Azkona: «Perfomancearen jarraipentzat jotzen dut epaiketa»

'Desenterrados' erakusketan «kristauak iraindu» izana leporatuta deklaratu du artistak auzitegian

Abel Azkona, atzo, epaitegira Jorge Morales abokatuarekin iristen. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2016ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Desenterrados erakusketaren bidez ez zuela inor iraintzeko asmorik adierazi zion atzo Abel Azkona artistak Fermin Otamendi Iruñeko Instrukzioko 2. Epaitegiko epaileari. Erakusketaren harira, Iruñeko artzapezpikutzak eta Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak profanazio eta erlijio sentimenduen aurkako delituak leporatu zizkion artista iruindarrari. Azkonak uste du epaiketa bere artelanaren zati gisa ikus daitekeela: «Perfomancearen jarraipentzat jotzen dut». Dena den, azaldu du espero duela auzia bertan behera gelditzea, «ziur» baitago ez duela legerik urratu.

Epailearen aurrean deklaratu aurretik, Iruñeko auzitegi atarian dozena bat lagunek elkartasuna adierazi zioten Azkonari Adierazpen askatasuna lelopean egindako elkarretaratzean. Bertan ziren besteak beste, Patxi Urrutia Kontuz elkarteko kidea, Carlos Otxoa Ahaztuak plataformako bozeramailea eta Maider Beloki Iruñeko Kultura zinegotzia. Sortzaile guztiek duten adierazpen eskubidea nabarmendu zuen Belokik «herritar zein udaleko ordezkari gisa».

Zentzu berean mintzatu zen Otxoa ere. Dena den, Azkonaren lanaren harira sortutako polemikak erakusketaren funtsa zokoratu zuela ohartarazi zuen. «Desenterrados-en 1936ko gerraren biktimen errealitatea azaleratu nahi zen, baina eragile kristauen salaketak bertan behera utzi zuen erakusketaren bidez eragin nahi zen eztabaida». Azkonak baieztatu du galdu egin zela erakusketaren helburua.

Izan ere, Azkonak hautatutako pieza batean pederasta hitza idatzi zuen mezatan jasotako 242 ostia sagaraturekin, eta horrek piztu zuen polemika. Artistak dioenez, hasieratik esan zuen obra hark kritika zuela helburu, eta jendearen erreakzioa espero zuela. Aurreikusitakoa bete, eta polemika piztu zuen erakusketak. Gainera, hainbat kristau taldek erakusketa bertan behera uzteko eskatu, eta auzibideari ekin zioten. Hala ere, egoera horrek ez du Azkonaren lan egiteko modua aldatzerik lortu: «Epaiketak ez du inolaz ere nire lana mugatuko. Nik arte garaikidea egiten dut, eta kritika arte garaikidearen funtsa da».

Kristauen sinadurak

Ez da iritzi berekoa Jose Nuñez, Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteko abokatua. Erakusketa kristauentzat «irain handia» izan dela azaldu du. «Mundu osoko 102.000 kristauk» Azkonaren artelana erakustearen aurka sinatu zuten, eta hori ez da «txorakeria», haren ustez. Epaiketaz galdetuta, adierazi du instrukzio epaileak auzibidearekin jarraitzea espero duela. Auzia zabaltzea nahi du elkarteak, eta horretarako froga eta deklarazio gehiago eskatuko dituzte. «Oraindik ezin dut ezer zehaztu, baina kasua zabaltzeko eskatuko dugu». Ez du argitu nahi izan Iruñeko Udala auzipetzea eskatuko duten ala ez.

Nuñezen iritzi bera du Espainiako Gotzainen Biltzarrak ere. Jose Maria Gil Tamayo gotzainen eledunaren aburuz, adierazpen askatasunaren izenean ezin dira «erlijio askatasuna eta halako oinarrizko eskubideak» urratu: «Azkonaren artelanak kristauak iraindu zituen, eta irain hori ezin da doakoa izan». Epaileak Azkona erruduna dela ebatziz gero, artistak «erantzukizuna bere gain» hartu beharko duela adierazi du.

Otamendi epaileak bost egun ditu auziarekin aurrera jarraituko duen edo ez erabakitzeko. Jorge Morales Abel Azkonaren abokatuak azaldu duenez, epaileak artistaren aurkako prozesua bertan behera ez badu uzten, helegitea aurkeztuko dute. Izan ere, Moralesek argi du Azkonaren auzibidea adierazpen askatasunaren aurkako erasoa dela. Gainera, Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak artisten aurka azkenaldian jarritako salaketak kritikatu ditu Azkonak: «Artistok, zinemetan, aretoetan eta antzokietan egon beharrean, auzitegietan gaude Espainiako Abokatu Kristauen Elkartearen erruz».

Epaiketak ez duela bere ibilbidea inolaz ere apurtzea lortuko dio Azkonak: «Nire pieza kritiko eta subertsiboak egiten jarraituko dut. Adierazpen askatasuna defendatuko dut». Adierazpen askatasuna non mugatzen duen galdetuta, artistak azaldu du iruditzen zaiola norbanakoaren ongizate fisikoak mugatzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.