Bertsolari Txapelketa Nagusiko zurrunbiloan bete-betean sartuta dago bertso mundua, abenduaren 18ko final handirako hilabete baino gutxiago geratzen den honetan. Hala izanik ere, «urte hasierako ohiko hitzordua» prestatzen ere ari direla adierazi du Bertsozale Elkarteak ohar bidez, eta data aurreratu dute oraingoz: urtarrilaren 28an izango da 2023ko Bertso Eguna, Azpeitian (Gipuzkoa).
Elkarteak urtero aldatu ohi du herriz hitzordua, eta aurten Azpeitiko Udalarekin eta herriko beste zenbait elkarterekin batera ari dira prestatzen egun osoko egitaraua. Xehetasunak aurrerago emango dituzte, baina aurreratu dute 11:30ean abiatuko dutela eguna, kalez kaleko poteo eta bertso saio irekiarekin. Ondoren, 14:30ean, bazkariak egingo dituzte zenbait elkartetan, formatu ugariko bertso saioekin; eta arratsaldeko poteoaren eta Elikagunean antolatuko duten afariaren ondotik, Elikagunean bertan egingo dute bertso ekitaldi nagusia.
Bertsolarien izenak eta afalosteko ekitaldiaren inguruko informazio gehiago aurrerago emango ditu Bertsozale Elkarteak, eta saioetarako txartelak urtea amaitu aurretik jarriko dituzte salgai.
1968. urtetik, aldaketak aldaketa
Egun Bertso Eguna dena, Bertsolari Eguna izan zen hasieran, eta garai hartako zenbait bertsolari omentzeko eguna izaten zen. 1968an ekin zioten hura antolatzeari, harik eta 1987an Bertsozale Elkarteak egitasmoaren gaineko ardura hartu —Donostiako Udalarekin elkarlanean—, 1995ean omenaldiak albo batera utzi, eta ospakizun zabalagoko traza duen Bertso Egun bihurtu den arte.
Donostian egin zen urte luzez, baina 2017ko etenaren ondotik eta 2018tik aurrera, Euskal Herri osoan zehar dabil egitasmoa gaur egun. Pandemiak eraginda, azken bi urteetan mugatuak izan dira egitarauak, baina urte berriarekin «egun osoko plana» berreskuratzeko asmoa berretsi dute antolatzaileek.