Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren 29. aldia ate joka delarik, haren akaberak utziko duen zuloa guztiz imajinatu ezinda bezala dabil antolakuntza taldeko kide Aitor Agirrezabal. «Agur sentsazioa badugu, baina iruditzen zait ez garela oso ongi jabetzen oraindik». Eta, nolabait, zentzurik badu haren sentipenak, biharkoa ez baita Hatortxu Rocken azken aldia, ezpada azken-aurrekoa. Baina, hori bai, bihar da Atarrabiari (Nafarroa) agur esateko eguna.
2010etik hona, guztira hamalau aldiz egin dute festibala bertan. Abenduan edo urtarrilean gehienetan, Eguberrien bueltan sarri, eta asmo berarekin aldiro: euskal preso politikoen, iheslarien eta deportatuen egoera salatzea eta presoen sakabanaketak zigortutako senideei elkartasun ekonomikoa ematea. 25 urteko bidearen ondotik, gaur egungo agertoki politikoa diferentea dela aitortuta baina «elkartasun forma berriak» premiazkoak direla nabarmenduta, agurra iragarri zuten ekainean antolatzaileek, eta, ondorioz, 2025eko uztailean Lakuntzan (Nafarroa) egitekoa duten jaialdian bukatuko du ibilbidea guztiz Hatortxu Rockek. Aurrez, baina, Atarrabiakoa dute, «betiko forman eta betiko lantaldearekin», Agirrezabalen hitzetan. «Biharamunean etorriko zaigu aje emozionala; beti izaten duguna bezalakoa, baina areagotua».
Hamazazpi musika talderekin osatu dute kartela aurten. Taularatuko diren ordenari jarraikiz, hauek dira musikariok: Apotheke, Sofokaos, TOC, Roba Estesa, Lendakaris Muertos, Tatxers, ETS, Les Testarudes, Su Ta Gar, Unidad Alavesa, Maskak, KOP, Sune, Arene 6, Goxua’n Salsa, Reimy DJa eta Marabiyak Sound. Kontzertuak 16:00etan hasiko dira, eta asteak dira sarrerak bukatu zirela.
Ikusi gehiago
Antolatzaileek nabarmendu gisan, Atarrabian sustraitutako festibala da Hatortxu Rock, baina hazia ez zen hor ernatu berez; egitasmoaren 11. aldira arte ez zuen zapaldu Atarrabiako zola. Izan ere, Hatortxu Rocken lehenbiziko aldia Berriozarko pilotalekuan egin zuten (Nafarroa), 1999ko abenduaren 25ean, eta bertan egin zuten bigarrena ere, 2000. urtean —abenduaren 23an, zehazki—. Saltoa ailegatu zen gero, festibala hirugarrenez egiteko: Berriozartik Iruñeko Anaitasuna kiroldegira. Eta beste jauzi bat, ondotik, laugarrenerako; Uhartera (Nafarroa). Bi urtez izan zuten bertan gelditzea.
Gero nora? Berriobeitira (Nafarroa). Hain zuzen, Hatortxu Rockek herri horretan erdietsi zuen ordura arte lortu ezinezkoa zitzaion egonkortasun nolabaitekoa, eta, zehazki, bost aldiz antolatu zuten egitasmoa bertan. Horien arteko azkena hamargarren edizioa izanik ere, Hatortxu Rock 9,5 izenez antolatu zuten hura 2009ko urtarrilean, eta, urte bereko ekainerako utzi zuten festibalaren lehenbiziko hamarkada ospatzeko ekitaldia: hura izan zen festibala uda partera mugitu zuten aurreneko aldia, eta berdin egin zuten hogeigarren edizioan ere. Lakuntzan egin zituzten biak, 2025eko uztailean 30. aldia eginen duten modu berean.
Gelditzeko toki bat
Hain zuzen ere, 2009ko udan Lakuntzan antolatu zutenaren segidan, orduan ailegatu zen Hatortxu Rock Atarrabiara estreinakoz, 11. edizioa egin zutenean, 2010eko urtarrilean. Dena dela, hura lehenbiziko enkontrua baizik ez zen izan, hurrengo urtean problemak izan baitzituzten Atarrabian berriz antolatzeko —baimen arazoak ziren, antolatzaileen esanetan—, eta, horregatik, hamabigarren edizioa Zizur Nagusian (Nafarroa) egin zuten. Baina hori izan zen bakarra: hamahirugarrena Atarrabian egin zuten atzera, eta bertan gelditu dira harrezkeroztik, gaur arte. «Azkenik, bota genituen sustraiak», oroitu du Agirrezabalek.
Hark iradoki duenez, antolatzaileek arindua sentitu zuten Atarrabiara ailegatutakoan. Hamar urte baino gehiagoz batetik bestera saltoka ibili beharra ez zen erraza izan, eta horretarako motiboa ez zen, inondik ere, jaialdia txokoz txoko mugiarazi nahia, halabeharrez eginiko zerbait baizik. «Urte hauetan guztietan, Hatortxuk toki askotan jaso ditu ezetzak, eta, aldiz, Atarrabian beso-zabalik hartu gaituzte», nabarmendu du antolakuntza taldeko kideak.
Aitortu duenez, gainera, Hatortxu Rockeko kideak ohartzen dira festibala antolatzeak egiten den lekuan ekar ditzakeen ondorioez —«bizilagunentzako zarata» jarri du adibide Agirrezabalek—, baina, edonola ere, sinetsita daude 1999tik aurrera han-hemenka jasotako ezezko gehienek politikarekin dutela zerikusia batez ere. Besteak beste, gogora ekarri du Atarrabian finkatu aurretik urteetan egin zituztela ahaleginak Iruñean antolatu ahal izateko —Agirrezabal: «Espazio bakarrean ez, hainbatekin saiatu ginen»—, eta kontatu du «azkar» jasotzen zutela udalaren ezezkoa beti. «Eta garbi ikusten zen ez zegoela hori aldatzerik, erantzuna erabaki politikoa zela, eta utzi genion indarrak haiekin xahutzeari». Agirrezabalek pozik egin du azpimarra: «Oso-oso ongi egon gara Atarrabian». Dioenez, hori ere bada larunbatean «ospatu beharreko zerbait».
Hatortxu Rocketik zer musika talde pasatu den erakusteko tresna adierazgarriak dira jaialdiak urtetik urtera kaleratutako kartelak. Balio dute, batetik, festibalaren neurria nola handitu den agerian uzteko, eta, bestetik, baita 25 urte pasa hauetan euskal musika eszenan izandako joera zein aldaketak antzemateko ere. Lehenbiziko alderdiari dagokionez, bista-bistakoa da saltoa: Berriozarko pilotalekuan eginiko bi aldietan, bost eta lau talde aritu ziren, hurrenez hurren. Harrezkeroztik —udako edizio bereziak salbuetsita ere—, kontzertu kopurua beti izan da franko handiagoa; zenbaitetan, hamabost talde edo bakarlaritik gora aritu dira egun bakarrean.
Musikarientzako erakusleiho
Musika talde kopurura mugatu gabe ere, bada aldaketarik lehenbiziko aldien eta azken urteetakoen artean. Esate baterako, 1999an talde hauek osatu zuten kartela: Su Ta Gar, Kashbad, Joxe Ripiau, Marea eta Drindots taldeek. Garai hartako edizioetan rocka eta musika herrikoia ziren nagusi, gutxi-asko, eta urteotan estilo horiei ere eutsi zaien arren, Euskal Herriko eszenan indarra hartu ahala kabiarazi dituzte beste genero batzuk ere Hatortxu Rocken. Askotarikoak izan dira oholtzan: reggaea, ska, popa, rocka, rapa, post-punka, karibeko doinuak, korridoak...
Agirrezabalek nabarmendu duenez, kartela diseinatzeaz eta kontzertuei loturiko gainerakoez arduratzen direnek aspaldi dute helburu «askotariko puzzleak osatzea». Eta, horretarako, estiloei ez ezik, taldeen ibilbideei, jatorriei eta hizkuntzei ere erreparatzen diete. Euskal Herriko taldeak izaten dira gehien-gehienak —nafarrak horietako franko—, baina atzerriko baten bat ere izan ohi da kasik aldiro. «Herrialde Katalanetatik asko etorri zaizkigu», zehaztu du Agirrezabalek. Aurten hiru dira: Roba Estesa, KOP eta Les Testarudes.
«Uste dut Hatortxu erakusleiho ederra izan dela talde askorentzat; bai inguruko talde gazteentzat, eta baita atzerrikoentzat ere, Euskal Herrian bidea irekitzeko aukera bat izan dela»
AITOR AGIRREZABALHatortxu Rockeko antolakuntza taldeko kidea
«Asko dugu eskertzeko urteotan Hatortxun jotzeko ahalegina egin duten talde guztiei», bota du mezua Agirrezabalek. Eta, gainera, adierazi du pozik dela festibalak musikaren esparruan egin duen ekarpenagatik. Baita entzuleei emandakoaz harago ere. «Uste dut Hatortxu erakusleiho ederra izan dela talde askorentzat; bai inguruko talde gazteentzat, eta baita atzerrikoentzat ere, Euskal Herrian bidea irekitzeko aukera bat izan dela». Horrekin lotutako anekdotarik badu Agirrezabalek: «Gogoan dut Atarrabian izan genuela La Raiz, hemen oraindik inor gutxik ezagutzen zuenean, eta begira orain!».
Agur esateko oholtza ere izan da zenbaitentzat: Vendettak Atarrabian egin zuen bere azken kontzertua, 2018ko abenduan. Eta, gainera, behin eta berriz itzultzeko eszenatoki kutun ere izan da beste batzuentzat. Aurtengo edizioa barne, Su Ta Gar zein Soziedad Alkoholika taldeak bederatzina aldiz aritu dira Hatortxu Rocken, eta atzean dute, gutxigatik, Berri Txarrak; azken hori zortzi aldiz izan da jaialdian.
Behin Atarrabia atzean utzita, datorren urteko uztailera begira ariko dira bete-betean antolakuntza taldekoak. Ekainean iragarri gisara, uztailaren 24tik 27ra arteko jaialdia eginen dute, Lakuntzan. Oraindik ez dute jakinarazi zer talde ariko den, baina sarrerak salgai dira dagoeneko.
ORDUTEGIA