«Bonaparte printzeak itxura batera gizon eskuzabala dela ematen du, onbera; hainbesteraino, euskararentzat gizon probidentzial ere bihurtu zela», kontatu du Kepa Altonagak (Loiu, Bizkaia, 1958). Idazlearen ustez, eskertu beharrekoa da printzea euskarara hurbildu izana, baina enfasiari neurria hartu behar zaio. «Zergatik? Badaudelako argi-itzalak, gure inteligentsiak ikusi ez dituenak, ez oraingoak ez ordukoak». Halaber, uste du ohikoa izan dela Duvoisin kapitaina heroi handia balitz bezala aurkeztea, Biblia osoa itzuli zuelako lapurterara. «Duvoisin ez zen itzultzaile handi bat: izan zen literato frustratu bat. Zergatik? Printzearen kaiolan zarratuta egon zelako». Betiko zenbait analisi zalantzan jarri nahi izan ditu Altonagak Duvoisin kapitainaren malura (Pamiela) saiakeraren bidez.
Aurkezpen ekitaldian kontatu duenez, aspalditik zeukan begiz jota Duvoisin kapitaina, Aita Villasanteren Historia de la literatura vasca-n agertzen zen laikoetako bakarra zelako, Jean Etxepare medikuarekin batera. «Eta Duvoisinen izena beti agertzen da Bonaparte printzeari kateaturik; ematen du ekidin ezinezkoa dela haren parean joatea, lasta moduan ere bai». Elkarri bidalitako eskutitzak arakatu ditu Altonagak, eta tentsioak, sokatirak, desadostasunak eta asimetriak ikusi ditu. «Uste denaz kontrara, sokatira gogorra gertatu zen Bonaparte printzearen eta Duvoisin kapitainaren artean».
Altonagak ondorioztatu duenez, itzultzaileak argi ikusten zuen, euskarari proiekzio kulturalik txertatzekotan, ezinbestekoa zela prosa supradialektala. Printzeak, ordea, orratzez entomologikoki ezarri nahi zuen aniztasun dialektala; «fixatu nahi du bilduma hildako batean». Eskutitzetako batean, Bonapartek esplizituki dio euskara ez litzatekeela atera behar filologo eta hizkuntzalarien alorretik, linguistikoa baita haren merezimendu nagusia, beste ezeren gainetik. Areago dena, ez du behar bestelako merezimendurik. Greziera, latina, italiera, espainiera, frantsesa, ingelesa eta alemana apalagoak izan arren ikuspegi linguistikotik, alde literariotik beti gailenduko zaizkio euskarari, haren hitzetan. «Nik hemen ikusten dudana da printzeak ez duela euskararen inolako proiekzio kulturalik nahi, eta, horrekin batera, argi eta garbi, subordinazio kulturala, soziala, ekonomikoa eta politikoa aipatzen ari da inplizituki euskararentzat».
Duvoisinek, berriz, literatura egin nahi zuen euskaraz. «Dialektologia alor bat da, eta literatura beste gauza bat. Zer gertatzen da? Nire begietarako behintzat, printzearen xarma eta distira horrek itsututa eduki gaituela eta gauzkala oraindik». Altonagaren esanetan, sokatira berberean aritu behar izan zuten printzearen gainerako korrespontsalek ere, hala nola Klaudio Otaegik, Johane Arxuk eta Uriarte frantziskotarrak. Haiei buruz ere kapitulu bana dago Duvoisin kapitainaren malura saiakeran.
Zer eta norentzat idatzi behar duen ez ezik, «zelan idatzi» ere oso aintzat hartzen duela kontatu du idazleak, eta, ildo horretatik, oztopo bat aipatu du: «Ez daukagu euskara praktikablerik». Proiekzio kulturala lortzeko eta mendekotasun kulturala gainditzeko, Altonagak derrigorrezko ikusten du «euskara aberastu bat, etorki anitzetako ekaiez osatua eta euskara batuaren orubean eraikia».
Mende erdia bete da aurten euskara batua sortu zenetik. «Kapituluz kapitulu erakutsi nahi izan dut euskarazko prosa eraikiz joan garela. Arantzazuko jaiotza hartatik 50 urtera, nik ez dut presagio onik ikusten; frakaso kolektiboaren zantzu garbiak ikusten ditut». Gaineratu du, askotan entzun arren, gezurra dela euskara batuan idazten hasi aurretik dialektoan egiten zela. «Batua baino lehen, ezer nahi bagenuen maila kultural minimo batekoa, idazkera supradialektala zen argi eta garbi.Gaur egun ere hainbesteko tema egotea dialektoarekin... Gainera ez da dialektoa, sukalkia da. Gaur egun dialekto fundamentuzkorik inork ez zuen egingo ez bada adin batetik gorako pertsonek».
Idazkera «atsegina»
Joan den astean jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak Altonagarentzat izango dela saiakera arloko aurtengo Euskadi saria, Patagoniara Hazparnen barrena lanagatik. Erabilitako hizkuntza «arina» goraipatu zion epaimahaiak, eta Duvoisin kapitainaren malura-n ere horixe bera azpimarratu du Jose Angel Irigarai Pamielako editoreak. «Saiakerak eskatzen du ikerketa, bibliografia jorratzea, ondo sendotzea jorratu nahi duzun gaiaren inguruan. Eta, horrez gain, modu atsegin batean idaztea, harrapatzen zaituen modu batean. Hori da, beharbada, Altonagaren dohaina, berak biak betetzen baititu, bai ikerketarena, bai idazkuntzarena».
Estilo aldetik Patagoniara Hazparnen barrena-ren antzekoa dela gaineratu du. «Saiakera mamitsu eta interesgarria da, jende gehienak esperoko ez lukeena». Zientzia mailan dibulgatzaile gorenetakoa izateaz gain —biologoa eta unibertsitateko irakasle ere bada Altonaga—, azkenaldian hizkuntzaren eta kulturaren gainean egindako lauzpabost lanetan Altonagak «sekulako bitxiak» utzi dituela uste du Irigaraik.
'Baina' bana Duvoisini eta Bonaparteri
Kepa Altonagak Bonaparte printzearen eta Duvoisin kapitainaren arteko tentsioak azaleratu ditu 'Duvoisin kapitainaren malura' saiakeran. Bien arteko eskutitzak ikertu ditu idazleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu