Azkeneko zeharkaldiak desparadisuan barrena

'Izturitzetik Etiopian barrena' ikuskizunaren azken bi emanaldiak egingo dituzte gaur Bilbon eta bihar Gasteizen. Musika, literatura eta ikus-entzunezkoak nahasten dituzte oholtzan.

Beñat Goitia eta Adrian Puck, zuzeneko emanaldi batean. BERRIA.
aitor biain
Gasteiz
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Bidaiaren azkenetan dira Beñat Goitia eta Adrian Puck musikariak: desparadisura iritsi dira Isturitzetik abiatu eta Etiopian barrena igaro ostean. Musikak, literaturak eta zinemak jositako zeharkaldia egin dute, Bernardo Atxaga eta Joxan Artze erreferentziatzat hartuta. 2017ko martxoan ekin zioten bidaiari, orduan taularatu baitzuten aurreneko aldiz Izturitzetik Etiopian barrena ikuskizuna, eta, Bilbon gaur azken-aurreko geldialdia egin ondoren, Gasteiz izango dute bihar helmuga.

«Bizitzaren bidaia da ikuskizunean aurkezten dena», laburbildu du Goitiak. Eta bidaia horretan, jaiotzatik heriotzarainoko tarte horretan, kezkatzen dituen gaiak lantzen dituzte musika, literatura eta zinema uztartuta. Arte diziplina anitzeko kontzertu literario antzeztua da beren proposamena. Bederatzi ataletan banatuta, egungo gazte baten ikuspegitik hausnartutako eguneroko gaiak ditu hizpide lanak: «Erlijioa, isiltasuna, lana, beldurra, adierazpena...». Atmosfera elektroniko eta estetika ilun batek lagunduta.

«Ez da kontzertu bat, ezohiko errezital bat , ez ikus-entzunezko soil bat». Goitiaren gitarra intimoak eta Puck DJaren doinu elektronikoek testu errezitalei eta horman proiektatutako irudiei laguntzen diete oholtza gainetik. «Badago lotura bat disparatzen eta zuzenean egiten dugunaren artean. Hor dago, nik uste, ikuskizunaren originaltasuna izan daitekeena». Izan ere, soinua ez da musika bere horretan, hitzak ez dira errezital bakarrik, eta irudiak ez dira proiekzio hutsak: elkarren arteko nahasketa bat dira.

«Hodei batean» kokatzen da ikus-entzulea, eta hodei horretan barrena nabigatzen du ikuskizunak irauten duen berrogeita hamar minutuetan. Abstraktua denaren bidetik abiatuta, sentsazioetan sakondu nahi izan dute musikariek. Ikuskizun «trinkoa» da, musikariak aitortu duenez; eta tradizioaren eta modernitatearen arteko zubigintzaz baliatzen da.«Finean, sentsazioekin du harreman gehiago atera daitezkeen ondorioekin baino. Egun, beharbada, ohituago gaude dena ulertu behar izatera, dena oso argia izatera, eta gure ikuskizuna apur bat haratago doa. Baliteke ezer gutxi ulertzea, gainera».

Uztartze ariketa bat

Unibertsitate garaian deskubritu zituen Atxaga eta Artze Goitiak, eta, haiekin batera, Etiopia eta Izturitzetik Tolosan barrena lanak. Bi liburu horietatik abiatuta eraiki zuen ikuskizuna, erreferentziatzat hartu baitzituen gerora bere testu propioak idazteko. «Testuak irakurtzean, iruditu zitzaidan oraindik ere bazutela haustura eta abangoardia kutsu bat, eta beste diziplina batzuetara hedatzeko modukoak zirela pentsatu nuen».

Diziplina horietako bat da zinema, hain zuzen. Aitor Zarzuelo zinemagileak Ibon Esparza argazki zuzendariarekin batera ondutako film laburra ikuskizuna osatzen duten hiru osagaietako bat baita. Desparadisua du izenburutzat filmak. Atxagak Etiopia liburuan proposatzen duen terminoa darabil, eta Arantzazuko paisaia elurtua du kokaleku nagusitzat. Hantxe hasten da protagonista amaiera gordin batera eramango duen deserturako bidaia intimoa.

1960ko hamarkadan ondutako Amalur eta El mayorazgo de Basterretxe filmak ere ikus-entzunezkoaren parte dira, bi film horietatik hartutako soinuak baliatzen baitituzte soinu digitalak osatzeko. «Kantua beti dago elektronikaren menpe, hura baita oinarria. Hortik abiatzen gara gainerakoa osatzeko».

Orotara, urte eta erdi inguruko bidaia izan dute musikariek iazko martxotik bihar arterainokoa. Tartean, besteak beste, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, Bilboko itsas museoan —Loraldia jaialdiaren baitan—, Eibarko San Agustin elizan, Iruñeko Katakrak liburu dendan, Laudion edota Zigoitian izan dira. Ikuskizuna, protagonistaren modu berean, desparadisura iristekotan da orain; desertura, heriotzara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.