Kultur azpiegiturak

Baionako Bonnat Helleu museoan ikusgai izanen dira Goya, Da Vinci, Michelangelo eta Rafaelen obrak

Hamabortz urteko obren ondotik, azaroan irekiko dute berriz arte zentroa. Parisko Louvrerekin duen lankidetzaren karietara, Leon Bonnat baionarrak garaian bildu obretatik 2.500 inguru ere ikusgai jarriko dituzte azarotik goiti.

Bonnat Helleu museoko prentsaurrekoa, Laurence Des Cars Louvre museoko presidentearekin, martxoaren 26an. GUILLAUME FAUVEAU
Bonnat Helleu museoko prentsaurrekoa, Laurence Des Cars Louvre museoko presidentearekin, martxoaren 26an. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Baiona
2025eko martxoaren 26a
19:41
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamabortz urte obretan pasatu ondotik, azaroan zabalduko dute berriro Baionako Bonnat Helleu museoa. Eta irekierari buruzko zenbait zertzelada eman dituzte gaur, Baionan, Laurence Des Cars Parisko Louvre museoko presidenteak, Barthelemy Etxegoien Bonnat Helleu museoko zuzendariak eta Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak. Des Carsek erran du bilduma partekatu batzuk izanen dituztela Louvre eta Bonnat Helleu museoek. Goyaren obrak izanen dira horien artean, Da Vinciren batzuk ere bai, baita Michelangeloren eta Rafaelen marrazkiak ere. Eta horiek guztiak azarotik goiti Baionan ikusgai izanen direla iragarri du. Europako marrazki bilduma «ederrenetarik bat» Bonnat Helleun izanen dela ere segurtatu du, xehetasun gehiagorik eman nahi gabe.

Bi zentroen arte bildumak partekatzeko beharraz aritu da Des Cars, eta erran du irekieraren ondotik beste obra batzuk ere ikusgai izanen direla Baionan: Louvre museoarentzat Leon Bonnat baionarrak garaian bildu obretatik 2.500 inguru, hain zuzen ere. Dagoeneko Bonnat Helleuren biltegietan direla ere azaldu du.

Hain zuzen, Baionako eta Parisko museoek lankidetza abiatu zuten orain bi urte, eta horren karietara bildu dira gaurko aurkezpenean arduradunak.

2023ko azaroan egin zuten bi museoek elkarlanerako hitzarmena, bost urterako. Eta Des Carsek erran du bi erakundeen arteko harremana «naturala» izan dela ordutik. Halaber, gehitu du, hamabortz urteko lanen ondotik, Bonnat Helleu ezagutu ez duen belaunaldi batek museo «ikaragarri» bat ezagutuko duela azaroan. Etxegoienek, bere aldetik, baieztatu du berritze lan «garrantzitsuak» egiten ari direla Baionako museoan, eta 5.000 metro karratu izanen dituela orotara.

Eremu horretan behin-behineko eta behin betiko erakusketak izanen direla ere iragarri du Bonnat Helleu museoko zuzendariak. Obren bisita eginez esplikatu du «poz handia» duela Baionan eta Euskal Herrian «oihartzuna» izanen duen museo bat zuzentzeagatik. Leku bizi bat hedatu nahi du: kafetegi eta liburutegi bat izanen ditu museoak, jendea goxoki egon dadin, haren erranetan.

Baionako Herriko Etxearen izenean mintzatu da Etxegarai, eta kontatu du, obrek «beranta» hartu duten arren, hiriarentzat erabaki «garrantzitsua» izan dela museo berritzea. Berantaren zergatiari buruz, deitoratu du burdinaren eta egurraren prezioen igateak eragin zuela obrak gelditzea. Louvreko buru Des Carsekin batera galdegin zuten «diru laguntza gehigarri bati esker» ari dira obrak bukatzen. Gastu orokorraz galdeturik, 35 milioi eurokoa izan dela erran du. Zehaztu du Frantziako Estatuari esker lortu zutela museoaren berritze lanen %60 diruztatzea.

Bertzalde, Bonnat Helleu museoaz «harro» dagoela ere erran du Des Carsek. «Kulturaren aldeko desafioa» biziki garrantzitsua dela nabarmendu, eta salatu du geroz eta zailagoa dela horren alde egitea. «Kulturaren aldeko parioa da Bonnat Helleu museoa. Ez da erraza izaten museo baten aldeko apustua egitea ikusirik bertze leku batzuetan direla lehentasunak gaur egun».

«Kulturaren aldeko parioa da Bonnat Helleu museoa. Ez da erraza izaten museo baten aldeko apustua egitea ikusirik bertze leku batzuetan direla lehentasunak gaur egun»LAURENCE DES CARSLouvre museoko presidentea

Europako museoa

Azaroko irekierari begira ez ezik, «aitzina begira» dagoen museoa dela ere erran du Des Carsek. «Abentura ez da geldituko azaroko irekieran. Luzera begirako desafioa du museoak, Louvre museoak 1793an izan zuen bezalaxe». Horren harira, gehitu du Louvre ez dela bakarrik Parisko museo bat. Haren erranetan, Bonnat Helleu museoa da Louvreko obren biltegi «nagusia», Parisko museoaren ondotik betiere.

Bonnat Helleu museoak ez du bakarrik Baiona eta Ipar Euskal Herrira mugatu nahi, Etxegoienen arabera. Bilboko Guggenheim museoarekin lankidetza bat hasiko dutela zehaztu du, eta, horrez gain, «turismo kulturala» bultzatzeko, Europako bertze museo batzuekin ere elkarlanean hasi nahi dutela iragarri du museoko zuzendariak. Des Carsek gaineratu du ez dituztela «sorpresa guziak» erranen, baina azpimarratu du segur dela Bonnat Helleu museoak «sekulako arrakasta» izanen duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.