Eraikuntzako langileak aldamioan igota, egunsenti bustiaren ondoko kale umelak, uda amaitzen hasi dela abisatzen duten orri horituak bazterretan eta ikasturte berrirako materiala erakusleihoetan. Bikote bat eta bi haur daude Oiasso erromatarren museoaren atarian, zutikako panel batzuen inguruan. Haur txikiena karroan, bere munduan, ezin jakin non; eta gurasoetako bat dirudiena azalpenak ematen koskortuago dagoenari: «Zaldi gainean joaten ziren», «hau da portua», «hauek termak...». Ez dio askorik iraun interesak mutikoari, baina. «Ikusi zelako uso potolu», esan du, lurrean mokoka ari dena seinalatuz. Bikote heldu bat hurbil dago, aurrerago, bien biloba dirudiena andrearen altzo gainean eta hura trosta moduko bat eragiten belaunekin. Itzaletan daude, uda baita oraindik, eta berotzen hasi baitu Irunen (Gipuzkoa).
Izenean bertan darama erromatarren oharkabeko lorratza hiriak —ilun hitz protoeuskarakotik edo iberikotik eratorria ei da Irun—, eta gaur-gaurko jendea hara-hona dabilen zoruaren azpian dira iragan haren aztarna behinenak. Duela 2.000 urte inguru atzera, Oiasso izendatutako hiri bat izan baitzen bertan, Erromako Inperioaren eremu atlantikoan estrategikoki kokatua eta itsas portu garrantzitsua zuena. Haren hondakinak biltzen ditu orain Oiasso museoak, eta ez dira edonolakoak, Itsaso Bikuña bertako langileak adierazi duenez: «Antzinako beste museo batzuetan, erromatarren garaiko piezen artean, ohikoa izaten da lur zigilatuzkoak-eta topatzea, eta hemen ere baditugu, baina Oiassoren bereizgarria da materia organikoa dagoela: egurra, soka eta larrua». Urteekin deseginez joaten diren materialak dira horiek, agian bizitzari gehien itsasten zaizkionak, eta orduko sandalia zoletan edo itsasontziak amarratzeko egituretan ikusteak ukigarriago egiten du, une batez, museoaren kontakizuna.
Ahalik eta biziena izan nahi duen kontakizuna, Bikuñak zehaztu duenez. Horregatik ez dago, esaterako, azalpen testu mardulik ibilbide osoan, «modu dinamiko batean» pentsatua baitute guztia. Jolasak, ikus-entzunezkoak eta QR kode bidezko argibideak, beraz. «Nahi dugu museoa begi parte hartzaileekin begiratua izatea; jendeak berea ere baden ondarea partekatzea».
Hezkuntzako departamentuko langilea da Bikuña, eta ikasturtean zehar museoko bizitasuna hauspotzeaz arduratzen da haren lantaldea. Eskoletako bisitak antolatzen dituzte ugari, baita txiki-txikienentzako jarduerak —«zer den garaikidea eta zer lehengoa bereizten aritzen gara»— eta aniztasun funtzionala dutenentzako saioak ere. Orain, berriz, turistak dabiltza hara-hona. «Gaur eguraldi ona egiten du, baina aurreko euri egunean, bazirudien inguruko denak etorri zirela». Isilune bat eta aitortza: «Poza ematen dit horrek».
Lokatzari eskerrak
1965. urtean hasitako indusketetan azaleratu zen dena. Nekropolia aurkitu zuten aurrena, museotik hurbil dagoen erromatar hilerria. «Nekro-hil, polis-hiria», azalpena Bikuñak. «Hilerria topatzean, segidan ikusi zuten hiriak gertu behar zuela». Aztarrika segi, eta portuko egiturak azaldu ziren—«enborrak lokatz batez inguratuta zeudelako mantendu dira»—, beste hamaika pieza, eta museoaren atzean dauden termak, azkenik. Bainu erritualen—eta Oiassoren estatusaren— erakusgarri. Estalita daude orain, baina, besteak beste, Europako Next Generation funtsen zigilua duten panelek iragartzen dute berandu gabe izango direla bisitatzeko moduan.
Oraingoz, hiru urratsetan egiten du Oiassorako hurbilpena bisitariak: toponimiarekin hasi, erromatarrak iritsi aurreko eta iritsi zireneko momentura heldu, eta orduko itsas komunikazioan eta hirian amaitu. Bidean ezker-eskuin zabaltzen zaio museoaren bilduma: Helios jainkoa duen kriseilua, egurrezko orrazia, Antonino Pioren sestertzioa, lur zigilatuzko goporra, zeramikazko anfora, amuak —«gureen oso antzekoak, baietz? Hogei mendetan teknika ez da ia aldatu»—, Higerreko lurmuturrean topatutako Isis, Minerba, Marte eta Helios jainkoen irudiak... Eta Bikuñarentzat museoko pieza «bitxiena» dena: «Makina baten pieza bat da. Gu inguratuta gaude [makinez], baina pentsatzea duela 2.000 urte bazutela bat ura ateratzeko...».
Indusketak egiten segitzeko esaten ei die jendeak. «Eta nahi bai, baina Irun erdia ere ezin dugu bota», dio Bikuñak. Obrak egiten direnean, saiatzen dira eremua aztertzen —«eraikitzaileek ez dute nahi izaten»—, eta ziur esan du: «Segituz gero, asko dago jakiteko behin hemen izan ginenaz».
OIASSO ERROMATAR MUSEOKO BILDUMA
Noizkoa. Duela 2.000 urtekoa.
Non. Irunen (Gipuzkoa)
Artearen lekuak. Oiasso erromatarren museoko bilduma
Azpiko hiriaren gainazalak
Irungo Oiasso museoak behinola han izan zen hiri erromatarraren hondakinak biltzen ditu. Pieza organikoak ditu indargune: larruzko zolak, sokak eta enborrak, kasu batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu