«Aramaiotik pasatzen da gaur/ printzipalerako trena./ Horregatik hustu nahi dugu/ gure bertsozko barrena./ Neretzat behintzat gaurko saioan/ hori da printzipalena». Horrela hasi zuen Asier Otamendik Aramaioko (Araba) saioa, eta lortu zuen ezarritako helburua. Otamendik irabazi zuen saioa (266,5 puntu), eta haren atzetik sailkatu ziren Oihane Perea (258), Serapio Lopez (254,5), Andere Arriolabengoa (254), Zigor Enbeita (245,5) eta Izar Mendiguren (233). Gasteizko finalean kantatuko dute Aramaioko saioan sailkatu ziren lehen hirurek.
Saio puntuagarria hasita, eztabaidarako gaiak jarri zizkien Uxue Diaz de Cerio gai-jartzaileak bertsolariei. Euskal Herriko bi aktore ezagunen azalean jarri zituen gaiak Lopez eta Perea. Independentziaren aldeko manifestazio baten buruan joatea eskatu zieten; horretarako prest zen Lopez, eta zalantzak zituen Pereak. Zorrotz ekin zion Lopezek, aktore ona zela eta horregatik beldurrik ez zuela esanda, eta horrela erantzun zion Pereak: «Nik karrera bat abiatu dut/ Goya irabaztekoa... /Ogi gogorrai hagin zorrotza/ jartzea ez da nahikoa». Gaiari heldu, eta umorez segitu zuen Lopezek: «Laguntasuna handia daukat/ nik Penelope Cruzekin…/ Hollywoodera joango naiz ni/ euskal pasaporteakin». Bizi amaitu zuen bertsoaldia Pereak: «Segi ezazu aurrera gogoz/ ez dut egingo irria./ Euskal Herriko Willy Toledo/ terko ta ilegorria».
Grezian lanean ari ziren kamioilariak ziren Mendiguren eta Enbeita. Errepide ertzeko ostatu batean atseden hartzen ari zirela, muga igarotzen laguntzeko eskatu zieten zenbait errefuxiatuk. Muga pasatzen laguntzearen aldekoa zen Mendiguren; Enbeitak ez zuen horren argi: «Arriskutsua kamioi barruan/ horiek guk eramatea.../ Elkartasuna ez al da ere/ gauzak ondo azaltzea?». Sendo amaitu zuen ariketa Mendigurenek: «Nik eramango ditut, gainditu/ egin nahi nuke hesia./ Ni nire lana galtzera noa/ baina ez haien bizia».
Otamendi eta Arriolabengoa, berriz, gizentasun morbidoak eraginda osasun arazoak zituzten bi pertsonaren ahotik aritu ziren. Sabela murrizteko ebakuntzek dituzten arazoen berri jaso ostean, ebakuntza egin nahi zuen Otamendik; ez Arriolabengoak: «Kirofanora sartu ta ai hil/ ninteke eta kolpetik.../ Bizirik nago eta gaur horri/ eutsi nahi diot gogotik». Bereari eutsi zion Otamendik: «Ni arriskatuko naiz lehena ta/ zeuk segi zazu ondoren». Horrela biribildu zuen bertsoaldia Arriolabengoak: «Tori aurretik nere partetik/ laguna orain bi muxu./ Kirofanotik ateratzean/ itxoiten izango nauzu».
Zortziko txikian, erretiratu berri zen bikote bat izan ziren Perea eta Mendiguren. Kirola egiten hasteko asmoa zuten, eta patinak erostea proposatu zuen Mendigurenek. Bizi ekin zion Pereak: «Konplexuak badira/ zure arrazoiak,/ altura izateko/ erosi takoiak». Umorez erantzun zion Mendigurenek, guztia «gurpil gainean» joan zedila nahi zuela esanda, eta hala amaitu zuen Pereak: «Agur Izar banoa/ nahi baduzu jakin,/ briskara jokatzera/ nire amarekin».
Ondoren, abokatua izan zen Enbeita, eta haren laguntzailea Otamendi. Enbeita ohartu zen bere bikotekide ohiaren bikotea zela Otamendi. Zorrotz ibili zen Enbeita: «Tokauko zaizu marroi/ guztiak jatea.../ Ta ez bazaude konforme/ hor duzu atea». Epaiketak aipatu, eta horrela amaitu zuen Otamendik: «Andreak utzi zintun/ abandonatuta/ ta ordutikan zabiltza/ juizioa galduta».
Hausnarketarako baliatu zuten hamarreko txikiko ariketa bertsolariek. Parrandan batera zebiltzala, haien lagun batekin topo egin zuten Pereak eta Otamendik; laguna «gaizki» ikusi, eta kezkatuta zeuden biak. Serio ekin zion Pereak: «Baina lehenengo gauza/ pausu bat aurrera.../ Bion artean eraman/ dezagun etxera». Kezkatuta segitu zuen Otamendik: «Baina kontatzeko eman/ behar luke pausoa,/ benetan zein ote dun/ bere arazoa». Fin amaitu zuen Pereak: «Ni horrela banago/ bihar edo etzi,/ eman zaplasteko bat/ ez zaidazu utzi».
Zalantzarako kartzela
«Bizitza osoan seguru izan duzun ideia zalantzan jarri duzu». Bertsolari bakoitzak bere bidea hartu zuen kartzelako lanean. Azken hilabeteotako ustelekeria kasuei kantatu zien Otamendik; haren bigarren bertsoa izan zen ariketako osoenetako bat: «Ikutu ezinak ez ote dira/ monarkia, altarea?/ Ta hoientzako ez al daukate/ guretzat dagon legea?/ Borrokan jardun eta kartzela,/ hola ikusten dut jendea./ Instituzio horietan jada/ galdu dut nire fedea./ Guztiek garbi jakin dezaten/ hau da iritzi nerea:/ justizia da andre itsu bat/ ta itsu mutil boterea». Bakarkako dotorea osatu zuen Pereak ere, garai politiko nahasiei kantatuta: «Ideiak nahiko argi izan ditut/ nituenetik hamabi,/ bihotza eta sentimendua/ eman Euskal Herriari./ Utopiaren amets goxotan/ zenbat indar ta gurari.../ Ta mesfidati begira nago/ ni orain politikari:/ zer den egia ta zer gezurra/ ia ez daukat horren argi». Horrela amaitu zuen saioa: «Azkenaldian kamustu egin zait/ barruan nuen kimika./ Hauteskundeak eta poltronak,/ hor goiko matematika./ Sentimendurik ta pasiorik/ ez daraman ika-mika.../ Nik odolean sentitu nahi dut/ lehen bezala politika.../ Ea jarraitzen dugun koherente/ gure ametsei segika».
Apirilaren 1ean jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketako finala. Otamendi, Perea, Lopez, Xabi Igoa, Iñaki Viñaspre eta Manex Agirre arituko dira lehian.
Azken geltokian, hiru
Asier Otamendik irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa; atzetik sailkatu dira Oihane Perea eta Serapio Lopez. Osatu da apirilaren 1eko finalerako seikotea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu