Idazlea

Anjel Lertxundi: «Bada kezka bat, idazleak ez diola ematen hizkuntzari itzultzaileak ematen dion garrantzia»

Apunteak ere memoriaren parte dira, eta horietarik asko du Anjel Lertxundik. Alfabetikoki sailkatutako hitz eta esamoldeen aitzakian, glosak, ipuinak eta bestelako hausnarketak paratu ditu 'Berbelitzen hiztegia' saiakera literarioan.

Anjel Lertxundi, Zarautzen. G.U.
Anjel Lertxundi, Zarautzen. G.U.
garbine ubeda goikoetxea
2024ko urriaren 13a
05:10
Entzun

Anjel Lertxundik (Orio, Gipuzkoa, 1948) arkatza behar izaten du aldean, liburuetan irakurtzen duena azpimarratzeko eta entzuten duena apuntatzeko. Urteetan metatu zaizkion ideia horiei guztiei probetxu literarioa ateratzeko modua izan omen da Berbelitzen hiztegia. Baina hori baino gehiago ere bada. Bada liburu «hibridoa», generoen dantzan dabilena. Bada zehatza eta era berean ludikoa. Eta badu testu moldeen aukera zabala, tonu ugaritasuna, hitzei eta esamoldeei punta ateratzeko artea, erreferentzia mordoa eta guztiari osotasuna eman dion fikziozko istorioa.

Berbelitzen hiztegia ez da eleberri bat, ez eta gai jakin bati lotutako saiakera bat ere. Zer gomendio emango zenioke irakurri nahi duenari?

Hiztegi moduan planteatuta dago, itzultzailearentzat tresnarik inportanteena delako, baina ez da hiztegi bat. Bertan bildutako kontzeptu askok gure eguneroko bizitzarekin eta hizkerarekin dute zerikusia, eta besteek, literaturarekin eta itzulpenarekin.

Berbelitz itzultzailea da, eta idazle batekin jarri da harremanetan, karpetetan batu dituen apunteekin zerbait egin ote litekeen erabaki dezan. Zer dago horren atzean?

Horren oinarrian dago ni apunteak hartu zalea naizela. Irakurtzen ditudan edo entzuten ditudan gauza asko ageri dira liburuan. Lehendabizi egiten dudana da arkatza atera. Oraintxe etorri zait gogora, behin, itsasoa bare-bare zegoen batean, «Hara, piszina infinitua» esan zuela ume batek. Gure toldoaren ondoan zegoen, eta zortzi-hamar bat urte izango zituen. Ideia horretatik abiatuta, itsasoaz hitz egiten duzu. Apunteei etekina ateratzeko modua da Berbelitzek hartutako bidea. Halako liburuetan, zailena liburuari batasuna ematea izaten da; hortik etorri da hiztegiaren forma.

«Testu batzuk alaiak, umoretsuak edo alor lasaiagokoak dira, eta beste batzuek beste zorroztasun bat eskatzen dute. Tonu ugaritasuna eskaintzea izan da nire obsesioetako bat, ez izatea beti dena tonu berekoa»

Hiztegiak saltoka kontsultatzen dira. Berbelitz ere horrela irakurtzea gomendatzen duzu?

Horretarako aukera ere ematen du. Erabilera diferenteak ditu: irakurleak nahi duen eran joka dezake. Irakur daiteke nobela baten moduan, edo prosen bilduma bat bezala, edo saltoka. Testu asko daude, asko eta asko elkarren arteko loturekin. Saiatu naiz, gainera, bakoitzari bere tonu propioa ematen. Batzuk alaiak, umoretsuak edo alor lasaiagokoak dira, eta beste batzuek beste zorroztasun bat eskatzen dute. Tonu ugaritasuna eskaintzea izan da nire obsesioetako bat, ez izatea beti dena tonu berekoa. Testu bakoitza independentea da jantzian, idazkeran, doinuan.

Liburua aurkeztu zenutenean, «hibridoa» dela esan zuten editoreek, eta zuk esan izan duzu berritasuna gustatzen zaizula. Gauza berri baten bila joan zarela esan liteke?

Ez da halako kalkulurik izan. Kalkulua baino gehiago, denbora bat dago, eta denbora horretan ideia bat joan da heltzen. Etxean apunte pila bat neukan, koadernoetan, paper muturretan, baita liburuetan ere, barreiatuta. Horiekin zer egin bueltaka ari nintzela, nire idazle kuttun batekin akordatu nintzen, Milosz poeta poloniarrarekin. Hark badu alfabeto bat bere bizitzako pasarte eta oroitzapenenekin. Niri bezala gertatuko zitzaion hari ere, ez zuela jakingo gauza horiek denak nola eman. Bere ibilerak eta lagunenak, bizitzaren etapa desberdinak, auzi politikoak eta debate literarioak bigarren mundu gerraren aldirietan, elementu horiek alfabetikoki eman zituen Alfabetoa izeneko liburuan, eta Miloszen formula horrek oso ongi funtzionatzen du.

Hondartzako mutiko bat aipatu duzu, baina amona bat ere sarri ageri da.

Amonaren kasuan, gehien interesatzen zaidana izena da. Mutil koxkorretan Orion bizi nintzenean, bazen amona bat, Dominika; ez dakit zer familiatakoa zen, zortzi urterekin alde egin bainuen handik. Oso hiztun aparta zen, eta Berbelitzen amona bihurtu dut.

Etorri handia du Dominikak. Hitz eta esamolde asko hartu dizkiozu. Galdutakoa berreskuratu nahian?

Ez. Lehen izan nuen hori, orain baino gehiago; esate baterako, Letrak kalekantoitik argitaratu nuenean [Alberdania, 1996]. Hor bada lan historiko filologikoa, funtsean RIEV aldizkaritik bildutakoa. Testu gehienak laburrak dira, glosa formakoak. Adibidez, Shakespearek darabilen «bilbo» hitza, euskaratik hartua. Esklaboen hanketako kateak adierazteko erabiltzen zuten, Bilboko burdinaz eginak zirelako. Shakespeareren liburu bakarrean aipatzen zela uste genuen. Gogoan dut justu garai hartan hasi zela funtzionatzen Internet, eta «Shakespeare» eta «bilbo» hitzen bilaketa egin nuenean atera zen datu hori.

Lukainka famatua ere hor ageri da. Lucania Italiako eskualde txiki bat da, pobreenetakoa, eta han egiten zituzten lukainken moduan egiteari lucanica modo esaten zioten apaizek, latinez. Hortik dator lukainka. Halako gauzak aipatu nahi izan nituen liburu hartan. Oso bestela jokatu dut oraingo liburuan.

Zenbait hitzen jatortasuna kolokan jarri nahian?

Hizkuntza bat jatorra da, hain justu, besteetatik ere hartzen duenean, isolatzen ez denean, besteena bere probetxurako hartzen duelako. Hizkuntza batek hori egiten duenean, eta gainera senez, ondo dabilen seinale da. Nola egiten den da auzia, hizkuntza propioaren magia baliatzea…

«Hizkuntza bat jatorra da isolatzen ez denean, besteena bere probetxurako hartzen duelako. Hizkuntza batek hori egiten duenean, eta gainera senez, ondo dabilen seinale da»

Berbelitzen hiztegia-n ere egin duzu antzekorik, esaera batzuk ez ote diren beste hizkuntzetako esaeren egokitzapenak.

Beste jatorri batekoak, latinetik, frantsesetik, gaztelaniatik hartu baina egokitu egin ditugunak.

Ibilbide literario oso oparoa ere proposatu duzu. Idazle eta literatur lan mordo baten erreferentziak sartu dituzu.

Txikitandik ikusi dut neure burua liburu artean. Gure etxean ez zegoen liburu askorik, baina zeuden gutxi horiek ondo asko irakurri genituen. Zahor txokolatea erosteko eskatzen genion amari, tabletetan ipuintxoak zetozelako paperaren barruan. Txokolatezko etxea txokolate usainarekin irakurtzea baino gozoagorik ba al da?

Itzultzaile baten larruan sartu zara, eta, hor, ez dirudi muga garbirik dagoenik idazlearen eta itzultzailearen artean.

Hala da, mugak ez daude batere garbi. Ez naiz itzultzailea; itzuli izan dut, afizioz batez ere: esaterako, Montaleren poemak, edota Urrezko astoa, Juan Kruz Igerabiderekin batera, latinetik. Baina liburu honekin hasi naizen arte ez naiz konturatu bizitza osoan aritu naizela itzultzen, euskal idazle gehienak bezala. Gure mekanismo diglosikoek behartzen gaituzte horretara; idazten ari garenean, etortzen zaigu ideia bat gaztelaniaz, gaztelaniazko formula batekin, eta hori euskaraz jarri nahi duzu, baina buruan hortxe dabil borrokan gaztelania. Borrokan batzuetan, nahiko plantoso besteetan. Eta hori gertatzen denean, hiztegietan begiratzen-eta hasi behar duzu. Mekanika hori itzultzailearena da, eta hor mugarik ez dago. Eta zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta gehiago gertatzen da hori. Erreferentziak nagusiki gaztelaniatik etortzen zaizkit, baina baita frantsesetik, italieratik eta latinetik ere, eta zer egingo diot horri? Bada, aprobetxatu. Askotan euskarara ekarriz, noski.

«Liburu honekin hasi naizen arte ez naiz konturatu bizitza osoan aritu naizela itzultzen, euskal idazle gehienak bezala. Gure mekanismo diglosikoek behartzen gaituzte horretara»

Nolanahi ere, itzultzaileari eman diozun rol sortzailea ez dago horren zabaldua gizartean. Itzultzailea zehaztasunari lotzen zaio errazago.

Baina hor bada elementu bat hasiera-hasieratik oso inportantea: nola funtzionatzen duen edizioak.

Literatura unibertsalean, esate baterako, erabaki egiten da urtean zer liburu itzuliko den. Itzultzailea ez da lan jakin batera aurkeztuko, baldin eta idazlea interesatzen ez bazaio. Gerta liteke premia handia izatea, eta ezinbestean heldu beharra, baina, printzipioz, itzultzaileak hautatu egiten du egilea. Hortaz, pentsa liteke itzultzaileak autorea maite duela, eta irakurleari autore hori eskaintzeko interesa duela. Idazleak ere hori bera egiten du: istorio bat du buruan, eta hori kontatu nahi dio irakurleari. Mekanismoa komuna dute, beraz, baina modu diferentean gauzatzen da.

Behin baino gehiagotan entzun izan diot itzultzaileren bati gogorik gabe hasi dela itzultzen, ez ziolako testuak ezer esaten. Baina momentu batetik aurrera bereganatu egiten du, eta maitatzera iristen da, edo behintzat horra hurbiltzen saiatzen da; gogorik gabe itzulitako lanari igarri egiten zaio. Eta beste testuinguru batzuetan ere gertatzen da: adibidez, artikuluetan. Erraz ikusten da kazetariaren lanetan noiz den agindua eta bost inporta zaiola, eta noiz den benetan bere kabuz eta gustura egindakoa. Ez dut esan nahi gaizki eginda dagoenik, ofizioa ere horretarako dago-eta, baina askotan igarri egiten da.

Berbelitzen hiztegia aurkeztu zenuten egunean, itzultzaile asko zegoen ikus-entzuleen artean, eta horietariko batek, hain zuzen, esan zuen idazlerik onenak itzultzaileak direla. Zer dago horren atzean? Idazleari kritika? Gutxietsia sentitzen al da itzultzailea?

Aspalditik datorren kontu bat badago hor. Joan den mendearen hasieran, 36ko gerraren aurretik eta ondoren, euskararen ekarpenik onenetako bat itzulpena izan zen. Hego Ameriketan zeuden exiliatuek testu klasikoak itzuli zituzten, batez ere latinetik eta grekotik, eta oso ekarpen inportantea egin zuten. Horretan dabiltzanek kontuan hartzen dituzte oraindik ere lan haiek.

Badago ustea itzulpena beti dela zehatzagoa, sormen lana baino. Sormen lana libreagoa da beti: esaldi bat ongi ateratzen ez bazait, beste bide batetik jo dezaket nahi dudana esateko, baina itzulpen lanetan, testuan hau dago, eta hau da esan behar duzuna. Zorroztasun handia exijitzen du, eta zorroztasun horregatik, hain zuzen, zailagoa da itzulpena irakurtzea sormen lana baino, hizkuntza diglosikoetan.

«Itzulpenak zorroztasun handia exijitzen du, eta zorroztasun horrengatik, hain zuzen, zailagoa da itzulpena irakurtzea sormen lana baino, hizkuntza diglosikoetan»

Gaztelaniaz, berriz, errazago irakurtzen dira itzulpenak, gramatikaren eta erabileraren erabileraz berdinduta datozelako, estandarizatuta daudelako. Ez, ordea, idazleak. Autoreak desberdindu egiten dira, nabarmena da Leongoa den, Valentziakoa, Andaluziakoa, Galiziakoa edo Extremadurakoa den. Agian oraingo gazteei ez zaie horrenbeste antzemango, baina gure belaunaldiko idazleen artean berehala bereizten duzu jatorria. Eta, halere, galiziar batek egindako itzulpena estandarra izango da, ez du sormen lanak bezalako kresal kutsurik izango.

Guretzat interesgarria litzateke horren hausnarketa beti berritua. Euskaraz, itzulpenetako testua estandar bihurtzeko, herren gaude oraindik.

Idazleei ere egin zitzaien kritika. Zer egiten du gaizki idazleak?

Bada kezka bat, idazleak ez diola ematen hizkuntzari itzultzaileek ematen dioten garrantzia. Kontuan hartu, bestalde, itzultzaile eskolan euskara bera ere gai nagusia dela, eta horri garrantzia ematen zaiola. Idazleak ez du hori: haren eskola irakurketa da, ez da inoiz eskola batetik pasatu idazle izateko.

«Badago ustea itzulpena beti dela zehatzagoa, sormen lana baino»

Baina idazle askok eta askok izan dute kezka hori. Zuk zerorrek, Koldo Izagirrek...

Bai, baina beste askok ez. Idazle batzuen zabarkeria existitzen da, baina ez dakit noraino dagoen zabalduta.

Bestalde, erakunde moduan, itzultzaile elkartea organizatuagoa da idazleena baino idazketari dagokionez, baina normala da; besteak beste, diziplina handiagoa eskatzen duelako itzulpengintzak. Oso kuriosoa da: hain hurbil dauden bi estamentu, eta zein desberdina den baten eta bestearen funtzionamendua. Ez dut esango zein den hobea; bakoitzak bere zirkunstantziak ditu, eta zirkunstantzia horien arabera jokatzen dugu.

Ba al duzu hitz edo esamolde kutunik?

Bai, bat baino gehiago; «Ai ene badatxoa», adibidez, oso gustukoa dut. «Ai, ene», esaten da, edo «ai, ene bada», baina -txo erantsita pertsonifikatu egiten da. Ama batek hori esaten duenean, garbi dago umeagatik ari dela. Ez dakit nola etorri zitzaidan burura. Amona Dominikari entzungo nion igual.

Halako gauzei lotuta datoz itzultzailearen pozak, baina minak ere ageri dira. Hain gaizki bizi al du itzultzaileak bere lana?

Ez dut uste. Berbelitzen kasuan, Elene galdu izanagatik dator mina. Egoera zail batean dago, eta egoera horren ondorio da apunte guztiak gainetik kendu nahi izatea, baina lanean jarraitzen du. Seguru makina bat apunte berri idatzi duela bere karpetak oparitu zizkidanetik.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.