BERTSOLARITZA. Bertsolari Txapelketa Nagusiko zurrunbiloan bete-betean sartuta dago bertso mundua, abenduaren 18ko finalerako hilabete baino gutxiago geratzen den honetan. Halere, «urte hasierako ohiko hitzordua» prestatzen ere ari direla adierazi du Bertsozale Elkarteak ohar bidez, eta eguna iragarri dute jada: urtarrilaren 28an izango da 2023ko Bertso Eguna, Azpeitian (Gipuzkoa).
Elkarteak urtero aldatzen du ekitaldia egiteko tokia, eta, aurten, Azpeitiko Udalarekin eta herriko beste zenbait elkarterekin prestatzen ari dira egun osoko egitaraua. Xehetasunak aurrerago emango dituzte, baina aurreratu dute 11:30ean abiatuko dutela eguna, kalez kaleko poteo eta bertso saio irekiarekin. Ondoren, 14:30ean, bazkariak egingo dituzte zenbait elkartetan, formatu ugariko bertso saioekin; eta arratsaldeko poteoaren eta Elikagunean antolatuko duten afariaren ondotik, Elikagunean bertan egingo dute bertso ekitaldi nagusia.
Bertsolarien izenak eta afalosteko ekitaldiaren inguruko informazio zehatza aurrerago emango dituzte, eta saioetarako txartelak urtea amaitu aurretik jarriko dituzte salgai.
Azpeitian egingo dute 2023ko Bertso Eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu