Durangoko Azoka

‘Badok’, hamabost urte euskal musika biltzen

Hamabost urte bete ditu aurten euskal musikaren atariak, eta, ospatzeko, zenbait ekitaldi antolatu ditu. Besteak beste, Durangoko Azokako soinu bandaz arduratu da.

Miren Narbaiza Badok-en 'Fauna kantari ari da' dokumentalean.
urko iridoy alzelai
2024ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

Transmisiorako, ezagutza beharrezkoa da. Hori bera buruan izanda eta euskal musikaren ezagutza sustatzeko asmoarekin sortu zuen BERRIAk Badok ataria, 2009an, Jon Eskisabel kazetariaren gidaritzapean. Datu base bat izan zen Badok hastapenetan, eta orain, hamabost urteren ondoren, izaera, diseinua eta funtzionalitatea aldatuak ditu. «Euskal musikaren entziklopedia handi bat», hala deskribatzen dute webgunea Eskisabelek eta Badok-eko gaur egungo arduradun Gorka Erostarbek. Hamabosgarren urteurrena ospatzeko, «euskal musikaren inguruan gorpuzten den komunitatea elkartzea» dute helburu, eta, hartarako, hamar musika talderen laguntzaz baliatuko dira. Taldeei esker, eta urteurrenaren harira, zuzenekoez eta kanta berriez disfrutatzeko aukera izango dute entzuleek.

Askotan, beharrak bultzaturik sortzen dira proiektuak, eta Eskisabelek argi du horrela izan zela Badok-ekin ere: «Garai hartan ez zegoen euskal musikari buruzko webgunerik, eta, era berean, etxe guztietan zegoen tresna bat zen Internet. Horregatik, euskal musikaren gaineko datuak biltzeko eta horiek edonork bilatzeko, beharrezkoa zen datu base bat». Artxibo lana egitea izan zen hasierako lehentasuna. Alde batetik, talde eta artistak sailkatzea, eta, bestetik, haien biografiak erredaktatzea eta diskografiak osatzea. Hasieran, euskal kantagintza modernotik, hau da, Ez Dok Amairuren eta Mixel Labeguerieren garaietatik 2000. urtera arteko informazioa jaso zuen atariak.

«Garai hartan ez zegoen euskal musikaren webgunerik, eta, era berean, etxe guztietan zegoen tresna bat zen Internet»

JON ESKISABELKazetaria eta 'Badok'-en arduradun ohia

Badok datu base hutsa izan zen 2014. urtera arte. Urte hartan, abestiak erreproduzitzeko tresna jarri zuten abian. Eskisabel: «Ikusi genuen musika entzuteko plataforma digitalek indar handia hartu zutela, eta, horregatik, guk ere erreproduzitzeko aukera txertatu genuen». Kazetariak argi du hura pauso handia izan zela, webguneko informazioa «analogikotik digitalera» pasatu zelako. «Erabiltzaileak izan zezakeen esperientzia erabat aldatu zen urte hartan».

Badok.eus webgunean milaka eduki daude: artistak eta taldeak, haiek generoka sailkatzen dituzten atalak, diskografiak eta biografiak, bideoklipak, kantuak... Gaur egun, 1.502 talde edo musikari daude sailkatuta webgunean. Diskoak 4.672 dira, eta abestiak, 38.705. Bideoklipak ere badaude webgunean, 2.896, hain zuzen ere. «Badok-ek eskaintzen duena gaur egun ez da beste lekuetan ikusten. Kanta bat entzuten duzun bitartean, gitarra nork jotzen duen edo ahotsak nork egiten dituen ikusi dezakezu, eta horrek testuinguru batean jartzen du abestia», adierazi du Eskisabelek.

Zertarako erabil daiteke?

Gaur egun, Erostarberen ustez, hainbat funtzio ditu Badok-ek. Lehena: gordailuarena. Euskal musikaren kanta berri eta zaharrak biltzen dira bertan, eta, erreproduzitzeko aukerarekin, milaka kanta entzun daitezke. Musikak bilakaera izan duen moduan, Badok-ek berdin. Erostarbe: «Lehen, diskoak kaleratzen zituzten taldeek, eta orain, denborak aldatu egin dira. Gaur egun, abesti soilak eta bideoklipak bidaltzen dizkigute gehien, orain horrelako edukiek funtzionatzen dute eta».

Bigarrena: berritasunari kasu egitea. Euskal taldeek kaleratutako kanta berriak webgunean jartzen dituzte, eta, hala, lan berrien erakusleiho bihurtu da. Erostarbek esan du talde ezagun, ezezagun, handi edo txikiek beren lekua dutela Badok-en: «Talde hasiberriek beren kantak bidaltzen dizkigute, eta guk gurean jartzen ditugu. Arreta berezia jartzen dugu horretan». Ez dago mugarik: euskal musikaren abesti berri orok bere lekua dauka plataforman.

«Gaur egun, abesti soilak eta bideoklipak bidaltzen dizkigute gehien, orain horrelako edukiek funtzionantzen dute eta»

GORKA EROSTARBEKazetaria eta 'Badok'-en arduraduna

Hirugarrena: komunikabide baten izaera. Kontzertu kronikak, disko kritikak, albisteak eta erreportajeak irakur daitezke plataforman, besteak beste. Erostarbe: «Gaur egungo kazetaritzan kasu gutxi egiten zaio horrelako edukiari. Aldizkariaren formatua badugu, baina horri eustea ez da erraza». Badok-eko aldizkari sailean, albisteez gain, euskal musikaren historia errepasatzen duten testuak badira, eta aktualitateari heltzen dioten elkarrizketak ere bai. Kritikei erreparatuz, Erostarbek uste du gaur egungo kazetaritza hankamotz dabilela: «Uste dut kazetaritzan ez genukeela soilik dagoena erakutsi behar; analisi kritikoak ere egin beharko genituzke, hor dago-eta aberastasuna».

Laugarren eta azken funtzioa: amu moduan jokatzea. Erostarbek argi du sorkuntzaren bultzada Badok-en oinarrietako bat dela. «Zirikatzaile moduan jokatzen dugu batzuetan [barrez], artistei eta taldeei sortzen jarraitzeko amua botaz».

Denborak ez du barkatzen, eta Badok ez da salbuespen bat. Azken hamabost urteetan, teknologiak aurrera egin du, eta Erostarbek argi du hor dutela etorkizuneko erronka. «Hurrengo hilabeteetan, Badok teknologikoki berritzeko asmoa dugu, eta agian estetikoki ere buelta bat emango diogu». Horrez gain, taldeen informazioa berritzeko nahia erakutsi du.

Ospatzeko garaia

Urteurrena ospatzeko ekitaldi bereziak antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. «Euskal musikaren inguruan gorpuzten den komunitatea irudikatzea da ospakizunaren asmoa, musikariak eta entzuleak elkartzea, denon artean hamabost urteak ospatzeko». Horregatik, bi hitzordu ezarri dituzte egutegian: azaroaren 16an Hendaiako (Lapurdi) Borderline Fabrikan eta Durangoko Azoka.

Zuzeneko bereziak izango dira protagonista. «Bost talde bikote sortu ditugu, eta horietako bakoitzak bertsio bat sortu du». Ahots Hutsez eta Arkaitz Miner; Ibil Bedi eta Ke Lepo; Mice eta Moxal; Benizze eta Odei; eta Ibon RG eta Mursego izango dira bost bikoteak. Kanta bakoitzak oinarrian animalia bat izan behar duela eta, hamabosgarren urteurrenari Gure musika fauna izen jarri diote. Erostarbe: «Euskarazko kantetan, animaliei erreferentzia asko egiten zaizkie».  Haien bertsioak Badok-en jarriz joango dira hurrengo asteetan.

Urteurrenaren bigarren zatia Durangoko Azokarekin elkarlanean egingo du Badok-ek: azokaren soinu banda osatuko du aurtengo musika nobedadeekin. Abenduaren 5ean, Badok atariaren trebakuntza saioa eskainiko dute Amorantek eta Rafa Ruedak, irakasleentzat. 

Abenduaren 7an, berriz, eta Gure musika fauna-ren zuzeneko kontzertuak osatzeko, Odeik eta Benizzek joko dute, eguneko Ahotseneako musika saioei itxiera emateko. Erostarbe: «Oraindik badago estigma edo klixe bat, euskal musika bakarra dela esaten duena. Nik gure gordailura sartzera gonbidatzen ditut hori esaten dutenak, ikus dezaten ze aberatsa eta askotarikoa den».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.