Azokako ekosistemaren irudia

Abenduaren 5etik 8ra egingo dute Durangoko 54. Azoka, «Osorik DA» izango du leloa, eta Oier Zuñiga artistak egin du azokako «ekosistema» irudikatzen duen kartelaren irudia

Oier Zuñiga kartelgilea eta Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakaria, aurtengo Durangoko Azokaren irudia izango den kartelaren alde banatara. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
«Durangoko Azoka ekosistema berezi bat da, gune, babesle, Gerediaga elkartea, eta eragile ezberdinen arteko elkarlanean egiten duguna eta egingo duguna». Metafora horrekin deskribatu du azokaren nortasun marka Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak. Haren hitzetan,sortzailearengandik hasi eta kulturazalearengaino doan sokako elementu guztientzako elkargune bat baita azoka. Abenduaren 5etik 8ra irekiko ditu aurten ateak 54. edizioak, eta ekosistemaren ideia horri egingo dio erreferentzia leloak ere: Osorik DA. Etaideia horixe nabarmendu du Oier Zuñiga artistak (Iruñea, 1986) sortutako kartelak ere.

Ilustratzaile eta artista izateaz gainera, aktore ere bada Zuñiga, eta Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Labortegiak sortutako Zaldi urdina antzezlanarekin dabil orain biran. Zuñigak sorkuntzari buruz duen ikuspegi «integrala» nabarmendu dute horregatik Gerediaga elkarteko ordezkariek, eta azokaren parte diren «molekula» guztiek osatzen duten batasuna nabarmendu du Zuñigak berak ere: «Durangoko Azokan hamaika dira batzen diren emozio, esperientzia eta bizipenak. Norbera bere izatetik murgiltzen da euskal sorkuntzaren plaza honetan».

Tradizionalki ibilbide luzeko artistei egin izan diete Gerediaga elkarteko kideek kartela egiteko enkargua orain arte. Besteak beste, Nestor Basterretxeak, Marta Cardenasek, Itziar Okarizek eta Jose Antonio Sistiagak egin dituzte azken azoketako irudiak. Iaz aldatu zuten irizpidea, ordea, eta sortzaile gazteengana jotzen dute geroztik. Txakur Gorria kolektiboak egin zuen, adibidez, iazko kartela, eta Zuñiga hautatu dute aurtengoa egiteko. Eta enkargua egiterako, antolatzaileek jadanik buruan zuten azokaren leloa izango zena eta ekosistemaren metafora lantzeko asmoa, eta ideia horri tiraka sortu du irudia artistak.

Horregatik zatikatu du Zuñigak karteleko irudia lau partetan. Gorputz atal bati egiten dio erreferentzia ataletako bakoitzak, baina osotasun bat eratzen dute guztiek batera: burua, bularra, gerria eta hankak. Eta gorputz bakar horretan bildu ditu irudigileak sortzaile, ekoizle, erosle, bisitari eta azokaren inguruan biltzen diren bestelako elementu guztiak.

Sinbolikoa izan da kartela, eta leloa aurkezteko hautatutako lekua ere. Durangoko Andra Mari elizako aterpera deitu dituzte hedabideak, lehen azokak egin ziren lekura, alegia. «Durangoko Azokaren hastapenetara etorri gara», azaldu du Mujikak, «muinera, esentziara». Baina, hain zuzen ere, esentzia hori ahaztu gabe, moldatzen jakitearen garrantzia nabarmendu du Gerediagako lehendakariak. «Garai berrietara egokitzen jakin duelako iraun du azokak gaurdaino».

Mujikak azaldu duenez, gainera, etorkizunari begira hasteko asmoa du azokak aurten ere, Ikasle Goizarekin hasiko baita azoka, abenduaren 5ean.

Ikasleak eta Sormen Beka

Iaz martxan jarri zuten Sormen Beka ere aipatu du Mujikak. Etorkizunera begirako proiektua da hori ere, azaldu duenez. Izan ere, euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara garatzen laguntzea da bekaren helburua. AtopiaRPG rol-jokoak eskuratu zuen iaz beka, eta aurtengo azokan egingo dute lanaren aurkezpena. Aurtengoan musika izan da beka deialdirako gaia, ordea, etauztailera arte egon da zabalik proiektuak bidaltzeko epea. Eta, Gerediagako arduradunek zehaztu dutenez, azokako lehen egunetan emango dute jakiteranork jasoko duen beka orain.

Aurrekontuetan ere bada nobedaderik. Datu zehatzik ez dute oraindik, eta, beraz, ez du kopururik eman Mujikak, baina esan duenez, izango dira mugimendu batzuk alor horretan. «Azalduko dugu zehatz nork emanda eta zenbat daukagun aurtengo. Ez dago aldaketa askorik, baina aldaketa garrantzitsuak badaude».

Gerediagako lehendakariaz eta kartelgileaz gainera, erakundeetako ordezkariak ere izan dira aurkezpenean. Azoka egunetan Durangora gerturatzeko gonbita egin du Ima Garrastatxu Durangoko alkateak, esaterako. Ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanerako beharra nabarmendu du Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak. Eta azokaren erreferentzialtasuna izan du gogoan Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak: « Oso da garrantzitsua, oso da beharrezkoa, eta oso da erakargarria». Eta azokak euskal hedabideetan zein erdal hedabideetan egiten duen «bozgorailu» lana ere aipatu du. «Poliki-poliki joaten da agerian jartzen azokarako zer liburu eta disko egongo den, eta urtean beste inoiz ez dauka euskarak halako lekurik gure hedabideetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.