Badok hamahiru

Eliott Murphy & Olivier Durand eta Bap Kennedy Bilbon izango dira.Hamahiru saio eskainiko ditu Musiketan zikloak urritik maiatzera

Seth Lakeman bere lau sokako gitarra tenorra eskutan duela. TIM YOUNG.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko irailaren 18a
00:00
Entzun
«Musika da, oso musika ona. Musikazaleentzako programazio irekia da, kortse eta estiloei izkin egiten diena». Musiketan zikloko antolatzaileak dira Musiketan zikloari buruz hizketan. Hamahiru emanaldi antolatu dituzte aurten Bilboko BBK aretoan urriaren 13tik maiatzaren 10era bitartean. Folka, rocka, swinga, musika klasikoa... Diotenez, kalitatea hartu dute iparrorratz bakartzat, eta, besteak beste, Eliott Murphy eta Olivier Durand gitarra jotzaileak, eta Bap Kennedy eta Seane Keane abeslari irlandarrak dira langa hori gainditu dutenetariko batzuk.

Mugarik izango ez duen arren, bada ziklo hasieran pisu berezia hartuko duen herrialde bat. Sean Keane irlandarrak emango dio hasiera zikloari urriaren 12an, eta beste hiru herrikide arituko dira ondoren oholtza berean. Ezaguna da Keane abizena Irlandako musikagintzan, eta folk etacountryaren artean kokatzen da Seane Keaneren ahotsa. Bap Kennedyk ere Irlandan eta AEBetan ditu sustraiak, baina bere abestiek maiz folk kutsu bat baduten arren, rock ukitua dute nagusi. Urriaren 26an izango da bera BBK aretoan. Davy Spillane konpositore eta musikaria izango da hirugarren gonbidatua, eta baita zikloko azken irlandarra ere.

Gitarra, perkusio tresna

Azaroaren 23an helduko da Seth Lakeman kantautorearen txanda. Lau sokako gitarra tenorra eta biolina jotzen ditu Lakemanek, eta folk eta rockaren artean dabiltza haren kantak. Gitarrista bat igoko da oholtzara abenduaren 21ean: Andy McKee iparramerikarra. Tapping teknikaren bidez bi eskuekin jotzen ditu McKeek sei sokak giderrean, perkusio tresna gisa erabiltzen du gitarraren kutxa, eta hala osatzen ditu abestiak.

Elliott Murphy & Olivier Durand gitarra jotzaileenak dira zikloko izenik ezagunenetariko bi. Lou Reed eta Bruce Springsteenen lagun, rock konpositore garrantzitsua da Murphy, eta Durand izango du ondoan urtarrilaren 25ean eskainiko duen kontzertuan. Sei emanaldi dira horrainokoekin.

Otsailaren 8an arituko da Carrington-Brown bikotea BBK aretoan: zazpigarrena. Otsailaren 22an Alice Francis neo-swing abeslaria. Zortzi. Martxoaren 15an Mike Wheellans blues gizon eskoziarra. Bederatzi. Martxoaren 29an hamargarrena: Gaby Moreno. Apirilaren 19an Lucia Pulido. Hamaika. Maiatzaren 10ean izango da Bilbon Bernd Lhotzky pianista, eta Hot Club of Cowtown swing talde iparramerikarrak itxiko du zikloa maiatzaren 24an.Hamabi, eta badok hamahiru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.