Donostiako 67. Zinemaldia. Zinemira. Iban del Campo. Zinemagilea

«Badaude beste bide batzuk, industriaren autobideaz gain»

New Yorken handitasunean, Iban del Campo zinemagileak lurpera jo du, 'burlesque' ikuskizunak egiten dituzten «underground izarrak» erakusteko. Askatasun osoa bilatu du sormen prozesuan.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
«Pelikula batean bezala» dabil Iban del Campo zinemagilea (Arrasate, Gipuzkoa, 1971): benetako jet lag-arekin aurkeztu du berak zuzendutako lehen film luzea. Txinatik iritsi da Donostiako Zinemaldira, filmaketa batean ari baita lanean. Jauzi-jauzika, New Yorken egin zuen Glittering Misfits filma, hiriko burlesque-aren lurpeko mundua bertatik bertara erakusten duen dokumental pertsonala.

Filmean, artista batek esaten du denak frustrazio batetik iristen direla burlesque-ra. Nola iritsi zinen zu?

Bertigoa nuen, frustrazioa baino gehiago. New Yorken nengoen, zerbait filmatzeko asmoarekin. Hiriak guztion zinema iruditerian duen pisuarengatik, neure burua oso txiki ikusten nuen kamera atera eta zer kontatua izateko. Orduan ezagutu nuen Dirty Martini, eta hark lagundu zidan bertigo hori kentzen. Jakin nuen horrek merezi zuela kamera piztu eta New Yorkeko alde ezkutuan dagoena kontatzea.

Zein dira Dirty Martini eta Tigger!?

Kasualitatez ezagutu nituen bi pertsonaia, burlesque-aren berpizkundearen aitzindariak New Yorken. Sekulako zortea da haiekin gurutzatu izana, erreferente bilakatu baitira mundu osoan; underground izarrak dira, piztia izugarriak. Dirty Martini ikusi nuen lehen aldian sentitu nuen indarrak eraman nau pelikula egitera.

Barruraino sartu zara kamerarekin. Nola hartu zaituzte?

Oso gertukoak izan dira, haien laguntza osoa izan dut. Pelikulan ikusten da haiekin dudan harremana; sormen prozesuan, batzuetan mugak jartzen zizkidaten. Lanagatik, oso agerian daude, oso biluzik, zentzu guztietan, eta kontu handiz zaintzen dituzte euren intimitatea eta irudia. Konfiantza izan dute nire begiradan, nahiz eta salbuespena den burlesque-aren artista komunitatetik kanpoko batek gaia lantzea. Salbuespena da Tournée filma ere [Mathieu Amalric, 2010]. Zinemagile moduan, nirekin horrela ireki izana altxor bat da.

Ez da lan makala biluzik dagoena biluztea.

Striptease-aren dekonstrukzioa da, alde batetik; gorputz horien barruan dagoen hori. Gorputza erabiltzen baitute tabu guztien aurka egiteko, dena hankaz gora jartzeko.

Zu ere ez al zara underground?

Oso identifikatuta sentitu naiz euren artista izateko moduarekin, joeren kontrako ikuspuntu horrekin. Haiek esaten dute burlesque-a dela punk-rock berria. Niri kontatzen zidaten Arrasaten, RIP taldeko Mahomak zaindu izan ninduela txikia nintzenean. Agian izaera punk horrek utzi dit arrastoren bat, eta horregatik onartu naute [barrez].

Film labur bana eskaini zenien Dirty Martini eta Tigger artistei. Material asko birziklatu duzu?

Zati bat ordukoa da, berrerabilia edo birmuntatua, eta material berriarekin nahastua. Hasieratik nuen film luze bat egiteko asmoa, sekulako potentziala dagoelako mundu horretan. Neukan materiala probatzeko egin nituen labur horiek. Dirty Martini [2009] Kimuak katalogoan dago, eta ondo aritu zen nazioarteko zirkuituan; aurrera egiteko konfiantza eman zidan. Ordutik hamar urte igaro dira dagoeneko. Nik ekoitzi dudanez gero, askatasun osoa izan dut erabakitzeko noiz eta nola egin gauzak. Ondoren, filmaketa berriarekin biribildu nuen, eta ikusi nuen banuela film luzeari forma emateko materiala.

Muntaketan idazten da filma benetan, ezta?

Orduan berrikusi eta berrirakurri genuen, eta nahiko erraz osatu genuen azken puzzlea. Horregatik iritsi gara Donostiako Zinemaldira.

Askatasun osoa izan duzu, proiektua do it yourself delako.

Aukera onena iruditu zitzaidan haien izaerarekin bat egin eta onarpena izateko. Aukera neukan zinema industrialagotik jotzeko, baina konturatu nintzen ez zela beharrezkoa, askatasuna behar nuela, sormenean eta ekoizpenean. Pelikula inperfektua da. Jonas Mekas oso gogoan izan dut; zinema independentearen mugarria da bera. Gainera, Mekasek erabiltzen zuen kamera berdina erabili dut!

Une batean ageri zara pelikulan, ispiluan islatuta.

Ez da erraza zeure burua ezkutatzea ispiluz jositako kamerino batean! Baina kasualitate handia izan da New Yorkeko zinema independentearen ikono baten kamera berdina erabili izana. «Pelikula perfektu gutxiago, eta pelikula aske gehiago», esaten zuen hark. Modu horretan planteatu dut nik. Ez noa merkatuaren kontra, baina zinemaren industriak diru asko mugitzen du, eta neure buruari nahi nion erakutsi pelikula bat egiteko ez direla behar ez 4K, ez 8K, ez azken lenteak. Badaude jendearengana iristeko beste bide batzuk, industriaren autobideaz gain.

Laguntza izan duzu muntaketan.

Etxean hasi nintzen muntatzen, Benito Macias ezagutu nuen arte, Madrilgo muntatzaile bat; haren estudioan aritu gara. Azken fasean, Domi Parra sartu da: Isaki Lacuestaren pelikula ia denak muntatu ditu. Haren ekarpena funtsezkoa izan da; ez-fikzioaren bolada berri honen erdian dago.

Bolada horren parte zara zu?

Batzuetan, jendeak galdetzen dizu: «Zer egin duzu, dokumental bat ala pelikula bat?». Dokumentala beste zinema mota bat da, beste osagai batzuekin egina. Egun, zinema aretoetara iritsi da, eta jendeak ikusi du dokumentalgintzaren alderik artistikoena, telebistako erreportajeetatik kanpo egiten dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.