Bazuen balea eskeletoen aire bat Landako guneak, Durangoko Azoka itxi, saltzaileek liburu eta disko guztiak bildu, eta eraikin hutsean plastiko zurizko erakusmahaiak bakarrik gelditzen zirenean. 30 urteren ostean, ordea, azokak aurpegi berria izango du aurrerantzean. Egurrezko salmahaiak jarriko dituzte hemendik aurrera. Ateak irekitzeko bi asteren faltan, langileek jadanik hasiak dituzte muntaketa lanak, eta itsasontzi baten gila biluziaren aire bat du orain egiturak. «Gure asmoa izan da gaur egungo joeretara egokitzea eta erakusmahaiak errazago identifikatzea», azaldu du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak. Kolore eta ikono berriak ere erabiliko dituzte horretarako. «Azokak bere burua eguneratzeko eginahaletan jarraitzen du». Aurten, abenduaren 5etik 8ra egingo dute 54. edizioa, eta azoka osatzen duten gune guztietako ordezkariekin batera aurkeztu ditu Gerediaga elkarteak nondik norako guztiak. Zehaztu dutenez, guztira 264 erakusmahai jarriko dituzte Landakon; 405 nobedade aurkeztuko dira bertan, eta 200 kultur ekitaldi baino gehiago biltzen ditu programak. Baina aurtengo berrikuntza ez da soilik estetikoa izango. Espazio berri bat ere izango du azokak, eta antzerki eta dantza jaialdi bat antolatuko dute asteburuan Szenatokia gunean. «Azoka berrituta eta oparo dator», laburbildu du Mujikak.
Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskola da azokako espazio berria. Landako gunearen atzealdean bertan dago eraikina, eta azken urteetako zabalpenerako joerak eraman ditu antolatzaileak gune hori ere baliatzera. «Azoka handitzen ari da, eta Durangon zehar zabaltzeko ahaleginetan gabiltza», azaldu du Mujikak. Eta horregatik gune berria. Hantxe egingo dute, adibidez, azokaren irekiera ekitaldia, abenduaren 5ean, eta hara eramango dituzte orain arte Areto Nagusian egiten ziren Gogoetaren Plaza programako solasaldiak. Horrez gainera, han egingo dute Da! Pro izeneko musikaren sektoreko kideentzako topaketa ere.
Abenduaren 5ean izango da hori, goizez, lehen egunean. Eta topaketa hori izango da azokaren beste nobedadeetako bat aurten.
Lehenengo aldiz, musika sektoreko sortzaileentzako, programatzaileentzako eta profesionalentzako topagune bat antolatuko du Durangoko Azokak. Gerediaga elkarteak Musika Bulegoa elkartearekin elkarlanean antolatu du proiektua, eta Da! Pro izendatu dute. Sektoreko jendearen arteko hartu-emanak sustatzea da helburua.
Antzerki eta dantza jaialdia
Azokaren asteburuan egingo den antzerki eta dantza jaialdia da beste nobedade nagusia. Arantza Arrazola da Szenatokia gunearen koordinatzailea, eta berak aurkeztu du proiektua: «Bisitari bakoitzak bere egitarau propioa egin ahalko du gune honetan». Euskal Herriko 10 konpainiak hartuko dute parte jaialdian, eta 30 emanaldi baino gehiago emango dituzte. Larunbatean izango dira 22, eta zortzi igandean. Lan laburak izango dira guztiak, hamabost eta hogei minutu arteko piezak, eta Sanagustin gune osoa hartuko dute ikuskizunek. Agertokian egingo dituzte saio batzuk, baina ganbaran, bulegoan eta eraikineko beste txokoetan ere egingo dituzte emanaldiak.
Doakoa izango da sarrera, baina Sanagustin gunean aurrez hartu beharko dira emanaldietarako gonbidapenak. Besteak beste, Goitibera, Gilkitxaro, Anodino eta Haatik konpainien lanak izango dira ikusgai. Horrez gainera, Ganbila antzerki-testu bildumaren aurkezpen teatralizatua egingo dute abenduaren 6ko arratsaldean, eta Kukai dantza taldeak Erritu ikuskizuna emango du 19:00etan. 10 euroan egongo dira azken horretarako sarrerak.
Sortzaileen topaleku
Ahotseneak bi gune izango ditu aurten ere: solasaldi formatuetarako bata, eta zuzeneko emanaldietarako bestea. Unai Pelayo koordinatzaileak aurkeztu du bertako programa. «Ibilbide luzeko sortzaileek eta hasiberri direnek topo egingo dute bertan». Pelayok esan duenez, guneak 49 disko aurkezpen eta 62 solasaldi emango ditu guztira, eta Euskal Herri osotik heldutako 111 sortzaile bilduko dituzte. Disko gehienak autoekoizpenak direla ere zehaztu du Pelayok, eta, azaldu duenez, azken hiru urteetan euskarazko komikigintzak bizi duen loraldia ere igar daiteke Ahotsenearen programazioan. «Hainbat komiki aurkeztuko dira solasaldien gunean, eleberri, saiakera eta olerki liburuekin batera».
Aurkezpenak egiteko gunea izango da Landako guneko Areto Nagusia, baina bi mahai inguru ere nabarmendu ditu programan. Esate baterako, mahai inguru bat egingo dute aurtengo Euskadi Sariaren irabazleek: Asisko Urmeneta marrazkilariak, Isabel Etxeberria itzultzaileak, eta Irati Elorrieta eta Patxi Zubizarreta idazleek. Abenduaren 7an izango da, eta Euskadi Sariak euskal literaturaren kanonetatik at? du izena; Juan Luis Zabala kazetariak gidatuko du. Besteadokumentazio zentroen erronkei buruzkoa izango da, abenduaren 8an, Xenpelar Dokumentazio zentroko arduradunek antolatuta.
Bestetik, Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak eta Rachel Newton musikari eskoziarrak elkarrekin osatutako Throwing Voices ikuskizuna ere egingo dute Areto Nagusian, azokako larunbatean. Etxepare euskal institutuaren eskutik hainbat euskal sortzailek Edinburgora egindako bidaiaren emaitza da emanaldia.
Memoria historikoa
Dokumentalek eta sarerako sortutako euskarazko ikus-entzunezkoek izango dute pisua aurten Irudienea gunearen programazioan. Tantaka izeneko websailaren lehen kapitulua emango dute, adibidez, eta Pikuak eta Kartzela saioak ere emango dituzte.
Gune horrek Zugaza zineman izan ohi du egoitza, eta aurten ere bertan egingo dituzte proiekzioak. Johana Olabarria koordinatzaileak esan duenez, azokak irauten duen egun guztietan hamar orduz edukiko dituzte proiektoreak martxan, goizetik hasi eta arratsaldera arte.
Memoria historikoa izango da Irudieneko programazioaren beste ardatz nagusietako bat, eta bi dokumentalen emanaldi bereziak aipatu ditu adibide gisa. Frankismo sasoian Zamorako kartzelan preso egon ziren apaizei eskainitako dokumental bat emango dute, abenduaren 7an, eta omenaldia egingo zaie espetxean izan ziren abadeei. Bestetik, nuklearren aurkako borrokari eskainitako Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa dokumental luzea proiektatuko dute igandean.
Landako guneak ateak itxi ostean, Plateruena bilakatzen da azokako programazioaren erdigunea, eta bertan egiten dira kontzertu nagusiak. Aurten ere gauero izango dira emanaldiak. En Tol Sarmiento taldea arituko da ostegunean, Zetak ostiralean, Arkada Social larunbatean eta Maider Zabalegiren kontzertuak itxiko du programa igandean. Euskal taldeen bideoklipei eskainitako tarte bat ere izango da antzokian, eguerdietan.
Saguganbara gunean aurkezpenak eta tailerrak egingo dituzte. Aurten ere, Landako gune ondoko eraikinean izango du egoitza gune horrek, eta bi espaziotan antolatu dituzte bertan egitarauko ekitaldiak. Aurkezpenak egingo dituzte areto handian, eta tailerrak eta irakurketa librerako txokoa atonduko dute txikian.
Programazio ikastaroak, bideo jokoak eta Wikipedia elikatzeko jardunaldiak antolatu dituzte Kabi@ guneko arduradunek. Domo itxurako eraikin batean egingo dituzte haiek ekitaldiak. Bestetik, azken urteetan ohitura bihurtu denez, autoekoizleen plaza izeneko gunea ere egongo da Landako gunean, eta hamalau sortzaile izango dira bertan.
Durangoko Azokak duela bi urte eman zuen azken Argizaiola saria. Euskal kulturaren alde urteetako ibilbidea egin duen jendea omentzea zen sari horren helburua, baina norabidea aldatu, eta proiektu berriak sortzen laguntzeko sorkuntza beka jarri zuten abian iaz. Atopia RPG taldeak jaso zuen iaz, euskarazko lehen rol jokoa sortzeko, eta, urtebeteko epearen ostean, abenduaren 6an aurkeztuko dute lana Areto Nagusian. Ekitaldi berean aurkeztuko dute aurtengo saritua ere. Musika izango da ardatza oraingoan.
Antzeko aurrekontua
675.450 eurokoa da aurten aurrekontua: gutxi gorabehera, erakunde publikoek jartzen dute kopuru horren erdia, eta babesle pribatuek jarritako diruarekin eta erakusmahaien alokairuarekin osatzen da beste erdia. «Handia» da diru horrekin azokak egiten duen ekarpena, Gerediaga elkarteko ordezkarien hitzetan. Azokak euskal kulturaren transmisioan egiten duen lana jarri du horren adibidetzat, eta kulturgintzaren sektorean eta Durangoko inguruan uzten dituen etekinak ere izan ditu gogoan. Azken urteetan izan duten diru kopuruaren «antzekoa» da aurtengo aurrekontua, Mujikaren arabera.
Durangora garraio publikoz joateko deia egin dute antolatzaileek. Halere, autoz etortzen direnentzat, doako autobusak jarriko dituzte, 20 minutuan behin.
Azokarentzako eskeleto berria
Durangoko Azokak gune bat gehiago izango du aurten: Bartolome Ertzilla musika eskola. Guztira berrehun kultur ekitaldi baino gehiago bilduko ditu programak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu