Sormen prozesuak askotarikoak izan daitezke. Ez dira linealak, ez eta jarraituak ere. Bakarka egin daitezke, baita taldean ere. Bada, halaxe, Don Inorrez taldeko kide Imanol Ubeda musikariak laguntza izan du. Aztia diskoa atera berri du taldeak, eta ez da nolanahiko proiektua, pieza eszeniko bati lotuta dago eta. Metrokoadroka sormen laborategiak sortu du pieza hori: albumeko kantak eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizun bat da. Diskoa kalean da jada, eta antzezlana otsailaren 8an estreinatuko dute.
Duela urte eta erdi inguru hasi zen proiektua Ubedaren buruan bueltaka. Oier Guillan antzerkigilearen Mr. Señora liburua (Txalaparta, 2016) irakurtzen ari zen, eta zerbaitek oihartzun egin zion barruan: «Testuaren tonua oso gustuko nuen; iruditzen zitzaidan pasarte batzuk oso musikagarriak zirela». Hori dela eta, Guillanekin hitzordua jarri zuen musikariak, eta antzeko testuren bat bazuen edo idatz zezakeen galdegin zion, hitzok musikatzeko asmoz. Ubeda: «Ez genuen nahi hari hamar doinu emanda hark letraz janztea. Guillan bere lengoaian aritzea nahi genuen, eta gu haren narratibara egokitu».
«Ez genuen nahi hari hamar doinu emanda hark letraz janztea. Guillan bere lengoaian aritzea nahi genuen, eta gu haren narratibara egokitu»IMANOL UBEDAMusikaria
Beraz, bazuen erronka antzerkigileak. «Erokeriatzat» jo du, txantxa artean, Guillanek, lehen aldia baita horrela lan egiten duena. Lehen bilera egin eta hilabete ingurura, prest zuen testua. Pandemia osteko kultur kudeaketaren inguruko hausnarketek eman zioten inspirazioa. «Bakarrizketa zabal bat sortu nuen: paisaia bat, hitzez beteriko testu luze bat». Diskoko lehen kantuak sortzen hasi zen orduan Don Inorrezeko kidea. Aztia zuen izenburua lehen idazkiak, eta hortik datorkio proiektuari izena. Gerora, testua moldatuz joan zen Guillan, eta abesti gehiagorako bide eman zuen horrek.
Etengabe aldatzen
Ubeda jabetuta dago egindako prozesua ez dela ohikoa, «bakarrizketa dramatiko» batetik abiatu dira-eta kantak sortzeko. Halaber, kantuak konposatzeko orduan ere modus operandi-a desberdina izan dela azaldu du. Iazko udan, taldea Cadizera (Espainia) joan zen diskoa grabatzera, Paco Martinez Paco Loco-ren estudiora. Musikariaren ustez, Don Inorrezen lehen bi diskoen «airea» du Aztia-k: «Power pop doinuetara lerratzen dira doinuak».
Aztia-ren lehen hitz horiek izan zuten moldaketarik, eta handik urtebete pasatxora ere jarraitzen dute moldaketetan. Izan ere, pieza eszenikoa sortzeko, Guillanek etengabe moldatzen du jatorrizko lana. Uste baino erronka sakonagoa izan da harentzat. «Nahiz eta bakarrizketa den, elkarrizketa da: musikaren eta hitzen, hitzen eta gorputzaren, musikaren eta irudiaren, eta musikaren eta gorputzaren artekoa».
Berridazketa horietan murgilduta, zaila egiten zaio egileari pieza eszenikoaren mamia zein den azaltzea, eta, ideiak nolabait ordenatzeko, beste testu bat idatzi behar izan du. «Des-deslilurari buruzko antzezlan bat da Aztia», du hasiera testu horrek. Botere galera du hizpide, baita ezintasuna eta esperantza ere. Patrika Zabalegi da ikuskizuneko protagonista; Ainhoa Alberdi aktoreak antzeztuko du.
«Nahiz eta bakarrizketa den, elkarrizketa da: musikaren eta hitzen, hitzen eta gorputzaren, musikaren eta irudiaren, eta musikaren eta gorputzaren artekoa»OIER GUILLANAntzerkigilea
Patrika Zabalegi nauzue abestian aipatzen den moduan, «munduko terapia guztietan aditua» da Zabalegi, eta ironiaz begiratzen dio inguruari. Badu lelo bat protagonistak: «Zoriontasuna hasiera besterik ez da». Zoriontasunaren hurrengo egunarekin amesten duten horietakoa dela kontatu du antzerkigileak. Hain zuzen, honela dio Konstelazioak kantak: «Aztia, aztia naiz./ Zoriontasunaren aztia./ Aztia, horixe naiz,/ zoriontasunaren aztia».
Protagonista publikoari ere mintzo zaio. Guillan: «Egoera ezerosoak bilatzen ditu, eta presentzia deserosoa da bere buruarentzat ere». Hil egingo zara abestian, esaterako: «Hil egingo zara, hil egingo zara,/ ez zaitez abaildu./ Noiz hilko zaren?/ Nola izango den?/ Sufrituko ote duzun? Ez dakit, aizu».
Lan kolektiboa
Zabalegi antzeztea «talde lana» izan da Ainhoa Alberdirentzat. Guillanen testuetatik eta Ubedaren kantetatik abiatuz, inprobisazioari ekin zion, butoh dantzaren bitartez —Japoniako dantza garaikide bat da—. «Modu intuitiboan egin dut lan, oso ondo jakin gabe zertan ari nintzen». Oraindik ere pertsonaia moldatzen ari dela azaldu du aktoreak, estreinaldia iritsi artean prozesua ez baita bukatuko.
Intuizioa izan du bide Beratarbide marrazkigileak ere. Hura arduratu da proiektuaren iruditeriaz eta zuzendaritza artistikoaz. «Imanolekin [Ubeda] elkartu ginenean, hark esan zigun bai oholtzako lanak eta bai diskoak lotura izan behar zutela». Eta hori izan da, hain zuzen, Beratarbideren erronka. Metrokoadroka kolektibo bat izanik, proiektuaren adar guztiekin harremanetan egotea beharrezkoa izan zaio. Alberdirekin batera egin zuen lan Patrika Zabalegi sortzeko. Behin hori lotuta, diskoaren azala sortu ahal izan zuen —bertan agertzen da Zabalegiren irudia, hirukoiztua—. Marrazkilariarentzat «gozamena» izan da Aztia-ren sorkuntzan lan egitea.
Aztia pieza eszenikoaren lehen emanaldia Donostiako Lugaritz kultur etxean izango da, otsailaren 8an. Gero, Bilbon taularatuko dute, Loraldia jaialdian; martxoan izango da hori. Saio gehiago ere badituzte lotuak, eta emanaldi gehiago egiteko prest da taldea.
datozen EMANALDIAK
- Otsailak 8. Donostiako Lugaritz kultur etxea.
- Martxoak 19. Bilboko Kafe Antzokia. Loraldia dela eta, BERRIAk babestutako emanaldia. Deskontua BERRIAlagunentzat.
- Maiatzak 16. Andoaingo Bastero kulturgunea (Gipuzkoa).
- Maiatzak 30. Tolosako Topic (Gipuzkoa).
- Azaroak 23. Oiartzungo Landetxe aretoa (Gipuzkoa).