Camila Cañeque artista (Bartzelona, 1984-2024) ohean lo zegoela hil zen. Haurdun zegoen, eta ez zuen inolako gaixotasunik: bat-bateko heriotza izan zen. Bi bukaera biltzen ditu gertaera tragiko horrek. Hil aurretik bukatutako liburua La Uña Rota argitaletxe txikiak argitaratu du. La última frase (Azken esaldia). Oso diseinu zaindua du saiakerak: irakurleari pentsatzeko tarteak ematen dizkion testu antolaketa, eta Javier Tortosaren azal berritzailea. Guztira, 452 azken esaldi biltzen dituen artefaktu bat da, puzzlea eta/edo jolasa. Instalazio moduko bat da, arte instalazio baten modukoa, baina literatura oinarri duena. Oso bestelako egitasmoa bada ere, badu zerikusirik Ixiar Rozasen Beltzuria liburuarekin, hitzez osaturiko beste instalazio zoragarri bat.
Cañeque performer eta artista kontzeptual moduan zen ezaguna. Halako ogibide batean, ausardia eta pitzaduraren bat arras lagungarri dira. Eta oso ausarta zen Cañeque. 2013an Madrilgo Arcok bota egin zuen bertan performance bat egiten ari zela, baimenik ez eskatzeagatik. Gaur egun surrealistek ere ez lituzkete, inolaz ere, museo eta arte azoken baldintzak beteko. Arcon debekatu zen performancean, etzanda zegoen, geldirik, eta gelditasuna, baita nekea ere, etengabeko obsesioak ziren haren arte praktikan. Oheak, aulkiak, koltxoiak erabili zituen arte objektu gisa, eta, performanceetan, lo egitea eta itxarongeletan egonean egotea maite zuen: azken finean, gehiegizko ekoizpen kapitalistan ezer ez egitea subertsio hutsa da. Iruzkin eder batean, Enrique Vila-Matasek Oblomoven jarraitzaile gisa deskribatzen du Cañeque, hau da, bizitza horizontala hautatu dutenen miresle gisa.
Aipu dantza
Idazle lanetan, hil ondoren eskuratu ditu ikusgaitasuna eta kritikaren laudorioa. Idazlea idazle bilakatzeko abenturaren partaide garelako da saiakera hain ederra. Literaturarekin duen konpromisoa hain da erabatekoa, Cañeque irakurtzeak idazteko desira pizten baitu. Aipuen erabilera ez da joko postmoderno hutsala, hala nola Kenneth Goldsmithesek proposatzen duen idazketa ez-sortzailea. Cañequeren metodoa sortzailea da, aipuak dantzan jartzen baititu, eta nola! Aipuekin josirik, haren hausnarketak eta bizipenak agertzen dira, eta haren begiradak eta estiloak berebiziko indarra dute. Aipu guztiak liburu bukaeran zerrendatuak daude, baina hasierako aholkua da aipuen iturriak begiratu gabe irakurtzea testua. Bi irakurle mota izango ditu saiakerak, arauari jarraitzen diotenak, eta jarraitzen ez diotenak. Dantzan bakarrik daude azken esaldiak, testuingurutik atera ditu, bakardadean eta erbesteratuak. Dantzan jarriz pizten ditu Cañequek.
Edozein nobelatan, hasierako esaldiak irakurlea seduzitu behar du; horregatik, Cañequeren iritziz, kontakizunaren hasierak gogoangarriagoak dira. Amaierak ez dira hein berean memorian gordetzen, baina, amaierarik gabe, nobelarik ez da. Amodio istorioetan ere, hasiera epikoki errepikatzen da, eta amaierako miseriak, aldiz, ezabatu. Kontakizunak amaiera behar du kontakizuna izan dadin. Beharra ontologikoa da. Cañeque amaierak bildumatzen hasi zen, azken esaldiarekin zuen obsesioari jarraituz. Liburu bat hasi baino lehen, beti irakurtzen zuen azken esaldia —bide batez, hasieran emandako aholkua ironia jolastia da—. Obsesio hori dela medio, azken esaldiak erreskatatu nahi ditu saiakeran. Zalantzarik gabe, maitasun ariketa bat da. Urteetan gordetako azken esaldien kartografia eskaintzen du.
Esate baterako, azken esaldi askotan ura (euri edota elur moduan) ageri da. Ura bizitza eta heriotza da; hala ezaugarritu zuen Gaston Bachelard pentsalari frantsesak uraren erabilera literaturan. Horren erakusgarri dira Jorge Manriqueren ibaiak, zeinak itsasoan amaituko diren. Bizitza izateko, amaiera bat izan behar. Filosofikoki irakurtzen du amaiera Cañequek. Nobela batek amaiera behar duen bezala bizirik dagoela baieztatzeko, gizakiak ere amaiera behar du. Eta Cañequeren hitzetan, fikzioa da munduaren kontra dugun mendekua: bukaerarik ez duen eta humanoa ez den denbora horretan, bukaera duten giza egitura narratiboak sortzen ditugu. Etengabe ehuntzen dira fikzioak, bukaera —eta horrekin loturik helburu zehatz bat— irudikatzeko. Testua aipuen gorazarrea ere bada. Sontagen hitzetan, «aipuak gustuko izatea (eta koherentziarik gabe elkarren ondoan jarritako aipuak gustuko izatea) gustu surrealista da». Aipu gehienak fikzio lanetatik datoz, kasu batzuetan tranpa jolastia egiten du, eta beste generoetatik hautatzen ditu.
Hegaldi aurreko agurrak
2010eko abuztuan Cañequek El Prateko aireportuan eman zituen oporrak. Hara joaten zen egunero, hegaldi aurreko azken agurrak ikusteko. Amaieren inguruko jakin-min beragatik, Parisen bizi zela Pere-Lachaiseko hilerri ondora joaten zen, hiletak ikustera. Gauza bera egin zuen Buenos Airesen, Chacarita hilerritik hurbil bizi zela. Eta hirugarren aukera izan zuen Brooklynen: alokairuan zuen logela ehorztetxe baten gainean zegoen. Katarsi moduan bizi zituen esperientzia horiek, bizi izandako agur guztiak bizirik zegoelako gogorarazpen baitziren harentzat.
Pandemia garaian aldarrikatzen bazen ere sistema goitik behera aldatu behar zela, pandemia ostean erabat azkartu da sistema kapitalista. Amnesia kolektiboa ote da? Cañequek dio apokalipsiaren desira bizi duen gizartea dela egungoa, eta haren aburuz, horretan datza bukaeraren beharra gure mundua badela baieztatzeko. Cañequek azken esaldia munduaren bukaerarekin lotzen duen guztietan burura etortzen den irudia zera da, Lars von Trier zinemagilearen Melancholia filmaren amaiera da.
Cañequek liburua bukatzeko zailtasun latzak izan zituen, amaiera etengabe atzeratzen zuelako. Idazle askok pairatzen duten prokrastinazioaren biktima zen. Irtenbide bat aurkitu nahian, Erresuma Batuko Land's End-era joan zen. Bertan itxi zuen testua, amildegia hurbil zuela. Esan daiteke azken esaldiari buruzko saiakera bat amildegiaren ondoan amaitzea performance bat izan zela ia.
Eta nola bukatu daiteke erreportaje hau? «—Nik zigarroa bukatu arte itxaron». (387. aipua, Julio Cortazarren Rayuela nobelatik askatutako azken esaldia).