Aurrera doaz Bizkaiko eta Nafarroako Bertsolari Txapelketak, eta finalaurrekoetan sartuta daude jada biak ala biak: Bizkaiko txapelketaren lehen finalaurrekoa izango da gaurkoa, Berrizen. 17:00etan izango da, Olakueta pilotalekuan. Nafarroakoaren kasuan, ordea, Altsasuko saioaren ostean, bigarren finalaurrekoa izango da Agoitzekoa.Kultur etxean izango da saioa, 17:30ean.
Bizkaiko Txapelketa izan zen kanporaketekin hasten lehena, urriaren 1ean; Mungian jokatu zuten lehengo kanporaketa. Sei saio izan dira guztira, eta azkenengoa Lekeition izan zen, joan den asteburuan. Eneko Abasolo izan zen garaile saio hartan, 466 punturekin. Jarraian joan ziren Koldo Gezuraga, Beñat Bilbao, Peru Irastorza, Maite Sarasola eta Aitor Arrutia.
Kanporaketa bakoitzeko irabazleak, puntuazioaren arabera lehen bost sailkatuak eta iaz sailkatutako zazpi bertsolariak lehiatuko dira finalaurrekoetan.
Aitor Etxebarriazarraga, Eneko Abasolo, Gorka Pagonabarraga, Iruri Altzerreka, Koldo Gezuraga eta Xabat Galletebeitia izango dira gaurko kanporaketan kantatuko duten bertsolariak, eta Itxaro Juaristi izango da gai jartzailea. Saioko partaiderik onena finalerako sailkatuko da zuzenean.
Hurrengo finalaurrekoa Santurtzin izango da, datorren larunbatean, azaroak 18, 17:00etan, Serantes aretoan. Aitor Bizkarra, Jone Uria, Mikel Goiriena, Unai Mendiburu, Bittor Altube eta Txaber Altube izango dira saio horretan kantuan.
Eta azken finalaurrekoa azaroaren 25ean izango da, Lemoako kiroldegian, 17:00etan. Bertan ariko dira Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Ibai Amillategi, Oihana Bartra, Josune Aramendi eta Aissa Intxausti. Abenduaren 16an izango da finala, Bilbo Arenan.
Iruñeko finala, gertuago
Joan den asteburuan, Nafarroako Txapelketako lehen kanporaketan, Saioa Alkaiza izan zen garaile, eta hark lortu zuen zuzenean finalera sailkatzea. Altsasuko Iortia kulturgunean jokatutako saioan, 506,9 puntu lortu zituen Alkaizak. Bigarren postuan geratu zen Saats Karasatorre, 470,5 punturekin, eta hirugarren postua Sarai Roblesentzat izan zen, 468,5 puntu jasota.
Sei bertsolari arituko dira kantuan gaur Agoitzeko kultur etxean: Julio Soto, Xabat Illarregi, Idoia Granizo, Ekain Alegre, Julen Zelaieta eta Urko Gartzia. Gai jartzaile lanak Maialen Belarrak egingo ditu. Alkaizak bezala, saioko bertsolaririk onenak finalerako beste txartel bat lortuko du. Gainerakoek Lesakako finalaurrekoa jokatu arte itxaron beharko dute sailkatuak izan diren ala ez jakiteko.
Lesakako saioa datorren asteko igandean izango da, azaroak 19, 17:30ean. Hasiera batean kultur etxean egitekoak ziren, baina Nafarroako Bertsolari Elkarteak eta Lesakako Udalak egoera aztertu ostean, pilotalekura lekualdatzea erabaki dute. Edukiera handitu dute horrela. Joanes Illarregik, Eneko Lazkozek, Josu Sanjurjok, Eki Mateorenak, Mikel Lasartek eta Beñat Astizek hartuko dute parte, eta Alaitz Rekondo izango da gai jartzailea.
Finala, berriz, abenduaren 2an izango da, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan. Hiru finalaurrekoetako irabazleak, eta lehen bost sailkatuak lehiatuko dira bertan.
Bai Nafarroako bai Bizkaiko txapelketako finalerako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai.
Azken txanpan sartuta
Gaur jokatuko dituzte Nafarroako eta Bizkaiko bertsolari txapelketetako finalaurrekoak. Bata Agoitzen izango da, eta bestea, Berrizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu