Bukaera da, bukaera aurresentitzen da, arratsalde euritsua kamaleoientzat». Clash eta Pistols kantuaren lelo ezaguna nolabaiteko profezia bilakatu izan balitz bezala, 1985ean, kantu hura zuen Espaloian diskoaren aurkezpen biraren ondoren, hasi zen Itoizen amaieraren hasiera. Ia hiru urte luzatuko zen bukaera sentitu baina hondarrera arte baieztatu gabea. Azken hatsa 1988ko maiatzaren 10ean eman zuen musika taldeak, Bordelen, Eysines kulturgunean emandako kontzertuarekin. 25 urte bete dira gaur Itoizek azkeneko kontzertua eman zuenetik.
«Azken kanta jotzen ari ginela konturatu nintzen benetan hamalau urteko abentura bukatzear zegoela. Itoizekin jotako azken nota buruan gordeko nuela erabaki nuen. Sol izan zen». Jon Eskisabelen Itoiz, hari xingle bat liburuan (Paper Hotsak), Jose Garate Foisis Itoizen baxu jotzaileak azken kontzertu hura ondo gogoratzen duela aitortzen du. Izan ere, euskal rockak ordura arte izandako talde estimatu eta arrakastatsuenetako baten amaiera zen hura. Eta Foisis zen, Juan Carlos Perez taldearen bultzatzailearekin batera, hasiera-hasieratik gelditzen zen musikari bakarra.
Bordelekoa izan zen azkena, Compagnie Lubat talde gaskoiarekin emandakoa. Baina haren aurretik beste lauzpabost eman zituen taldeak, denak Frantzian: Poitiers, Tours, Paris... Ordurako Itoiz ez zen existitzen, ordea. Perezek hartua zuen erabakia, eta 1987ko Gabonetatik deseginda zegoen taldea. Abendu hartan, 11n eta 12an, grabatu zuen taldeak gerora Eremuko dunen atzetik dabil izenarekin kaleratuko zuten zuzeneko disko bikoitza. Getxon, Faduran. Eta hilaren 26an egin zuen Euskal Herriko azkeneko saioa, Oñatin, Saz Le Bolo taldearekin.
Itoizen desegitea asko luzatutako erabakia izan zen. Perezek sarritan aipatu zuen nekea eta ziklo bati amaiera duina emateko nahia, baina taldeak aurrera egiten zuen, gero eta arrakasta handiagoarekin gainera, eta erabakia hartzea ez zen erraza. Are gutxiago, taldekideen artean ere eztabaidak eta etorkizunaren inguruan ikuspegi ia kontrajarriak egonda.Ilusio pizgarriak hain ezberdinak izanda.
Arrakastaren biharamuna
Itoizen azken urteetako ibilbidea ulertzeko, komeni da taldeak 80ko hamarkadaren erdialdean lortu zuen estatusa kontuan izatea. Indar Trabesekin berbenetan jotzen hasitako lagun talde hark bilakaera izugarria egin baitzuen bost urtean. Rock sinfonikoari eta folkari lotutako lanetatik (Itoiz, 1978; Ezekiel, 1980), kutsu anglosaxoikoko pop-rock komertziala (Musikaz blai, 1983) egitera igaro zen denbora laburrean, eta herriko lagun talde bat zenak bestelako izaera bat hartu zuen taldekide berriak onartu ahala. Jean Mari Ekai gitarristaren kasua da adibidea. Musikaz blai grabatu baino lehen sartu zen, eta hark ondorio garbiak izan zituen. Instrumentista bikaina izateaz gain, sortzailea ere bazen, eta Perezek hala nahita, ekarpen handia egin zuen, bai sortze prozesuan bai ekoizpenean ere. Beste Itoiz bat sortu zen orduan.
Eta beste Itoiz horrekin, taldeak bere buruari ezartzen zion exijentzia maila ere igo zuen. «Edozein musikarik saiatu behar du hobetzen eta gauza berriak egiten», zioen Ekaik Eskisabelen liburuan. Donibane Lohizuneko gitarrista ezinbestekoa zen arren, 1984aren hasieran taldea utzi zuen, Orquesta Mondragonen eskaintzari baiezkoa emanda. Nolanahi ere,hurrengo diskorako itzuli zen.
Espaloian-ekin, eta Musikaz blai-rekiko erreakzio gisa, disko «antikomertzial bat» egin nahi zuen Perezek, intimoa eta sofistikaziorik gabekoa. Aitzitik, kantariak espero zuenaren kontrara, Espaloian-ekgainditu egin zuen aurrekoak lortutako arrakasta, eta diskoa kalean izanik, Bilboko Casilla kiroldegian 7.000 lagun elkartzera iritsi zen Itoiz. Goia jotzea, baina, zama bihur zitekeela pentsatzen hasi zen Perez garai hartan. Nekatzen hasia zen, eta Euskal Herrian arrakasta handia izan arren, ez zuen aukerarik ikusten Espainiako merkatuan sartzeko. Foisisen arabera, orduan entzun ziren taldea desegiteko aurreneko zeharkako aipamenak.
Atsedena eta gogoeta
1986. urtea atsedenerako eta etorkizunaz gogoeta egiteko urtea izan zen, baina udaberritik aurrera kontzertuekin hasi zen. Xabi Pery 21 urteko gitarrista (Sara) sartu zen taldean, Ekairen lekua hartu behar zuen. Hura bezala, teknika handiko musikaria izateaz gain, sorkuntzarako joera ere bazuen. Eta beste ezaugarri oso garrantzitsu bat zuen: gaztea zen, taldekideen alderatuta.
Pery indar handiz sartu zen Itoizen, indar handiegiz agian. Eta taldeak Euskal Herritik kanpo ere bidea egin zezakeela pentsatzen zuen: «Hizkuntzak ezberdin egiten gintuen beste rock taldeetatik, bagenuen besteek eskaintzen ez zuten zerbait». Pery bere kasa hasi zen hainbat promozio lan egiten: managerrekin harremanetan, sustapen materiala bidaltzen, kontzertuak lotzen... ordura arte Angel Azkarraga Matxitxa-ren lanak ziren batzuk bere gain hartzeak, baina, eztabaidak eta haserreak eragin zituen talde barruan.
Gainera, besteek, Perez buru zutela, eszeptizismoz ikusten zituzten mugimendu haiek: «Frantzian saiatzea talde berri baten moduan hastea izango litzateke, furgoneta hartu eta milaka kilometro egin taldea ezagutarazteko, eta guk, Foisis, Angel eta hirurok, ez genuen horretarako indarrik». Etxetik gertu ikusten zuen bere burua. «Xabik eta Jimmyk [Arrabit] ez zuten ulertzen, uste zuten ez genuela anbiziorik».
Ikuspegi ezberdina izate horrek harremanen gaiztotze bat ekarri zuen. Peryk etengabe aurkezten zituen ideiak, baina Perezek atzera botatzen zituen, taldearen gaineko kontrol kreatiboa galtzeko beldurrez. «Xabi oso indartsu sartu zen, bere ideiak zituen, eta sinesten zuen taldean, baina tamaina hartuta harrapatu ninduen, oso nekatuta. Ideiak mozten nizkion etengabe». Peryk ez zuen ulertzen Perezen jarrera: «Agian uste zuen mehatxua nintzela berarentzat, gazteagoa, anbizio gehiagorekin, ideia propioekin... Baina nire buruan ez zegoen inoren mehatxu izatea, oso gustura nengoen bere atzean jotzen». Foisisek ereberretsi du garai hartan giroa ez zela oso egokia: «Azkenean, gauzak Juan Carlosek agindu bezala egiten ziren, baina ezadostasunak hor geratzen ziren».
1987a erabakiak hartzeko urtea izan zen. Aurrera egin edo desegin. Perez horri bueltaka ari zen, baina ez zekien nola egin, nola eman pausoa. Hori dela eta, sei kantuko disko bat egitea erabaki zuen: Ambulance. Diskoa ez zen aurreko bien oihartzuna izatera iritsi, baina zuzenean segitzen zuen Itoizek jendea biltzen, nahiz eta taldearen estatusari nolabaiteko boikota ere egiten zion zenbaitetan Perezek, kantu ezagunen ordez grabatu gabekoei lekua utziz.
1987ko udaberrian eman zion bere asmoen berri Perezek Angel Azkarraga lagun eta managerrari: «Uztea pentsatu dut». Kontzertu batzuk lotuta edukita, uda amaitu arte itxoiteko eskatu zion Matxitxak. Horrekin batera, zuzeneko diskoa grabatzea erabaki zuten.
1988ko udaberrian Frantzian bira bat egitea zuen hitzartua taldeak, eta hura prestatzeko berriro elkartu ziren lau musikariak (Perez, Foisis, Pery eta Arrabit). Baina giroa ez zen ona. Apirilaren 14an Parisen jo zuten, baina handik bueltan, Peryk taldea uztea erabaki zuen, jakin gabe Perezek berak taldea desegin behar zuela. Maiatzaren 8an Egin egunkariak argitaratu zuen Peryk taldea utzi eta segidan beste taldekideek ere erabaki berbera hartu zutela.
Eta maiatzaren 10ean eman zuen taldeak azkeneko kontzertua, Bordelen. Perezek berak Itoizen «azkeneko zerutzat» jo duen bira txikiaren barruan.
Azkeneko zerua
Taldearen oihartzuna oraindik ere handia da, baina gaur mende laurdena beteko da Itoizek azken kontzertua eman zuenetik. Bordelen izan zen agurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu