Durangoko 58. Azoka

Azoka zeharkatzen duten ideiak

Jendetzaren, harrabotsaren eta salerosketen erdian ere, pentsamenduak beti aurkitzen du bere lekua Durangoko Azokan. Gogoetari begirako zenbait ekitaldiz gain, saiakera ugari dituzte eskura aurten ere irakurleek.

DURANGOKO 58. AZOKA
Joxe Azurmendiren pentsamendua izan dute hizpide Landakoko areto nagusian, mahai inguru batean. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Durango
2023ko abenduaren 8a
21:00
Entzun

Ateak irekitzerako, kalean zain zuen jendea Durangoko 58. Azokak. Eta hortik aurrera, egun osoan etengabea izan da ere kulturazaleen joan-etorria korridoreetan barrena. Tarteka, ateak berriro itxi behar izateraino, Landako bete egin dela eta. Halako jendetzak biltzen diren lekuak —horrek dakarren zaratarekin— ez dirudi aproposenak direnik gogoetarako, eztabaidarako eta ideien trukerako. Baina pentsamenduak beti egiten du bere bidea, eta azokan ere urtero aurkitzen ditu bere zirrikituak.

Gogoetari lotutako zenbait ekitaldi izateaz gain, aurten ere saiakera ugari ekarri dizkiete argitaletxeek irakurleei. Pamielak, esaterako; salmahaian dozenaka jarri ditu eskura. «Pamielan, saiakeraren alorrak espazio nabarmena du, gehienetan historiari edo memoria historikoari lotuta. Baina baditugu beste mota batzuetakoak ere, pentsamenduari zehatzago lotuak; aurten, esaterako, Nuccio Ordineren Alferrikakoaren balioa. Manifestua edo Miren Billelabeitiaren Norberak maite duena, dezente mugitzen direnak, eta, arinagoak izanik, balio dutenak gai baten inguruan eztabaidatzeko», azaldu du Lander Majuelok. «Nik uste dut azokan, beste argitaletxeen bidez ere, pentsamenduaren alorrak baduela bere presentzia, eta ez dagoela inolaz ere menostua».

«Nik uste dut azokan pentsamenduaren alorrak bere presentzia duela, eta ez dagoela inolaz ere menostua».

LANDER MAJUELOPamiela

Edonola ere, Pamielako kideak aitortu du ez dela erraza saiakerei merezi duten arreta ematea. «Nik uste dut gaur egun liburuak aurkezteko dagoen erritmoa —azken finean merkatuarena dena— ez dela onena trankil diskutitzeko eta liburu horiek eskatzen duten atentzioa bermatzeko». Ideia gisa, esan du ongi legokeela «beste espazio mota bat» izatea, «saiakerak idazten dituzten autoreek parada izateko, ez bakarrik beren tesia aurkezteko, baizik eta irakurleekin solastatzeko eta elkarrekin eztabaidatzeko».

Katakrakeko erakusmahaian ere urtero izaten dira nagusi pentsamenduari lotutako liburuak, eta aurten ere ez da aldatu hori. «Gure eskaintzak tarte handia ematen dio pentsamenduari, historiari, filosofiari, teoria kritikoari. Hori da gure eskaintza, eta hala izango da aurrerantzean ere», adierazi du Nerea Fillatek. Aurtengo nobedadeen artean dituzte Friedrich Engelsen Etxebizitzaren auzia, Stefan Zweigen Gizadiaren oren gorenak, Bell Hooksen Transgresioa irakasgai eta Hanna Arendten Eichmann Jerusalemen. «Horietatik, Zweigena izan daiteke nolabait narratiboagoa, baina gainontzeko guztiek atea irekitzen diote pentsamendu abstraktuago edo teorikoagoari. Eta guk argi ikusten dugu badaudela irakurleak liburu horientzat, jendeak baduela teoriaren grina ere». Garaiarekin, testuinguruarekin lotu du hori Katakrakeko kideak. «Historiaren oso garai zailean gaude, eta teoriak ematen digu bide bat hori lantzeko». 

«Jendeak badu teoriaren grina ere. Historiaren oso garai zailean gaude, eta teoriak ematen digu bide bat hori lantzeko».

NEREA FILLAT Katakrak

Ideia horrekin bat etorri da Majuelo ere. «Beti gertatzen dira gauza ugari, baina azken hiruzpalau urteetan pelikula azeleratu dutela dirudi. Galderak erantzuteko gaitasuna ere badute liburuek, eta hori bilatzen dute askok. Beraz, normala da Pamielan, Txalapartan, Katakraken eta Jakinen jendeak galdera horiei erantzunak bilatzea». 

Azurmendi, erdigunera

Landakoren bihotzean dago areto nagusia, Talaia izena ere hartzen duena. Egurrezko kutxa moduko bat da, eta altzairuzko eta kristalezko kutxa handiagoaren barruan dago. Bertan bildu ohi dira urtero hainbat mahai inguru eta solasaldi, eta talaia horretatik hainbat auziri begiratzeko aukera izaten dute azokako bisitariek. Joxe Azurmendik azken sei hamarkadetan landutako pentsamenduan arakatzeko tartea izan dute gaur aretora bertaratutakoek, eta, batez ere, gaur egun eskaintzen dituen aukerez gogoeta egitekoa. Izan ere, Joxe Azurmendiren pentsamendua gaur izenburupean, Europa bezain zaharra haren azken liburua mahai inguru-solasaldi moduan aurkeztu dute Jakineko zuzendari Lorea Agirrek eta hiru filosofo gaztek: Haritz Azurmendik, Alba Garmendiak eta Mikel Urdangarinek.  

Agirreren hitzetan, «harrigarria» da Azurmendik ekoitzi duen pentsamendua, bai kalitatez, bai kantitatez. Eta, gaur egun ere baliagarria dela ziurtzat jota, galdera bat bota die hiru hizlariei: zertarako den haientzat baliagarri. Nork bere ertzetik erantzun du, pentsalariaren obra bakoitzaren ikergaiekin lotuta aztertuz. Baina denak etorri dira bat haren ekarpenaren gaurkotasunean. Azken aldarri bat ere utzi du Haritz Azurmendik pentsalariari buruz: «Gutxiago goretsi, eta gehiago irakurri».

Arratsaldean, berriz, Txalaparta argitaletxearen txanda izan da gune berean. Tentsio ardatzak, ipar izenburupean, Iratzar fundazioarekin elkarlanean argitaratzen duen Iparrorratza bildumako aurtengo bi liburuxkak aurkeztu dituzte egileek: Ez dadin bizitza eten eta Adaxka lehorrak. Talka ekosozialaren biharamun politikoak. Zaintzaren gaia du hizpide batak, eta talka ekosoziala besteak, «baina badauzkate puntu komunak», Txalapartako Garazi Arrularen ustez. «Pentsamendua saiakerarekin berdintzen badugu, Txalapartarentzat nahiko ildo indartsua da, eta bilduma hau parte txiki bat da. Orain lau urte abiatu genuen, eta ezaugarrietako bat da testu trinkoak direla, baina eserialdi batean irakurtzekoak», azaldu du editoreak.

«Pentsamenduak pausa eskatzen du, eta mahai inguruak eskertzen dira, azokaren martxa pixka bat pausatzen delako».

GARAZI ARRULATxalaparta

Arrularen ustez, pentsamenduak badu lekurik azokan, baina ez da horretarako «plazarik errazena». Horregatik, oso eskertuta agertu da halako aurkezpen-solasaldiak egiteko aukerarekin. «Azoka topagune bat dela esaten dugu, kultur jaialdi bat ere bai, baina pentsamenduak igual eskatzen du pausa. Halako mahai inguruak egon badira, eta asko eskertzen da, azokaren mugimendu handiko martxa hori pixka bat pausatzen delako». Ahotsenean aurreko urteetan izandako aurkezpenetan, hainbat jende atseden hartzera eta lasai entzutera esertzen zela ere gogoan du. «Gero publikoak badu aukera salmahaira joan eta egileekin mintzatzeko; badago feedback hori, eta polita da; gurean eskertzen dugu irakurleen iritziak jasotzea. Horretarako aukera ematen du, baina pausatzeko... agian ez da plazarik errazena».

Gaur egun pil-pilean dauden gaiei erantzunak bilatu nahian segituko dute idazle eta pentsalariek, eta erantzun bila liburuetara jotzen ere bai irakurleek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.