Osatu dute Gasteizko Azkena Rock jaialdiaren kartela. Gaur eman dituzte oraindik argitzeko ziren xehetasunak, eta, horien artean, bi izen nabarmendu: Barry Adamson musikari ingelesa eta Bala talde galiziarra. Hala, antolatzaileek zehaztu dute guztira 56 taldek joko dutela festibalean, ekainaren 20an, 21ean eta 22an. Izan ere, aurrez iragarria zuten bertan ariko den artista mordo bat: hala nola Queens of the Stone Age, Txopet, Brigade Loco, Band of Horses, Sheryl Crow, Redd Kross, PiL.T, The Real McKenzies eta Lendakaris Muertos.
Barry Adamson Buzzcocks eta Nick Cave & The Bad Seeds taldeetan aritua da, eta, Azkena Rocken antolatzaileek ohar batean nabarmendu dutenez, «ibilbide sendoa» du egina. Galiziako Bala taldea Anxela Baltar eta Violeta Mosquera musikariek osatzen dute, grunge eta stoner talde «basatia» da, festibaleko kideen esanetan. Adamson 21ean ariko da, 19:20an; Bala, berriz, egun bereko 17:00etan. Hain zuzen ere, ordutegien informazio aletua ere eman du gaur Azkena Rockek; webgunean dute argitaratua.
Haur eta gazteentzat
Estreinakoz, propio haur eta nerabeentzako programazio bat prestatu du jaialdiak: Txiki ARF deitu diote. Antolatzaileen esanetan, ohartuak ziren «gero eta familia gehiago» joaten direla jaialdira, eta, haien premiei erantzuteko, hainbat kontzertu, tailer eta haurrentzako jarduera antolatu dituzte jaialdiaren zonan. «Haiek ere rockaren inguruan bat egiteko». Zehazki, egunean hiru kontzertu izanen dira Trashvilleko bigarren karpan, arratsaldez. Gogora ekarri dute, bestalde, 14 urtetik beherakoek ez dutela sarrerarik ordaindu behar.