Musika

Azkena, adikziorik gozoena

Azkena Rock jaialdia euri zaparradekin hasi bada ere, atertu egin du azkenean, eta eguraldiak ez du baldintzatu Jane’s Addictionen kontzertua. Beste urtebetez, rock doinuek bete dute Mendizabala.

Zaleak, atzoko kontzertuetako batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Zaleak, atzoko kontzertuetako batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iñaki Lasa Etura.
Gasteiz
2024ko ekainaren 21a
14:30
Entzun

Zaharrak berri Mendizabalan. Lehengo lepotik burua eginez ekin dio Azkena Rock jaialdiak: zeruari begira eta zaparrada artean. Rock-and-rolla ez du deusek hiltzen, baina, eta eguraldiak ez du zapuztu jaialdiaren hasiera. Bizpahiru ordukoa izan zen euri erauntsia eta Whispering Sons taldeari eta Ty Segalli eragin zien gehien. Zaleak rock egarriz ziren, eta tinko eutsi zioten erronkari. Gaua heltzearekin batera amatatu zen zeruaren haserrea, eta Jane’s Addiction kartelburuak, Tarque & La Asociacion del Riff eta Bonafide taldeek baldintza bikainetan eman zituzten beren kontzertuak.

Nekez bihurtzen da zahar arbola. Dagoeneko bi hamarkadatik gora ditu Azkena Rock jaialdiak, eta urte horien guztien poderioz hartu du nortasuna eta osatu du jarraitzaile talde fidela, oztopo guztien gainetik, eta, talde zerrenda bat edo bestea izanik ere, urtero erosten duena bere sarrera. «Datorren urtean berriro, ezta? Noski!», agurtuko dute elkar bihar Mendizabalatik etxerako bidea hartzen dutenean. Baita hitz hori bete ere. Plastikozko jaialdiak ugaritzen diren garaiotan, badu zerbait berezia Gasteizko jaialdiak; ordu txikietako edariak bezala, Azkena ez da sekula azkena. Zale sutsu horiek piztuta mantentzen dute rockarekin gozatzeko garra. Horregatik, eta, Fermin Muguruzaren baimenarekin, osteguneko, ostiraleko eta larunbateko kontzertuak dira asteburu honetako musikaren epizentroa.

Mehatxu zen, espero zen eta iritsi zen. Euripean igaro zen Azkena Rock jaialdiaren lehen jardunaldia. Euskal taldeak zortea izan zuten, eta izkin egin zieten zaparradei. Txopet izan ziren oholtzara igotzen lehenak, zeru grisaren azpian, eta zaleak tantaka iristen ziren bitartean. Haien zuzenekoren batean egon denak badaki zer topatuko duen: jarrera ez da negoziatzen. Intentsitate handiko kontzertua izan zen. Azkenako proposamen estandarrenetik apur bat aldentzen bada ere, harrera beroa izan zuen. Gertutik jarraitu beharreko talde bihurtu dira.

Zorionekoak izan ziren Brigade Locoko kideak oraingoan. Ekaitzaren ondorioz bertan behera geratu ziren iaz haiek eta Ezpalak-ek jo behar zituzten kontzertuak. Antolatzaileek berehala erantzun zuten, aurten aritzeko gonbita eginda. Bigarren aukera baliatuta, jo eta su aritu ziren taula gainean. Kilometro mordoa egin zituen alde batetik bestera bueltak ematen Lander Aznal abeslariak. Txantxaren bat egin zuen eguraldiaren inguruan, eta ateri egiten zuela esan bezain laster iritsi ziren lehen tantak. Erauntsi bakarra bozgorailuetatik zetorren punk-oi! musikarena izan zen, behintzat.

Ty Segall, bikain

Ez zuten halako zorterik izan Whisperin sons taldeko kideek. Haiek izan zituzten kalterik handienak, euria erruz eta etengabe bota zuelako emanaldi osoan. Ty Segallek ere zaparrada artean hasi zuen bere kontzertua, baina jendea lehen akordeetatik bildu zen oholtzaren aurrean. Emanaldia hasi aurretik bazen nolabaiteko beldurra, Three Bells diskoa aurkezten ari baita Kaliforniako gitarrista. Album trinkoa da, mamitsua, baina lodi samarra une askotan. Hor kezka: hori guztia nola islatuko zen zuzenekoan. Bada, aldi honetako lehen kontzertu handiarekin. Bikain aritu ziren Segall eta gainontzeko hiru taldekideak. Aurreikusi bezala, azken lanean oinarritu zen emanaldia, baina izan zen doinu klasikoagoak entzuteko betarik ere: My Lady’s on Fire, tartean. Hainbat estilo jorratu ditu Segallek bere ibilbidean, baina atzo 1990eko hamarkadako rock alternatibotik jo zuen gehienbat.

Handiago, gogorrago, ozenago. Leitmotiv horri heldu zion Carlos Tarquek, Tarque & La Asociación del riff taldearen kontzerturako. The Beatles taldearen Helter Skelter abestiaren moldaketa interesgarria ondu zuten kontzertu erdialdera. Hortik gutxira jendea apurka aldentzen hasi zen, baina ez dirudi gustura ez zeuden seinalea zenik, kartelburuaren aurretik jotzearen ajea izan zen batik bat.

(ID_14002037) (Raul Bogajo/@FOKU) 2024-06-20, Gasteiz. Azkena Rock: Brigade Loco, Ty Segall eta Tarque
Ty Segall musikaria, atzo Mendizabalan eman zuen kontzertuan. RAUL BOGAJO / FOKU

Jane’s Addiction ziren osteguneko kartelburua, eta txukun eutsi zioten estatus horri. Kontzertu borobila eskaini zuten, ñabardura askokoa. Ty Segallekin bezala, 90eko hamarkadako doinuz  bete zen Mendizabala. Gaua zen ordurako, eta euriaren arrasto bakarra zaleek soinean zeramaten euritakoak ziren. Adinean gora doan arren, sasoiko dago Perry Farrell abeslaria, eta bikain eutsi zuen zuzeneko osoan. Asko hitz egin zuen jendearekin, udan halako giroa egitea normala den galdetu zuen lehenik, eta maitasunaren aldeko mezuak zabaldu zituen. Dave Navarro ere ez zen atzean geratu, eta luzimendurako pasarte ugari izan zituen gitarristak. Jane Says, Been Caught Stealing, Mountaing Song... zaleek aski ondo ezagutzen dituzte Jane’s Addiction taldearen kantu ezagunenak, eta asko disfrutatu zuten emanaldiarekin. Jane’s Addiction (1987), Nothing Shocking (1988) eta Ritual de lo habitual (1990) lanen abestietan oinarritu zuten kontzertu osoa.

Queens of the Stone Age da gaurko izen nagusia, baina ez bakarra: L7, Red Kross eta The Real Mckenzies ariko dira, besteak beste. Antolatzaileek iragarri dute jada zein egunetan egingo den datorren urteko jaialdia: ekainaren 19tik 21era.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.