Durangoko 59. Azoka

Azokari gainez egin dion azoka bat

Jendetza bildu du Durangoko Azokaren bigarren egunak. Sarbidea kontrolatzen aritu dira antolatzaileak goizean, eta beteta egon da arratsaldez ere. Azokaren gune guztietan igarri da joan-etorri hori.

Landako gainezka izan da egun osoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Landako gainezka izan da egun osoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Inigo Astiz
Durango
2024ko abenduaren 6a
18:35
Entzun

«Hau urtero izaten da horrela?». Landako gunearen kanpoaldean ilaran euripean ordu erdi pasako itxaronaldia egin eta gero, sartzeko atari-atarian egin dio galdera azokako langileari bisitarietako batek. Aspaldiko betekadarik handienetako bat izan du Durangoko Azokak bigarren egunean. Goizetik hasita bete da Landakoko eraikina, eta sarbidea kontrolatzen eman dute eguna azokako langileek. Ilara luzeak izan dira sarrera guztietan, eta, bazkalordu inguruan, ordubetetik gorako itxaronaldia ere egin behar izan dituzte bisitariek sartu ahal izateko. Azokaren gainerako guneetan ere igarri da jario hori, eta, agian, inoiz baino argiago ikusi ahal izan da haren kultur eskaintzak ere nola gainditzen duen salmahaien gunea.

Karrika antzerki taldeak San Agustin antzokiko eserlekuak ia beteta daudela eskaini du Hurrengo geltokia antzezlana Szenatokia gunean. Barreak eragin ditu autobus baten zain dauden pertsonaia batzuei buruzko bost minutuko esketxak lehenik, eta minutu bete pasako txalo zaparradaren eta publikoa agurtzeko bizpahiru sartu-irtenen ostean, berriz barreak, antzezleen esker hitzen esketxa hastean. «Eta bueno, hau izan da gure ikuskizuna». Esker gehiago. «Esan genuen work in progress batekin gentozela, eta, bueno, hau da gure emaitza». Barreak. «Orain dela hiru urte hasi ginen lanean». Eta barre gehiago.

«Hasieran pixka bat kostatu zen, baina esango nuke duela bizpahiru urtez geroztik Szenatokia kontsolidatuta dagoela»

MAIDER LARRAÑAGASzenatokia guneko koordinatzailea

Urteak dira Szenatokiak antzerki maratoiak antolatzen hasi zenetik, eta hori da aurtengo eskaintzaren muina ere. Guztira, txandakatuta, hamar antzezlan labur eskainiko ditu antzokiak egunotan, eta publikoaren harrera beroa nabarmendu du Maider Larrañaga guneko koordinatzaileak. «Esango nuke duela bizpahiru urtez geroztik gunea kontsolidatuta dagoela. Hasieran gurpil horri pixka bat kostatu zitzaion martxa hartzea, besteak beste, azokako gune nagusietatik urruntxeago geundelako, baina azokak komunikazioan esfortzu bat egin du, eta igarri dugu. Sendotu egin da proposamena».

(ID_14493013) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-12-06, Durango. Durangoko azoka
Karrika antzerki taldeak Hurrengo geltokia lana eman du Szenatokian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Antzezlanen formatuak ere lagundu egin duela uste du Larrañagak. «Oso atsegina da». Eta, azaldu duenez, bere txikian ere, Euskal Herriko egungo antzerkigintzaren askotarikotasunaren erakusgarri ere bada egunotako antzerki programa.

Amu garrantzitsua da Ahotsenea Durangoko Azokara biltzen direnentzako. Eta argi ikusi da hori aurtengo Ikasle Egunean lehenik, bai eta, bigarren egunean, gazteentzat pentsatutako Gazte Eztanda programarekin ere. Ez dira gutxi izan gainez egin duten saioak, ez literatur aurkezpenetan, ez musikan ere.

Heziketa musikala

2008an jarri zuten abian, eta sortzaileak ere azokaren egunerokoan txertatzea izan du helburu ordutik. Gotzon Barandiaran idazle eta koordinatzailearen hitzetan, gaur egun, sortzaileen presentzia ziurtatzeaz harago, «heziketa musikala bultzatzea» da guneak lantzen duen beste alor garrantzitsuetako bat. «Une honetan asko sustatzen da jendeak ezagutzen dituen taldeen kontzertuetara joatea. Horrela ez ditu beste taldeak entzuten, eta nik uste Ahotseneak ematen duela aukera diskriminazio positiboa egiteko agian horrenbeste oihartzun ez daukaten taldeen alde».

«Iruditzen zait sona handiko eta erantzun handiko talde askok kontzientzia hartu dutela, eta lekua utzi dietela horrenbesteko sonarik eta horrenbesteko oihartzunik ez duten taldeei»

GOTZON BARANDIARANAhotsenea guneko koordinatzailea

Hain zuzen ere, «oreka» da programazioa antolatzeko ezarritako irizpideetan gehien errepikatzen den hitzetako bat. Eta, tartean, esplizituki aipatzen da parte hartzen duten egileen ibilbidea ere kontuan hartu beharra. Barandiaran: «Iruditzen zait sona handiko eta erantzun handiko talde askok kontzientzia hartu dutela, eta lekua utzi dietela horrenbesteko sonarik eta horrenbesteko oihartzunik ez duten taldeei».

(ID_14493367) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2024-12-06, Durango. Durangoko azoka
Nize taldeak Ahotsenean eman du kontzertua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Kontzertuez harago, literatur aurkezpenak ere antolatzen ditu Ahotseneak. Azken urteetan Musika Eskolaren eraikinean egin dituzte, baina konpontzen ari dira, eta, horregatik, behin-behineko eraikin bat jarri behar izan dute Landako gunearen ezkerraldean. Emakumezko idazleek aurtengo programan duten presentzia nabarmendu du Barandiaranek. «Azken hamazazpi urteetan emakumeen lanak dira nagusi hor. Guk horretarako ezarri genituen gure irizpideak, diskriminazio positibo hori egiteko».

Antibideoklip bat

«Ezin dugu sinetsi ere egin hemen gaudenik!». Erabateko estreinaldi bati dagokion urduritasun puntua izan du Irudienean Ines Osinagak eta Xerra estudioak sortutako Bat, bi, hiru kanta. Igual lau dokumental musikalaren emanaldiak. Aretoa betea izan dute. Musikariak Itsasoa da bide bakarra diskorako sortutako lau abesti oinarri hartuta sortutako zuzeneko saio bana biltzen du ikus-entzunezkoak. Besteak beste, funikular batean, adineko emakumeekin antolatutako dantzaldi batean zein merkatu batean eskainitako emanaldietan bildutako irudi eta soinuak baliatu dituzte horretarako. Eta publiko aurreko solasaldia ere egin dute proiekzioaren ondoren.

«Ez dugu ekoitzi nahi izan modu indibidualean kontsumituko den ikus-entzunezko produktu bat; zinemetan ikusteko pieza bat egin nahi izan dugu»

INES OSINAGAMusikaria

«Durangoko Azokako sortzaileen gune guztietan parte hartzea da nire erronka», aitortu du Osinagak. «Ahotsenean egon naiz kontzertuak eskaintzen, Lorea [Argarate] eta biok Kabian ere egon ginen [AppaMaurizia proiektua aurkezten], eta Irudienean bideoklip bat aurkezten ere egon ginen aurrez, baina orain ezberdina da». Hain zuzen, Itsasoa da bide bakarra diskoan ezagutu zuten elkar Osinagak eta Xerra estudioko kideek. Haiek izan zuten lan haren zuzendaritza artistikoaren ardura, eta lehen lankidetza horren ondoren heldu zen dokumental musikala sortzeko ideia. Argi izan zuten ez zutela bideoklip konbentzionalik egiteko gogorik, eta horregatik esan du Osinagak, sortutako lana, azkenean, «antibideoklip bat» izan dela.

(ID_14493431) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2024-12-06, Durango. Durangoko azoka
Irudienean eman dute gaur Bat, bi, hiru kanta. Igual lau dokumentala. MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Ez genuen egin nahi pieza bat parafernalia eta makillaje askorekin eta diskoko audioa erabiliz», azaldu du. Horregatik erabaki zuten zuzeneko saioak grabatzea, eta bideoak zinema areto batean estreinatzea ere ez da kasualitatea izan. «Bideoen entzunaldi kolektibo bat egin nahi izan dugu. Nahi genuen pieza hau entzun ahal izatea zinemetan. Ez dugu ekoitzi nahi izan modu indibidualean kontsumituko den ikus-entzunezko produktu bat».

Esku ahaldunak

Programa ofizialaren parte izan gabe ere, Eskuahaldunak elkarteak Arkotxa kalean antolatutako II. Eskultura Azokaren aipamena dakar Durangoko Azokako programak. Azokaren lehen egunean ireki eta urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik. Hamaika euskal artistaren ehun artelan baino gehiago biltzen ditu erakusketak, eta, azoka osoan bezala, han ere nabarmena izan da jende joan-etorria azokaren bigarren egunean.

«Oso polita izaten ari da beste eskultoreekin egon ahal izatea, eta gauza asko ikusten ari gara»

HECTOR LUNAEskultorea

Luzea da erakusketan parte hartu duten artisten zerrena: Iñaki Olazabal, Dora Salazar, Koke Ardaiz, Koko Rico eta Ines Gonzalez de Zarate dira haietako batzuk. Baina Koldobika Jauregiren lan bat eta Vicente Larrearen beste bat ere ikus daiteke, eta gelaxka propio bat hartzen dute Ube artistaren instalazioek ere. Ikusgai ez ezik, salgai ere badaude lanak. Hitzaldi ziklo bat ere antolatu dute, bestalde, azoka egunetarako. Nestor Basterretxearen eta Eduardo Txillidaren mendeurrenak izango dituzte hizketagai. 18:00etan egingo dute solasaldia, eta Fernando Golvano arte ikerlariak, Mikel Txillidak eta Telmo Basterretxeak hartuko dute parte.

Hector Luna artistak, esaterako, lehen urtea izan du azokan, eta zeramikazko bi irudi jarri ditu ikusgai. Aretoak zaintzen ere aritu da, halere, eta, onartu duenez, pozik. «Oso polita izaten ari da beste eskultoreekin egon ahal izatea, eta gauza asko ikusten ari gara».

(ID_14493403) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2024-12-06, Durango. Durangoko azoka
Eskuahaldunak eskultore elkartearen erakusketaren parte den pieza bat, Durangon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.