Donostiako 82. Musika Hamabostaldia

Bachen obrak interpretatuko ditu Conductus Ensemblek, bi saiotan

Andoni Sierra, Patrick Alfaya jaialdiko zuzendaria eta Jesus Garcia Arejula, atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Erredakzioa
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Donostiako 82. Musika Hamabostaldiarekin aspaldiko harremana du Conductus Ensemblek, eta jaialdiko publikoak sarritan entzun ahal izan ditu Andoni Sierrak gidatutako ahots eta instrumentu taldearen proposamenak. Aurten, entzuleek horretarako bi aukera izango dituzte, bitan ariko baita aurtengo festibalean: batetik, Senperen (Lapurdi) emanaldia egingo du hilaren 9an, Musika Aitzaki zikloaren barruan; eta, bestetik, Donostiako Koruko Andre Mariaren Basilikan ariko da hilaren 13an, Antzinako Musikako zikloan. Bi saioetan, Johann Sebastian Bachen hainbat obra interpretatuko dituzte.

2002. urtean sortu zuten Conductus Ensemble, eta Sierrak gidatu du hastapenetik. Interpretazio historizistan oinarritzen du taldeak bere lana, eta Errenazimentutik hasi eta XX. menderainoko errepertorioak jorratu ohi ditu. Horretarako, aldi bakoitzean hautatutako programaren eskakizunei erantzuteko, interprete taldea egokitu izan dute. Oraingoan, Hamabostaldian emango dituzten bi kontzertuetako Bachen obrak jotzeko, Jone Martinez sopranoa, Gabriel Diaz kontratenorra, Ariel Hernandez tenorra eta Jesus Garcia Arejula baritonoa izango dituzte lagun.

Hilaren 9ko kontzertua Senpereko San Pierre elizan izango da, 21:00etan, eta Bachen katalogoan BWV 61, BWV 51 eta BWV 4 zenbakiz jasotako kantak interpretatuko ditu taldeak. Hilaren 13ko emanaldian, berriz, abesbatza eta instrumentu talde gisa ariko da Conductus Ensemble, eta konpositorearen bi meza labur (BWV 233 eta BWV 235) emango ditu.Koruko Andre Mariaren Basilikan izango da saioa, 19:30ean.

Bi kontzertuetarako sarrerak salgai daude dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.