'Ukabilak eta loreak'

Azken 'round'-eko kloroformoa

2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Egilea: Julen Belamuno.Argitaletxea: Elkar.

Julen Belamunoren (Azpeitia, Gipuzkoa, 1959) lehen liburuak geure galeraren, bakardade isolatuaren eta bizirik irauteko borrokaezinbestekoen gaineko kaleidoskopio heterogeneoa izan nahi du. Ukabikak eta loreak (Elkar, 2015) narrazio liburuaren azalak berak erakusten digun jotako boxeolariaren antzera, burgesia espainiarrak eraikitako Poli Diaz Vallecaseko jostailu itxura guztiak hartu dizkiot irudiko boxeolariari, bizitzak eman liezaiekeen azken aukeraren bila dabiltza nora ezean pertsonaia guztiak. Zortzi narrazio orekatu aurkezten dizkigu idazle berantiar umotuaren traza guztiak dituen Belamunok, adinean sartuta ekin baitio bere lehen ibilbide literarioari, heldutasun narratibo irmo eta estilo garden bat erakutsiz.

Gaien aldetik, erregistroak aise aldatzeko gaitasun nabarmena agertzen du egun administrazio lanetan diharduen azpeitiarrak, ongizatearen gizarte post-industrialeko klase ertainaren baitan kokatua betiere: bizitzaren filma hasi bezain pronto aita galdu zuen zinemagile ospetsu baten gaineko narrazio psikologikoa, boxeolari baten errebantxazko norgehiagokaren aurrekoak eta ostekoak, azken bururaino bere lanaren duintasuna salbatu nahi duen funtzionarioa, tratu txarrak salatu nahi dituen emakume baten eraldaketa sakona, Irlandan oporretan alderrai dabilen bilatzaile emozional baten aurkikuntza kausalak, lana galdu eta dibortzioaren ondoren gizon heldu baten borroka «paraleloak»...

Aitaren ezinean iruditu zait narraziorik lortuenetakoetarikoa, Donostiako Zinemaldian egoki kokatutako istorio horretan gainbeheran datorren zinemagileak azkarregi galdutako aita «barregarria» bilatzeko duen obsesioa kontatzen digu Belamunok. Garenaren eta izan gintezkeenaren, inoiz izango ez garenaren postal lortua eta hobeto kontatua. Evening Star tituluko narrazioari, berriz, ildo narratibo ezberdinen arteko korapilo larregi atzeman diot eta bukaera lar aurreikus daiteke, oporretan Irlandara doan pertsonaia akituaren erretratua ematean gauza larregi kontatu nahi dira, eta egileak ez du asmatzen. Horren harira, eta lehen liburuko aje modura edo, zenbait narraziotan konbentzioetara jotzen da errazegi, eta larregi aurreikus daitezke narrazioak hartuko dituen bideak.

Narrazio gehienetan errealismoaren itsaso barea apurtuko duen «magikotasun puntu bat» agertu nahi du Belamunok; nabaria da, esaterako, Gauaren altzoan istorioan. Ume baten iraganeko herriaren gaineko oroitzapenen berri ematen zaigu, suspense gotikoaren giroan murgilduta, pertsonaiak industriaurreko iraganean kokatutako beldur primitiboen testigantza eskainiko digu.

Narratzaile berantiarra izanagatik, ondo landutako prosaren jabe dugu Julen Belamuno. Aise irakur daitezkeen istorioak ehundu ditu, freskotasuna eta narrazio teknika landuak lagun dituela. Nago ez dela bere azken saialdi literarioa izango estreinako hau. Literaturak azken errebantxarako aukera emango dio, bere pertsonaia batek esandakoaren kontrara. «Gero eta gauza gehiago sartzen dira izan zitezkeen baina ez ziren gauzen sailean, eta, gainera, izan litezkeenak ia ezinezko bihurtzen hasten dira ezinbestean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.