berreskuratutako testu batekin guraizeak eta brotxak astintzeko gogoa zenbatekoa den jakinda, errespetu handiz egin da eguneraketa, jatorrizko testuari lehentasuna ematez. Lexikoa eta ortografia eguneratu dira, eta esaldiren batean aditza aurreratu da, kito.
Mamiari dagokionez, ipuin honen gaia argitu ezinezkoa da istorioa zapuztu gabe. Lasai adieraz daiteke, ordea, fabula generoaren ezaugarri nagusietakoak konkrezioa eta arintasuna izanagatik ere, haria mardultzen duten pasarte ugari topatuko ditugula, —Mara-Mara eta Samuelsonen lorategiko topaketa kasu—, erritmoari galga jarri gabe, gai transzendentalak joritasunez txertatzen dituztenak.
Ospa dezagun ber-irakurtzen.