Azken ihesaldiaren isiltasuna

Negu kolektiboa «maiteminduta» dago Locarnoko Zinemaldiarekin eta berak sortutako 'Negu hurbilak' filmak han izan duen harrerarekin, Mikel Ibarguren kidearen hitzetan

Negu kolektiboak zuzendutako Negu hurbilak filmaren irudi bat. MALUTA FILMS / CORNELIUS FILMS.
Andoni Imaz.
2023ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
«Zer moduz zegok?». «Zain». Negu hurbilak filmeko elkarrizketa labur horrek —filmeko elkarrizketa apurretako batek— ondo adierazten du pelikulak berak kontatzen duena. Itxaroteari eta isiltasunari buruzko lan bat da, Mikel Ibargurenen hitzetan. Negu kolektiboko kidea da Ibarguren; filma zuzendu du Ekain Albite, Nicolau Mallofre eta Adria Roca zinemagileekin batera. Maluta Films eta Cornelius Films etxeek ekoitzi dute. Locarnoko Zinemaldian aurkeztu berri dute estreinakoz, Suitzan, Cineasti del Presente saileko lehian.

«Harrera oso polita izan da, eta jaialdiaren inguruko guztia ere bai: nola zaindu duten pelikula, zer programazio arriskatua duten... Maiteminduta gaude denarekin», kontatu du Ibargurenek handik. Zinemaldiak gaur banatuko ditu sariak. Sail horretan, lau, gutxienez: filmik onenarena, zuzendaririk onenarena, eta emakumezko eta gizonezko aktorerik onenena; epaimahaiaren sari berezia eta aipamen berezia emateko aukera ere izango dute.

ETAk 2011n jarduera armatua betiko utziko zuela jakinarazi zuen uneak ardazten du filma. Egileek badakite atzerriko ikusle askok ez dituztela ulertu beren lanean erabili dituzten erreferentzia guztiak, baina haien asmoa ez da izan egoera bat hitzez kontatzea, irudiz eta soinuz iradokitzea baizik: «Esanahi asko ditu, eta oso irekia da, bakoitzak bere bidea egiteko».

Hasiera-hasieran, Negu hurbilak proiektu bat besterik ez zenean, filmak beste itxura bat zuen: ihesaldi «narratiboagoa», kontakizun «konbentzionalagoa». Baina dokumentazio prozesuak dena aldatu zuen, batez ere egileek Zubieta herria (Nafarroa) ezagutu zutenean. «Bagenekien hor gauza berezi bat zegoela», azaldu du Ibargurenek. «Badu lotura pelikulan kontatu nahi den zerbaitekin: denboran galduta egotearen sentipena. Berdin gertatu daiteke 1980an edo 2005ean».

Jone Laspiur aktorea (Ane, Akelarre) da filmeko protagonista; haietako bat, behintzat: «Egin diguten kritikarik onenetako bat izan da pelikulako protagonista ez dela Jone, baizik eta Zubieta». Izan ere, Laspiur da aktore profesional bakarra; Zubietako herritarrak jarri dituzte beste pertsonaien larruan. Herriari omenaldi bat egiteko modu bat ere izan da hori, Ibargurenentzat. «Maitemintze prozesu baten filmaketa ere bada pelikula».

Ibarguren bera aktorea da, lan ugari egin ditu zineman, antzerkian eta telebistan. Filmean, zuzendari aritu denez, aktore bihurtutako herritarrekin ibili da lanean. «Erronka handi bat izan da. Ez genuen dirurik, analogikoan egitea erabaki genuen [16 mm-tan filmatu dute], eta ezin ziren bi hartualdi egin: lehenengoan grabatu behar zen. Ez dugu askorik entseatu; ezagutu dugu bakoitza nolakoa den». Izan ere, benetakotasuna bilatu dute filmatzean: «Jendea fikziotik zuzentzea zaila da, eta ez da batere erakargarria haientzat ere, ez direlako haiek izango. Ikusi behar da zer bide egin, filmatzeko unean bizirik egoteko».

Ikuspuntu horrek eragin nabarmena du irudietan: plano bakarrean filmatu dituzte sekuentzia gehienak, eta ez dago lehen planorik, ezta kontraplanorik ere elkarrizketetan. «Haiek esaten ziguten jendea herrira joaten denean distantzia jartzen dutela. Pelikula hotz bat nahi genuen. Hesi bat mantendu dugu pertsonaien eta benetan gertatzen ari denaren artean, ez iristeko inoiz haien barrura. Haien bizimodua erakutsi dugu, eta haiei buruzko galderak sortu ditugu».

Bi garairen artean

Film hotza da, gaiak horixe eskatzen zielako. «Aro historiko baten amaiera iristear da, eta jendeak badaki zer den hori, baina inork ez daki zer datorren. Guretzat testuinguru hori hotza da», azaldu du Ibargurenek. «Egin ditugun elkarrizketetan, sentitu izan dugu jendeak zer min sakona duen oraindik. Ikusten da agian ezin dela gauza batzuez hitz egin. Euskal Herrian ezin da, baina kanpoan gauzak egin daitezke hori kontatzeko, eta horrek haserretzen gintuen, nolabait esateko. Guk ere izan dezakegu legitimitatea gure historia kontatzeko».

Narrazio iradokitzaile eta sinboliko bat ondu dute: pertsonaiengan eta ekintzetan islatu dituzte aurretik mamitutako ideia eta esanahi guztiak. «Jendearekin puzzle bat osatu, eta horrekin egin dugu Joneren pertsonaia. Jone, modu sinboliko batean, bidaia hori egin duten guztien ordezkaria da, galdera ikurretan bizi izan den jende guztiarena». Kontatzeko modu horren atzean erabaki politikoak daude, zuzendariaren hitzetan. «Grabatu genezakeen eszena bat guardia zibilekin; pertsekuzio bat; militantziari aipamenen bat egin. Baina ez genuen definitu nahi. Hala ere, mezu batzuk adierazi ditugu».

Bi denbora elkartzen dira filmaren barnean. Protagonista ihesean dago, zain, denbora gelditu egin izan balitz bezala; ingurukoak, berriz, eguneroko lanean ageri dira, jardunean. Horrek ere badu bere oinarria: «Jendea bere azken ihesaldiak egiten ari zen, eta beste batzuek, berriz, beren min guztiak bizi eta gero, etxera bueltatu nahi zuten».

Filmaren bigarren zatian, Beñardo pertsonaiak —Zubietako herritar batek— protagonismoa hartzen du; etxera itzuli berria da, 25 urte ihesean pasatu eta gero. «Beñardok badaki Jonek zer bizi dezakeen, baina zertan lagundu diezaioke? Horregatik, itxaropen ezari buruzko pelikula bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.