Itziar Ugarte Irizar

«Badago bizitza disfrutatu nahi bat, hutsunearen kontzientziarekin»

Itziar Ugarte Irizar idazle eta BERRIAko kazetariak gaur aurkeztu du bere lehen liburua, Gu gabe ere.

Itziar Ugarte Irizar. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Inigo Astiz
2021eko azaroaren 18a
11:15
Entzun

«Urtemugekin betetzen ditugu/ egun berrien azalak/ eta haiei esker ikasten dut ostera/ garai hau ez dela beti/ izan zitekeena». Oinordetzan jasotakoaren eta eraiki beharrekoaren artean dabil Itziar Ugarte Irizar idazle eta BERRIA egunkariko kazetariaren ahotsa Gu gabe ere poema bilduman (Susa). Bizitzea suertatu zaion aroa ulertu nahian, eta utzi nahi lukeen arrastoaz gogoetan. «Jendeak, momentuko erabakiek eta giroek egiten dituzte garaiak, eta ez da bakarrik gauzak horrela zirela, baizik eta baldintza handiagoek ere egin zutela gauzak hala izatea; eta, beraz, eraikuntza bat bada, horrek aukera uzten du gauzak aldatzeko ere». Itu bandako kide izan zen, eta Erein argitaletxeak orain argitaratu berri dio Beraneantea izeneko ipuina, Bilboko Udalaren Gabriel Aresti ipuin lehiaketan saritutako beste zenbait narraziorekin batera osatutako bilduman. Gaur aurkeztu du bere lehen liburua.

Aurreko belaunaldiei eskainitako begirada batek gurutzatzen du liburua alderik alde. Amari egindako aipamenarekin hasi, aitari egindakoarekin bukatu, eta tartean aitona-amonen belaunaldi osoa ere txertatuz.

Gertuko hiru pertsona edadeturen heriotzari lotutako garai bat biltzen du liburuak. Heriotzarekin izandako nire lehen esperientzia izan zen, eta haiek hiltzearekin batera, beste zerbait ere mugitzen zela ikusi nuen. Hori izan da liburua idaztean buruan ibili ditudan galderetako bat: leku batean aurretik gertatu denak nola eragiten dion leku horretara gero heltzen denari. Eta etxeko eremua behatoki ona izan da horretarako: gertuen ditudanak izan dira.

1936ko gerran anaia fusilatu zioten senidearen kontakizuna biltzen du Zuloa leiho poemak. Zuk detaile gehiago kontatzeko eskatu zenion arte, badirudi etxean esplikazio labur bat nahikoa izan zela hilketa hori gogoratzeko.

Nire aitonaren arreba da poemakoa, anai-arrebetan bizirik jarraitzen duen bakarra. Oso esanguratsua egiten zait batzuetan gauza batzuk nola murrizten diren irudi bakar batera edo keinu batera edo anekdota batera. Aitona-amonen etxean beti ezagutu dut gazte baten argazkia, eta nik banekien gerran fusilatu zuten aitonaren anaia zela hura, baina denborarekin konturatu nintzen horretaz ez zela askorik hitz egin etxean. Irudi hori nuen poemaren abiapuntuan, eta gerora jakin nuen bizirik jarraitzen duen arreba bakar hori bertan zegoela anaia eraman zutenean. Berak kontatutakoarekin asko aldatu zen poema, eta polita iruditu zitzaidan poemara ekartzen saiatzea adin bateko jendeak hitz egiteko duen modu hori eta kontatzeko gaitasun hori ere.

36ko gerra agertzen da beste poema batean ere.

Justu Alberto Barandiaran entzun nuen aurreko batean Arratsean irratsaioan hizketan, Gurea falangista zen liburuaz, eta behin eta berriz nabarmentzen zuen kontatzearen garrantzia, eta errepikatzen zuen isiltasun handi batetik gatozela. Zirrara eragiten dit horrek. Igual, nik, nire heziketatik, ez dudalako sentitzen gauzak isildu beharrik, eta ikusten dut gatazka politikoaren beste fase batean ere errepikatu den zerbait dela. Talka bat ikusten dut hor. Behar izan dutelako hori, eta nik, aldiz, nahi dudalako jakin, eta behar dudalako galdetu.

Zuk hamar urte zenituenean ETAk iragarritako su etenaren komunikatuak etxean eragindako erreakzioak gogoratzen ditu Komunikatua poemak. Erdizka ulertzen den gatazka batera jaiotzearen sentsazioa biltzen du.

Oroitzapen batzuek aukera ematen didate duda horiek partekatzeko, edo neure buruari galdetzeko hau edo hura gogoratzen badut, zergatik gogoratzen dudan, eta zergatik gogoratzen dudan horrela. Momentuan igual ez zara oso ondo jabetzen, baina idazten jartzerakoan ohartzen zara.

«Hizki handien ondotik heldu gara gu», dio beste poema batek. Iragana galdekatzea da orainaldia ulertzeko modu bakarra?

Arakatu behar da nolakoak izan diren aurreko egunak, beren konbultsio guztiekin. Hori ere bada agian nire belaunaldiari tokatzen zaion gauza bat gatazkaren buelta honetan. Leku berri bat da. Nagore Legarreta argazkilariak [azalaren egilea ere bada] esan zidan liburua irakurtzean, hartutako oharren artean, letra larriz idatzi zuela post-tregua hitza. Horrek sortzen dituen galderak dira liburukoak. Sentsazioa dut, irakurritakotik eta entzundakotik, oso esaldi handiak egon direla, eta esaten da lubaki handiak egon direla, eta guri mugimenduan zen lur baten gainean ibiltzea suertatu zaigu. Hor sentitu izan naiz. Hizki handien hondar hori ikusi dugu. Horrek ere egin du nire mundua, eta nire begirada. Badago gauza batzuei eusten jarraitzeko zama bat, eta badago jasotako horrekiko deserosotasun bat ere. Oroitzapen batzuetara joz ikusi dut poemetan horretaz aritzeko aukera.

Zoriontasun arrastoen bilaketa bat ere badago. Amonei buruzkoetan, esaterako, argi erakusten dituzu haien bizialdi estuak, baina zorion zipriztin batzuekin deskribatzen dituzu. Bizitza horien duintze saiakera bat izan daiteke?

Izan daiteke, eta egon daiteke ez oso solemne jartzeko nahi bat ere. Momentuak deskribatzen dituzte poemetako askok, eta momentu horiek ospatzeko gogo bat ere badago. Absentziak pisu handia du liburuan, baina bizitza disfrutatu nahiak ere bai, hutsunearen kontzientziarekin. Saiatu naiz itzaltzen doanaren ondoan egotea emozio eder bezala jasotzen. Gustatu zait irakurri dutenei entzutea oso tonu argitsua topatu dutela. Momentuen metaketaren kontzientzia bat dago: nola daramatzazun hainbeste jende, hainbeste leku eta hainbeste momentu zurekin. Bere eguneroko txikian horri leku bat egin nahi dion ahots bat dago liburuan, baina ez zama bezala, baizik eta horretaz ohartu eta hori ospatzeko gogo batekin.

Louise Gluck poetaren edertasunari buruzko aipu batekin hasten da liburua. Zer leku du edertasunak idazketan zuretzat?

Idazterakoan bilatzen duzuna hori da, ezta? Eguneroko martxa horretan ere igual hor dago, baina idazten jartzea, niretzat, hori harrapatzeko eta ukitzeko momentu bat da. Gogoetaren eta zehaztasunaren beste dimentsio horretara hurbiltzeko leku bat da.

Beste galdera batek ere zeharkatzen du liburua: nola gogoratu hildakoak zeru kristaurik gabe?

Bai, eta erantzunik ez daukat. Gure etxean batzuk izan dira nahiko sinestunak, eta horrek ematen du erantzun bat. Ni ez naiz garai horren alaba, eta hori erresolbitu gabe uzten dizu horrek. Batzuentzako jainkoa zen, baina nik ez daukat hain argi guretzat helduleku horiek zein izango diren.

Itu bandako kide izan zinen, eta horren oihartzuna ere badator liburuan, Bilbo poeman, esaterako. «Bada denbora bat/ itzuli ez naizela/ modernoen taberna hartara/ baina jarraitzen dut/ –eta zuek nirekin–/ han irabazitakoaren atzetik». Zer izan da Itu zuretzat?

Etapa inportantea izan zen; eferbeszentea eta ederra. Ordutik mantendu ditut lagun asko. Mundutxo honetan sartzeko hasiera izan zen guretzat, eta taldean egiteak beti errazten du. Hor deskubritu nuen hau egiten nahi nuela tematu, eta inguru bat izatea horretarako akuilu ona da, eta hor deskubritutako gauza batzuen atzetik jarraitzen dut orain ere.

Behin baino gehiagotan deskribatzen dituzu gorputz biluziak liburuan. Plazera ere badago, beraz, baina sexuarekin lotutako poemek badute halako tentsio giro bat ere. Mugakide dira desira eta mehatxua?

Uste dut baietz. Oso samur trantsitatzen da batetik bestera, eta poema batzuek badute genero irakurketa indartsu bat. Plazera eta mehatxua ez dira berdinak emakume gorputzetik edo gizon gorputzetik edo beste gorputz batzuetatik bizita. Uste dut badaudela bi erritmo paralelo askotan. Kontra-azalera eraman dugun Etorkizuna poeman ere beste plazer mota bat deskribatzen da, pertsona bat dagoelako ispiluan bere buruari begira. «Nola liteke/ dena irabazteko izan/ eta dena galtzeko beldur hau». Zeure nortasuna eraikitzen zoaz, eta ametsak eta ilusioak eta momentu ederrak daude, eta, aldi berean, sentsazio horiek ez dira hain gauza egonkorrak, sentitzen duzun ezer ere ez da betierekoa. Horren kontzientzia hartu gura bat dago. Plazera ospatzeko gogo bat badago, eta horri lekua egitekoa, baina ahaztu gabe horrek dauzkan engranaje problematikoak, eta ez dela gauza puru bat, baizik eta momentu bakoitzean bere formak eta bere arriskuak hartzen dituen zerbait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.