Azken aurreko helmugara iritsi da jaialdia: 1999an bidea egiten hasi, Atarrabiari agur esan, eta datorren urteko azken agurraren zain geratu da Hatortxu Rock, helburuetako batzuk lortuta. Antolakuntza aldetik, jaialdirik onenetakoa da oraindik ere: ehunka boluntariok posible egiten dute halako tamainako ekitaldia aurrera ateratzea, eta haien guztien jarrera txapela kentzeko modukoa izan da.
Arratsaldeko bostetan ekin zion Antsoaingo Sofokaos taldeak emanaldiari. Azken lauzpabost kantuetarako, karpa nagusian milaka pertsona zeuden. Ia-ia ondoko herrikoak izateak eragina izan zuen arrakastan, eta punk-rock boterea sobran erakutsi zuten. Gitarrakadak eta hiru ahotsetako koruak nagusitu ziren, eta Eromenarekin dantzan ereserkiarekin esan zuten agur. Alboko karpan, Mungiako TOC taldeak bolumen izugarrian aurkeztu zituen kantu berriak. Haren estilo pertsonalarekin kontrastean, burrunba erabatekoa izan zen, akaso ozenegia baina kementsua eta nortasun handikoa.
Lendakaris Muertos ere, Sofokaos bezala, etxean ari ziren jotzen, eta azken urtean berreskuratu duten indarra erakutsi zuten berriz ere. Hala, Azkena Rock jaialdian jo zuten errepertorioa dezente aldatu badute ere, azken urteetako set listen nahiko antzekoa izan zen, eta ez zen klasiko andana faltan izan: Pasau de rosca, Detector de gilipolleces —pogo basatia ekarri zuena—, Centro comercial... baita azken diskoko Se dice Taitánic ere. Aitor larunbatean ere jende artera sartu zen, Espainiako selekzioaren elastikoa jantzi zuen Gora España kantatzeko, eta entzuleak saltoka eta pozez zoratzen ibili zituen kontzertu osoan. 2024ko Lendakaris Muertos duela hogei urtekoaren oso antzekoa da: abiadura eta ostia txarra itzela daukan taldea.
Tatxers taldeari dagokionez, larunbatekoa aukera oso polita izan zen haientzat, eta, eszenatokian asko mugitzen ez badira ere, beren bertuterik onenak erakutsi zizkiguten: ahots harmonia zoragarriak, tonu altuen erabiltze txundigarria eta abesti sorta garaiezina, batzuetan Hertzainak-en Salda Badago diskoko kutsuarekin, baina baita Zarama taldeko Roberto Mosoren moduko akutu gozagarriekin ere. Bihotz motel, Nik nahi dudana I eta Goizean oskorri garaiezinak dira. Azken diskoek, ordea, ez dute frenetikotasun hori, baina Biok batera, Tokion eta Etsaiak agurtzen (azken agurra) kalitate handikoak dira. Dohainak badauzkate, sobran gainera, eta etorkizun hurbilean onena emateko gai dira.
Bezperan Bilboko Zorrotza gaztetxean jo ondoren, Su Ta Gar azken ukituak ematen ari zaio urte bukaera frenetiko honi. Gogotsu eta amorrazioz ibili ziren bai Aitor Gorosabel eta bai Xabi Bastida, Igor Diez eta Galder Arrillaga. Aurten eman duten kontzerturik onena izan liteke, eta azken urteotako gogotsuen eta zitalenetako bat. Profesionaltasuna, teknika eta soinu boteretsua berezkoak izaki, molotov koktelak eztanda egin zuen lehen kantatik. David eta Goliath-ekin hasi ziren. Bonus Track jaialdian jo zuten errepertorioaren antzekoa egin zuten Hatortxu Rocken, nahiz eta, zorionez, Etsi gabe zitala ere jo zuten, baita Zure atzetik ere; baziren pare bat urte ez geniela kanta hori zuzenean aditzen. Azken diskoko hiru pieza ere jo zituzten segidan: Enborra, Erraietan betirako (gitarra bikoiztu gozagarriekin) eta kontzertuko azkena, ohi bezala: Alarma egoera. Tartean, Itxaropena, Agur jauna eta, suak lagunduta, Mari, Jo Ta Ke eta Begira.
Unidad Alavesa taldeak nortasun berezia du orain ere. Ikusgarria da jendeak nola jarraitzen dien, nahiz eta kantuak ez diren bereziki lehergarriak. Dena den, musikari apartak dira, eta Haritz Artola bezalako front-man-a edukitzea luxua da: karisma eta umorea dauka, publikoa ondo maneiatzen du, eta ahots bereziki ederra dauka. Zegama, Mesias berri bat, Arima zartatua, Morir en Argentina... oso maitatuak dira.
Euskarazko eskaintza izan zen zabalena, zorionez, baina, Lendakaris Muertos taldeak ez ezik, beste batek ere egin zuen erdaraz: Kataluniako KOP taldeak. Euskal Herrian oso ezagunak dira, eta euskal rockzaleak sarritan topatu ditu halako jaialdi eta topagunetan. Hardcore-punk errazio handia eman zuten, baina sakontasun mota ezberdin bat dute hainbat kantuk; hain zuzen ere, zenbait ia metaleroak dira. A gasolina bezalako danbadek sekulako inpresioa egin zuten: JuanRa abeslariaren presentziak, gitarra jolearen punteoek eta baxu jolearen kemenak eta koruek aparteko bultzada eman zioten emanaldi osoari. Jaialdian lehen aldiz, espazio nahiko handia egon zen publikoarentzat, eta bertan euskaldunak zein Kataluniatik etorritako zaleek pogo basatia eta dantzak konpartitu zituzten. Acció directa, Vides rebels, Sols el poble salva al Poble... klasiko andana geldiezina izan zen, baina sorpresa pare bat ere egon ziren: hain zuzen ere, Barricadaren No hay tregua eta Kortaturen Zu atrapatu arte. Izugarria izan zen kantu hauetan karpa osoa dantzan eta oihuka ikustea. Denak ezin aipatu, baina Salta la luna-ren melodia hunkigarria eta Desalojos son disturbios eta haren gitarra soloa aipatzekoak dira amaitzeko. Eta bai, jaialdiko kontzerturik onena izan zen.
Süne-k bere bide berria pauso sendoz egiten jarraitzen du: arrakasta erabatekoa du gazteen artean. Chulería, Joder! taldeko gitarra jolea (Antton Carretero) alboan izaten du orain ere, eta berriro ere melodia politak erritmo dantzagarriekin nahasten asmatu zuen. Gainera, trikia sarritan erabiltzen jarraitzen du, nahiz eta mikroarekin bakarrik ere ondo moldatzen den. Milaka kolore, Txitxarro, Kantauri... gogotik dantzatu zituzten entzuleek. Huntzaren pare bat ere jo zituen, eta oso goian agurtu zuten jendea Sunday ereserkiarekin.
Azkenik, Auzolana izeneko karpara bueltatu ginen Arene 6 taldearen azken lau kantuak entzutera. Zaramaren Bihotzak sutan jotzen ari ziren. Benetan bertsio indartsua egin zuten, gero, besteak beste, beren Auzoan kementsuari ekiteko, eta Txikia aukeratu zuten azken agurra emateko. Getxoko Punk-oi! taldeak jendetza bildu zuen goizaldeko hirurak arte; talde mota horrek arrakasta bermatzen du edozein jaialditan, eta hiru ahotsetan egindako koru ozenek eta abiadura handiko kantuek sutan jartzen ditu musika klase horren zaleak. Horrela esan genion agur 29. Hatortxu Rock jaialdiari: bederatzi talde ikusi genituen hamar ordutan, eta zoritxarrez —aukeratu egin behar baitzen— kontzertu batzuk ezin izan genituen ikusi: sentitzen dugu, batez ere ETSrengatik. Hatortxu Rockek, datorren urtean desagertzen denean, hutsune handia utziko du.