Esaten zuten ez zirela, baina badira. Hertzainak taldearen kantekin bi orduko emanaldi energikoa egin zuten atzokoan Bilboko Kafe Antzokia goraino betetzen zuen jendearentzat. Taldearen errepertorio osoko abestiak jo zituzten, eta kantuan eta dantzan aritu zen hasieratik oso alde izan zuten publikoa. Nostalgiak izan zuen pisurik atzoko saioan, eta musikariek ere egin zituzten txantxa bat baino gehiago horren kontura, baina nostalgiarako material hutsa baino gehiago ere eman zieten musikazaleei.
Bata bestearen atzetik jo zituzten abestirik gehienak, eten txikiak soilik eginda, baina, kanta eta kanta artean, hartu zuten azalpenetarako tarte txikiren bat ere Garik eta Zabalak. Euskalduna ontziolan protestan aritu ziren langileak izan zituzten gogoan, adibidez. "Gauzak zer diren", aitortu zuen Zabalak mikrofonoan, protesta haiei eskainitako kanta jotzen hasi aurretik, "tokatu zaigu jotzea kanta hau hementxe, ontziolan, orain jauregi bihurtuta; nola aldatzen diren gauzak...". Eta musikariarekin batera bukatu zuen publikoak esaldia: "...kamarada!".
MONIKA DEL VALLE / FOKU
Mikrofonorik gabe
Detaile horrek deskriba dezake kontzertuko giroa. Jendea kantatzeko eta dantzatzeko gogoz egon zen. Behin baino gehiagotan piztu zen festa, baina 564 abestiarena izan zen unerik berezienetako bat. Gitarra akustikoa eta esku soinua hartuta publiko artera jaitsi ziren Zabala eta Gari, mikrofonorik gabe. Isiltasuna eskatu zuen jendeak, eta abestiaren lehen akordeak entzutearekin batera hasi zen areto osoa kantuan.
Bostehun eta hirurogeitalau ohe huts, samiña zabaltzen #hertzainakpic.twitter.com/juHhcVbHsK
— Ainhoa Larretxea (@Ainhoaa8) September 17, 2019
Euforia giro bat igar zitekeen ilaran, kontzertua hasi aurretik ere, eta lehen akordea jotzerako eduki zuten alde publikoa. Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek egin zioten sarrera saioari, eta ironia baliatu zuten behin baino gehiagotan publikoa barrez jartzeko. "Ezer ez da aldatu/ eta ezer ez da berdin", biribildu zuen Elortzak. Eta gero hasi zen kontzertua, Gariren eta Zabalaren arteko konplizitate keinu batekin baino gehiagorekin. Gustura ari zirela igartzen zitzaien.
Aipamena egin zieten bidean galdutako lagunei ere, eta txalo zaparradaz erantzun zuen jendeak, Tito Aldama Hertzainak taldeko saxofoi jotzaile ohia, Nacho Cicatriz, Mahoma eta Iñigo Muguruzaren izenak entzundakoan. Bestalde, Ta zer ez da berdin, Pakean utzi arte, eta Eh txo abestiak gogoz dantzatu eta kantatu zituen jendeak.
MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bat gehiago eskatuz
Garik bakarkako kontzertuetan alboan izan ohi dituen musikariek lagundu zuten bikotea saio ia guztian, baina izan ziren kolaborazio berezi batzuk ere. Et incarnatus taldeko kideek, adibidez, biolinak eta txeloa jarri zizkieten, besteak beste, Aitormena eta No time for love abestiei. "Imajina ezazue gu garela Hertzainak taldearen omenezko talde bat", egin zuen txantxa Zabalak, justu Hertzainak abestia eskaini aurretik, baina abesti gutxi batzuetan bakarrik egin zituzten ageriko moldaketak, eta, oro har, soinu organikoa landu zuten emanaldirako, hala taldearekin jotako abestietan, nola Garik eta Zabalak bakarrik interpretatutako kantuetan.
Arraultz bat pinu batean abestia izan zen emanaldiko azkena, eta antzokia dantzan jarri zuten harekin. Beste bat gehiago eskatuz gelditu zen publikoa tarte batez. Euskalduna jauregian izango dira hurrengo astean hurrengo emanaldiak, 25ean eta 26an. Sarrera guztiak amaituta daude emanaldi horietarako ere.