Kritika. Musika

Azkena

Shellac taldearen 'To All Trains' diskoaren azala.
Shellac taldearen 'To All Trains' diskoaren azala.
2024ko ekainaren 2a
05:15
Entzun

SHELLAC

'To All Trains'

Diskoetxea: Touch And Go.

Steve Albiniren bat-bateko heriotzak beste argi bat eman dio Chicagoko hirukote imitaezinaren seigarren album bikainari. Kontzertu gogoangarri gehiegi bizi izan ditugu, non soinu-ingeniari ospetsuak eta haren laguntzaileek, Bob Westonek eta Todd Trailerrek, beren irakasle-lana oparitu ziguten. Izan ere, zuzenekoek justizia egiten zieten taldearen apaindura gutxiko kantuei. Eta patuaren txantxa astuna azken disko hau argitaratu baino astebete lehenago jaso dugu, zeinak zaleak oso penatuta eta harrituta utzi dituen.

Kontua ez da hileta-interpretazioak bilatzea portada misteriotsuari —Bob Westonen zuri-beltzeko argazki bikaina, The Untouchables filmean betikotutako tren-geltoki ikusgarria dakarrena gogora—. Errealitate gordina da dagoeneko ez dela Shellac gehiago egongo. Amaitu da. Eta bat baino gehiago oraindik ere asimilatzen egongo da. Berdina, biguna eta hortera izateko joera duen panorama honetan, haren estoizismo gogor eta erradikalaren falta nabarituko dugu guztiok.

2014an argitaraturiko Dude Incredible-k ez zuen esperotako harrera izan. Izan ere, zaleen gusturako, aurreko lanekin alderatuta, pixka bat behera egin zuen, talde guztien ibilbideko punturen batean gertatu ohi den bezala. Inspirazio gutxiago zegoela diote. Hirukotea bere ahalmenen gailurrera Excellent Italian Greyhound (2007) zaharrarekin iritsi zela ere badiote, eta baita maila mantentzea zaila izan zela ere.

To All Trains honen alde ona da —hirukotea horren natural mugitzen den eremuetan ibili eta bertan birsortzeaz gain— bere egunik onenetako indarra, garra eta gogoa aurkitzen dituela Shellacek, eta zaleentzako opari bat ere izan daitekeela disko hau. Hor daude Chick New Wave paregabea eta haren break-ak. Edo Scrappers, burdinazko erritmo horrekin.

Albiniren Travis Bean gitarra metalikoak lanean hasten dira WSOD-en, eta badakigu bidaia on batera eramango gaituztela. Orain, gainera, bidaia horri nostalgia puntu bat gehitzen zaio. Baina diskoan ezusteko ugari ageri da, eta, are gehiago, horiek dira nagusi To All Trains-en; ez dago ohikoa den abestirik: Wednesday-ren kadentzia maltzurra, How I Wrote I Wrote Elastic Man-en baxu riff menderaezina, eta Scubby The Rat-en post-punka.

Diskoa entzungailuan jarri, bolumena eman, eta taldea noberaren alboan dagoela dirudi, aluminio forjatuko soinu berezi horrekin eta bateria-kaxa eta tinbalekin, dena instrumentu bakarra balitz bezala lotuta eta nahastuta. Hiperrealismo hori Albiniren ezaugarrietako bat izan ohi zen, bai teknikari, bai musikari gisa, eta guk goza dezagun utzitako azken lana du To All Trains.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.