Baikortasun tanta bat elurtearen erdian

'Egunsenti berri baten bila' izeneko bigarren diskoa kaleratu du Zain taldeak, berriz ere pop-rocka oinarri hartuta

Berrizko Zain taldeko lau kideak, atzo Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Guztiz elurtutako paisaia baten erdian irudikatu dute beren burua Zain taldeko kideek. Desertu zuri bat da kaleratu berri duten bigarren diskoaren azaleko irudia. Inguru latz bat. Eta baita hura menperatzeko premiaere. Baikorra baita lanaren mezu nagusia. Horregatik dago Berrizko laukotea hotzaren erdian furgoneta baten babesean, eta elkarri adar-joka eta irribarretsu, diskoko beste argazki batean. Osagarriak dira bi irudiak. Unai Uribe abeslariak azaltzen du zergatik: «Inguruan dagoen elurtetik bakartu xamar bageunde bezala ageri gara, gure errepide propioa egiteko prest eta datorrena datorrela aurrera jarraitzeko asmoz». Espiritu horrek gidatu ditu Egunsenti berri baten bila sortzeko (Baga Biga).

Azalaren zuritasuna gorabehera, bero-bero da diskoa oraindik. Martxoan sartu zen laukotea Lorentzo Records estudioan, eta apirilean amaitu zituzten nahasketa lanak. Orain hiru urte grabatutako XXI. mendeko piratak lana grabatzen aritu baino erosoago aritu direla diote musikariek. «Orduan ikasitakoa baliatu dugu oraingoan, eta kantak askoz ere landuago eraman ditugu estudiora». Gitarrei eta hitzei aurreko lanean baino garrantzi handiagoa eman dietela ere aitortu du Uribek, eta horrek bultzatu dituela aurrera egitera. Punk-rocka dela oraindik egiten dutena, baina egindako lanak ekarri dituela emaitzak. Talde helduagoa direla, eta diskoa ere helduagoa dela.

Taldean egiten dute lan hasieratik, eta orain ere hala jarraitzen dutela dio abeslariak. Bilaketa lan baten erakusgarri ere badirela diskoa osatzen duten hamaika kantak. «Entzulearentzako eta, batez ere, guretzako kantuekin 'autolaguntza' moduko ariketa bat egitea izan da helburua. Etorkizunean, norberaren errepide horretan, hanka kanpoan jartzen dugun bakoitzean, kantu batek edo besteak emango digun indarra edo aholkua». Baikorrak dira horregatik abestirik gehienak. Paisaiarik hotzenean ere, berotasun apur bat aurki daitekeela adierazi nahiko balute bezala.

Punk-rockaren ñabardurak

Hori da diskoari izena ematen dion kantuaren kasua. Agerikoa da taldekideen optimismoa, baita lehen hitzetik hasita ere. «Egunsenti berri baten bila nabil / ezintasunetik ihesi./ Errealitate gordina sumatu arren, / zutunik irauten, hitzekin orrazten». Baina ez da hori kasu bakarra. Konstante bat da baikortasun tanta hori kanta guztietan. Diskoko kanta azkarretan zein bareetan.

Punk rocka da nagusi guztietan, baina kantarik kanta badira ñabardurak. Punk-rock ereserki argia da, esaterako, Hegaldi askean, rock kutsu nabarmena du Errepidean abestiaren ahotsak, eta lasaiagoak dira Gaua geldituz eta Harri gainean izeneko piezak. Diskoko lasaienak. Eta bada elementu komunik ere. Bat nagusiki: garrantzi handia eman diote melodiari. Izan ere, Uriberena da taldearen ahots nagusia, baina ez da bakarra. Beste hiru kideek ere laguntzen dute koroekin, eta etengabeak dira, horregatik, melodia jolasak.

Bi kolaborazio ere badituzte diskoan: Governors taldeko Juan Sangrerena Goitibeheran abestian, eta Mikel Keixetarena Moden korronte iluna kantuan.

Ekainaren 1ean, diskoaren aurkezpen kontzertua egingo dute taldeko kideek, Durangoko Plateruena aretoan, Cohen eta Eskean Kristo taldeekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.