Jatorriz Hego Amerikako Andeetakoa den llama kabalak, antza, maskaradak ez ditu maite... Edo behintzat, Altzürüküko (Zuberoa) arrabotü edo pilota plaza inguruan kokatutako soro aldapatsu batean alhan ari diren abere horietatik bati ez zitzaizkion batere gustatu txirularen, tuntunaren eta atabalaren hotsak, ezta gainerako zalapartak ere, eta Altzürüküko gazteriak aurten emango dituen Zuberoako inauteri berezien azken mustrakiraun zuen denbora osoan urduri eta egonezinean izan zen, ezpondaren gain-gainean...
Zalaparta bazen bai, joan den igandean Ürrütia jauregiaren eta San Martin eliza hiru ezkiladorredunaren bitarteko eremu horretan. Arbaila eskualdeko herri honetako gazte andanak eta horien laguntzaileek maskaraden lehen agerralditik astebete lehen egin ohi den trebaldia zuten, dantzari eta joko-egile jantziak zeramatzatelarik. Horrelako saioetara herritar multzoa eta eskualdeko argazkilari edota kazetariak soilik dira etortzen. Ikusle kontuetan, baina, oso besterik izango da igande honetan (otsailak 9) Altzürüküko pilota plaza horretan bertan gertatuko den maskaraden lehen agerraldian. Pentsatzekoa baita bai Zuberoatik bertatik bai Euskal Herriko beste hainbat lekutatik jende mordoa iritsiko dela herrira.
Maskarada hauek ikusmin handia piztu beharko lukete, hamabost urte pasatu baitira Altzürükük eman zituen aurrekoetatik. Denbora tarte hori igarota, beste belaunaldi batek ditu aurtengoak paratu, Dominik Epherre eta Jean Etxegoien gidari irakasleen laguntzarekin. 2020. urte honetako maskaradakarien artean, berehala ikusiko den ezaugarria da aitzindari dantzarien taldean denak bikoitzean daudela, eta, gainera, aldi oro neska eta mutil parea badela. Parekotasun hori ez da hain erraza lortzea, aspaldiko urteetan Zuberoako dantzarietan neskak baitaude gehiengo oso handian.
Altzürükük erronkari eutsi egin dio, eta baita lortu ere... zamaria zikiratzen duten kerestuak, aldiz, biak dira neskak. Halaber, zamari hori bera ferratzen duten maretxalen kasuan ere, horiek ere neska gazteak dira. Buhameen taldean, berriz, emakumeak ikusiko dira, baina kauterak etaxorrotxak, ordea, denak mutilak dira. Aurtengo maskarada hauetan ere hartz bat ikusiko da; aski berezia izango da, gorri eta hori koloretako bere jantzi bitxiarekin. Hartzarena egiten duen mutilak badu beste kargu bat, hain zuzen ere bedezi edo medikuarekin batera Pitxu berpizteko ahaleginetan ari den erizainarena.
Halaber, Altzürüküko maskarada hauen ezaugarri geratuko da Jaunak eta Andereak kantuz erantzuten dietela xorrotx mutilaren bertsetei. Kantuei dagokienez, hain zuzen, xorrotxen kantorean zein talde osoak bukaeran ematen duen abestian —biak Jean Etxegoienek idatziak—, nahiko ohargarria da Zuberoan erran ohi den bezala, ahotsak «libratzera uzten» dituztela. Preziatzekoa da, zinez.
Martxoan, larunbatez
Otsailaren 9a eta apirilaren 26a bitartean, Altzürüküko maskaraden hamabi agerraldi gertatuko dira. Ohitura denez, lehena eta azkena herrian bertan egingo dira,nahiz eta azkenaren kasuan, Garaibin gertatuko denez, Urdiñarbe ere izan daiteke, auzo hori Altzürükük eta Urdiñarbek partekatua baita. Hamabi agerraldi horietatik zazpi igandeetan egingo dira, baina otsaileko azken jelkaldia eta martxoko laurak larunbatetan gertatuko dira. Hala, Zuberoaz kanpotik eta aski urrundik datozenek aukerarik izango dute ikusgarriaren bukaeraraino geratzeko... Bada eta, une batean, ikusgunetik bat-batean jaiki eta alde egiteko ohitura.
Jelkaldi horiek larunbatetan egiteak zerikusia du Ipar Euskal Herrian udal hauteskundeak martxoko bi igandeetan gertatzearekin, baita igandeetan rugby partidak egonda, maskaradakari zein maskaradazaleen artean jokalariak edota jarraitzaileak izatearekin ere
Maskaraden agerraldia nola pasatzen den gogorarazteko, herri bakoitzeko hanbait lekutan egitendiren eta harrera egite dantzak dauden barrikada hausteak10:00etan hasi ohi dira, eta zenbait kasutan baita lehenago ere. Maskaraden ikuskizuna bera 15:30ean hastekoa da, baina, egiari zor, gehienetan berant nabaria hartzen du, batik bat maskaradakariak hainbat etxetan bazkaltzera gonbidatuak direnean.
Beraz, arratsalde erdira itxaroteko xedean, aukerarik hoberena izan liteke maskaraden agerraldiak gertatzen diren Zuberoako herrien bisitatxoa egitea. Bada zer ikusteko eta ikasteko.
Badatoz Pitxu eta konpainia
Hamabost urteren ondoren, Altzürüküko gazteek emango dituzte, aurten, maskaradak. Igande honetan izango da Zuberoako inauteri berezien lehenengo jelkaldia, Altzürükün bertan, eta apirilaren 26ra bitartean beste 11 emanaldi egingo dituzte beste horrenbeste txokotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu