Babes egoeraren irudikeria

Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak 'Uholdeak' erakusketa ibiltaria antolatu du. Sei artistak hartu dute parte, eta 'klaustrofiliaren' ideiatik abiatu dira beren obretan. Agoitzen dago ikusgai orain

Uholdeak proiektua Agoizko kultur etxean dago ikusgai. Sei artista nafarrek «beretzat» dauzkaten lurraldeetatik abiatuta sortutako obrak dira. MANNAIG NOREL.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Klaustrofilia «babestuta sentitzeak ematen duen lasaitasun eta segurtasun sentimendua» da, eta «historikoki giza bizitzak baldintzatu dituzten prozesu naturaletatik isolatuta bizitzeko uste faltsuari» aplika dakioke. Eta kontzeptu hori da bigarren Uholdeak programaren abiapuntua. Iaz sortu zuten Uholdeak proiektua, hiru behar nagusik bultzatuta: Nafarroan arte garaikidea deszentralizatzea eta ohiko zirkuituetatik harago zabaltzea; tokiko artistak eta haien lana bultzatzea; eta komisariotzaren ikerketa sustatzea, lan hori ez dadin mugatu artelanak aukeratzera. Horiek gauzatzeko, eta arte garaikidearen planteamenduak gizarteari helarazten asmatzeko, lankidetza sare bat osatu zuten iaz, Nafarroako Kutxa fundazioaren, La Caixa Gizarte Ekintzaren, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroaren eta hainbat kulturguneren artean. Aurten, sendotu egin dute.

Aurrekoan bezala, lankidetza hori erakusketa ibiltari batean mamitu da aurten ere. Iranzu Antona (Iruñea, 1979), Iosu Zapata (Iruñea, 1981), Victor Masferrer (Bartzelona, 1980), Mirari Etxabarri (Iruñea, 1988), Ines Aubert (San Jose, Costa Rica, 1977)eta Txuspo Poyo (Altsasu, 1963) artistek beretzat dauzkaten lurraldeetatik abiatuta landu dute klaustrofiliaren kontzeptua. Emaitzak jasotzen dituen erakusketak Nafarroako bost herri bisitatuko ditu: Agoitzen dago orain, eta ondoren Altsasu, Elizondo, Tafalla eta Tuteratik igaroko da. Horrez gain, heziketa programa bat garatuko dute, Uharteko zentroko hezkuntza taldearen bidez.

Bitartekaritza programa indartzeko, Kanpoko Bulegoak kolektiboa gonbidatu dute egitasmoan parte hartzera. Anne Ibañezek eta Marc Badalek osatzen dute kolektiboa, eta agroekologiaren eta landa garapenaren eremuko ikerketa eta dinamizazioa uztartzen dituzte, landa ingurunearen eguneroko lanetan oinarrituta. Artearen esparrua, gainera, unean uneko eta tokian tokiko egoeraren ezaugarriekin lotzen dute; horregatik aukeratu dute aurten klaustrofilia kontzeptua.

Marc Badalek azaldu duenez, hitz hori mota askotako egoerei aplika dakieke, baina landu dutena zera da, gizartearen «uste faltsu» bat: gizakia historikoki bizia baldintzatu duten prozesu edo fenomeno naturaletatik «at» bizi delako uste faltsua. «Egungo testuinguruan, mundu osoan hedatuta dagoen teknosferak gizakiok lurrarekin ditugun harremanak oztopatzen ditu. Aldi berean, gizakiok konfiantza absolutua dugu zientzia modernoan: hark naturaren sekretu guztiak argitzeko gaitasuna duela uste dugu», adierazi du Badalek.

Hain zuzen ere, teknosferak gizakiari ematen dion «erosotasunaren» eta hark zientzian duen «konfiantzaren» ondorioz, «babes egoeraren irudikeria» horretan pitzadurak agertzen diren bakoitzean —«birus batek, adibidez, sentsazio hori hausten duenean»—, gizakiaren instintuzko erantzuna «ukazioa» izaten da, Badalen arabera. «Alegia, ez dugu onartu nahi mundutik bereizirik bizitzeko uste hori ez dela soilik hauskorra: falazia bat ere badela».

Teoria horri jarraituz, Uholdeak programaren aurtengo irudian, erresistentziaren keinua islatu dute, errealitatea ikusi edo entzun nahi ez izatearena. Marrazkian, pertsona baten aurpegia ageri da, baina begiak marraztu gabe ditu, eta eskuekin belarriak estaltzen ari da.

Abiapuntu ezberdinak

Erakusketan parte hartzen ari diren sei artisten artean, bik beren ohiko bizilekutik abiatuta sortu dute lana: Mirari Etxabarrik, Un sabor metálico obra (Metal zapore bat), eta Victor Masferrerrek, Situador obra. Iranzu Antonaren kasuan, Alóctona lanean (Aloktonoa), haurtzaroko lurralde bat zeharkatu du, bere aitaren herria, Arbeiza (Nafarroa); eta haren antzera, Txuspo Poyok, Casa árbol obran (Zuhaitz etxea), galdutako haurtzaroko toki bat berreskuratu du. Iosu Zapatak, berriz, Fluido Sonoro obran (Soinu fluidoa), aztertzen du zeintzuk diren bisitatzen ari diren tokien soinu paisaiak, eta zer eragin duten soinuek lurraldeen memoria eratzerakoan.

Erakusketa Agoizko kultur etxeko Jose Hierro aretoan izango da azaroaren 28ra arte. Ondoren, Altsasu bisitatuko du, abenduaren 18tik urtarrilaren 17ra bitarte; urtarrilaren 19tik otsailaren 14ra, Elizondora joango da; otsailaren 19tik martxoaren 19ra, Tafallan ikusi ahal izango da, eta ekainaren 10etik uztailaren 9ra, berriz, Tuteran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.