Bahiketa fikzionatua

Bere burua interpretatu du Michel Houellebecq idazleak 'L'enlèvement de Michel Houellebecq'-en.Gaur estreinatuko dute Euskal Herrian

Michel Houellebecq bahitzen duteneko unea, dokumentalean.
2014ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Literaturatik zinemara eginez, aktore lanetan aritu da Michel Houellebeqc idazlea (Saint Pierre, Reunion, Frantzia, 1958) gaurtik aurrera Euskal Herriko zinema aretoetan ikusi ahal izango den L'enlèvement de Michel Houellebecq filmean (Michel Houellebecqen bahiketa). 2013an idatzi eta zuzendu zuen pelikula Guillaume Niclouxek, eta Berlinaleko Forum sailean izan zuen mundu osoko estreinaldia, joan den otsailean. New Yorkeko (AEB) Tribeca Film Festivalen ere eman zuten, eta, gidoi onenaren saria eskuratzeaz gain, epaimahaiaren izendapen berezia lortu zuen.

Dokumental faltsua da film hau, egia fikzio bidez azaltzea «interesgarriagoa» baitzaio zuzendariari, eta idazlearen ustezko desagerpena du oinarrian, 2011n gertatutakoa. Le cart et le territoire liburuarekin (Flammarion, 2010), Goncourt saria irabazi zuen Houellebeqcek 2010ean —Frantziako literatur sari garrantzitsuena—. Horren harira, 2011n Herbehereetan liburua sustatzeko bira egitekoa zen idazlea, baina ez zen agertu. Deiak eta posta elektronikoa erantzuten ez zituenez, desagertutzat eman zuten batzuek, hildakotzat besteek, eta, islamaren aurka azaltzeagatik, Al-Qaedak bahitu zuelako susmoa ere zabaldu zen. Handik hiru egunera, baina, bueltan zen idazlea, eta desagerpena azaltzeko adierazpen bakarra egin zuen: «Ez nintzen desagertu; Internet erori zen».

Ustezko bahiketari heldu dio Niclouxek filmean. «Film hau errealitatea aurkezteko era fikzionatua da», adierazi du. Houellebecqi dagokionez, idazleak une oro azaldu duen «zintzotasunak» aktore «dibertigarri» bilakatu duela iruditzen zaio.

Filmean, idazlea bahitu osteko gatibualdian idazleak eta bahitzaileek dituzten nondik norakoak kontatzen dira, eta azaltzen duten naturaltasunak bakoitzaren egia estalgabetzen du.

Ezer ezkutatu gabe

Houellebecqen iritzi eta obsesioek gizartean eragindako eztabaidak jaso ditu zuzendariak, horien parodia eginez; hala nola idazlearen irizpideen aurkako iritziak, islamaren eta Europako demokrazia ereduen aurka Houellebecqek egindako adierazpenak... Idazleak esandakoak elkarrizketa bidez azaltzen ditu Niclouxek; adibidez, idazle guztiek joera pedofiloa dutela.

Idazleak azaldu duenez, lan hau egitean ez du antzezle lanik egin behar izan: «Naizen bezalakoa azaltzen naiz pantailaren aurrean, nahiz eta baden puztu dudan alderdirik ere». Aktore lanetan, gainera, gustura sentitu da: «Literaturan ona izan beharra dago gremiokoek aintzat har zaitzaten, eta, arrakasta izan dudanez, zortea izan dut. Interpretazioaren munduan, zorionez, badut oraindik bidea aurretik». Bestalde, hark idatzitako nobeletan baino «hobeki» ezagutu du bere burua Houellebecqek film honetan, eta, hala, lan honekin hari buruzko dokumentala egiteko gogoa joan zaiola azaldu du. «Azken finean, fikzioa askoz ere interesgarriagoa da».

L'enlèvement de Michel Houellebeccq filmean Luc Schwarz, Mathieu Nicourt, Maxime Lefrançois eta Françoise Lebrun aktoreak ere azaltzen dira. Lehen hirurek bahitzaile lanak egiten dituzte; Lebrunek bahitzaile baten lagun piano jotzailea interpretatzen du eszena motz batean.

Aktore lanetan aritzea zer den bazekien aurretik Houellebecqek. Gaztetan egindako film laburretan ez ezik, Niclouxen L'affaire Gordji (2011) filmean ere aritu da, Frantziako zerbitzu sekretuetako kide baten rola antzeztuz. Veneziako Mostran asteon estreinatuko duten Gustave Kervern eta Benoit Delepinen Near Death Experience-n ere aritu da lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.