Frantziako Lodudo konpainiaren Dioscures dantza ikuskizunarekin hasiko da, gaur, BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia. Marta Izquierdo espainiarrak zuzentzen duen talde horrek maskulinitatearen kodeak aztertzen ditu mitologiaren bi figura biki (Kastor eta Polux) ardatz hartuta. Harrobian izango da emanaldia, eta hilaren 27ra arte iraungo duen programazioari hasiera emango dio. Hain zuzen ere, hamar egunez, BAD jaialdiak hemeretzi konpainiaren 22 saio emango ditu hiriko zenbait lekutan: Fundicion, Harrobia, Bilborock, Eleiz museoa eta Campos antzokia.
BAD jaialdiak programatu dituen ikuskizunen artean zazpi izango dira erabateko estreinaldiak, eta horietako ugari euskal konpainienak izango dira. Horrela, Gasteizko Musaloka Kolektiboak Rojo nieve dramaturgia berriak eta clowna uztartzen dituen ikuskaria emango du lehenengo aldiz, ostiralean, Fundicion aretoan. Silvia Larrauri zuzendari artistikotzat daukan konpainiaren lehen lana da Rojo nieve.
Nerea Gurrutxaga eta Oihana Vesga dantzari eta sortzaileek osatzen dute Mari Zaunka taldea, eta BAD jaialdian Erreka ondoan, bi gezur ikuskizuna estreinatuko dute —hilaren 24an, Harrobian—. Haien lehen lana, Leiho zikin, zeru garbi, 2020ko urrian eman zuten aurrenekoz BAD jaialdian. Erreka ondoan, bi gezur-ek, berriz, dantza, ahotsa eta testua biltzen ditu, eta sortzaileek beraiek azaldu dutenez, «fikzioa eta gezurra kontzeptu gisa uztartzen ditu kondairen unibertsoan barneraturik».
Las Katastrofen konpainiak, berriz, Beste bat antzezlana estreinatuko du hilaren 24an, Fundicionen. Leire Olaranek eta Jone Garciak zuzendu dute obra hori, Olaranen testu bat oinarri hartuta, eta, azaldu dutenez, taldearen aurreko lanetan bezala, oraingoan ere umorean aurkitu dute «sakontasuna eta bizi filosofia». Hain zuzen ere, Beste bat-en basatiarena egitea kirol bihurtu duten bi emakume dira protagonistak.
BADek aurten programatu dituen gainerako estreinaldiak hauek dira: Harreman konpainiaren Enbor(r)rak dantza-antzerki ikuskizuna, La Cocina taldearen Calla y come antzezlana, Olaia Valleren Entre mi cuerpo y yo. Llorona llévame al río dantza ikusgarria eta Laida Aldazen In Perspective dantza saioa. Hain zuzen ere, Aldazen emanaldiarekin, Serruchoren Interior noche-rekin eta Jon Ander Urrestiren Eukalyptus-ekin amaituko da BAD jaialdia, hilaren 27an. Azken horrek Durangoko Azokaren sormen beka irabazi zuen 2022an.
Profesionalen topaketa
Ikuskizunez gain, BADek arte eszenikoen profesionalen topaketa bat ere antolatu du aurten ere. Heldu den larunbatean izango da, Dantzerti arte dramatiko eta dantzako goi ikastetxean, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, dantzaren, antzerkiaren, hezkuntzaren eta ikerketaren inguruko esperientziak partekatzea izango du helburu. Besteak beste, Aldazek, Nagore Tamayok eta Lourdes Cilleruelok parte hartuko dute jardunaldian.
Hemen kontsulta daiteke BAD jaialdiaren programazio osoa.