Azken aroan, aurrera begira

'Argiaren hautsa' antzezlana estreinatuko du gaur Vaiven konpainiak, Hernanin. Mireia Gabilondok zuzendu du lana, eta egoitza batean elkar ezagutuko duten bi adineko dira protagonista nagusiak

Miren Gojenolak eta Mikel Laskurainek jokatzen dituzte Milagrosen eta Manuelen rolak antzezlanean. VAIVEN PRODUKZIOAK.
Ainhoa Sarasola.
2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Bizitzaren azken etapan dira Manuel eta Milagros. Eta urte horiek nola bizi, oso ikuspegi ezberdinak dituzte. Orainari nahiz iraganeko zauriei aurre egiteko bere modua du bakoitzak. Zahar etxe batean ezagutuko dute elkar, eta izaera ezberdinak badituzte ere, maitemindu egingo dira. Bizitzaren azken urteetan ere, maitasuna posible delako. Horixe du argumentu nagusi Argiaren hautsa antzezlanak. Vaiven konpainiaren ekoizpen berria da, eta gaur estreinatuko dute Hernaniko Biteri kultur etxean (Gipuzkoa), 20:00etan.

Mikel Laskurain eta Miren Gojenola aktoreak dira Manuel eta Milagros antzezlanean. Bi protagonisten izaera ia antagonikoak azaldu ditu Mireia Gabilondok, obraren zuzendariak. «90 urteen bueltan dauden bi pertsona dira. Emakumea bizitzaz beteta dago, oso airosa da, eta bizitzen jarraitzeko gogoa du. Gizona, aldiz, justu kontrakoa da: zakarra da, isila, ez du lagunik... heriotzaren zain dagoen norbait da». Geroari desberdin begiratzen diote, nor bere iraganak eta bizipenek baldintzatuta. «Adin bat dute ja, eta bakoitzak bizi izan duen guztia eta nola barneratu duen garrantzitsua da. Egoitza batean daude biak, bakar samarrik, eta hor ikusten da nolakoa den bata eta nolakoa bestea. Batez ere, heriotzari aurre egiteari begira». Haiekin batera, beste bi aktorek ere parte hartzen dute lanean: Ander Iruretagoiena egoitzako langileetako baten larruan sartu da; eta Ane Salvadorrek, berriz, Milagrosen bilobaren rola jokatu du.

Bi protagonistak pixkanaka joango dira elkar ezagutuz, pixkanaka izango dute bakoitzaren bizipenen berri, tartean, 1936ko gerrarena, zeinak bien bizitzetan eragin handia izan zuen eta presente egoten jarraitzen duen. Gabilondo: «Milagrosek bere bizitzako hainbat pasarte kontatzen ditu, tartean, apirilaren 26an Gernikan jaio zela, bonbardaketaren egunean, eta handik gutxira ama hil zitzaiola. Gauza gehiago ere kontatzen ditu: aita nola hil zuten, nola bizi izan zen Gernikan izeko batekin...». Manuelek, berriz, beste modu batean bizi izan zuen gerra bera. «Gurasoak nazionalen partekoak zituen, eta 10 urte zituela ama hil zuten Bilboko hotel batean; garaipena ospatzen ari ziren momentuan, bi gizon errepublikano sartu zirela, eta bere ama hil zutela esaten da». Zuzendariaren hitzetan, «gerra oso presente dago bi protagonistengan, nahiz eta batek alde batean bizi izan eta besteak bestean».

Hain zuzen, ikuskizunaren bukaera aldera jakingo da Manuelek bizitzan «oso momentu latz bat» bizi izan zuela, eta orduan ulertuko du ikusleak zergatik den hain isila eta zakarra. «Zama handi bat du bizitzan, gauza oso txar bat egin zuelako. Baina polita da azkenean jakitea gizon honi zer gertatu zitzaion, zer egin zuen kulpa hori eramateko». Edonola ere, istorioaren alderik ederrena, zuzendariarentzat, bien artean sortzen den harremana da, «nola erakusten dion Milagrosek Manueli bizitzako gauzei aurre egiten».

Azken batean, «bizitzaren aldarri bat» da antzezlana, «ondo bizitzeko eta momentua bizitzeko gonbidapen bat», Gabilondoren hitzetan. «Nahiz eta bizitzaren bukaera horretan egon, bien artean maitasuna sortzen da. Eta polita da edade horretan, espero ez duzunean, bat-batean aurkitzea maitasuna. Manuel bere bizitzan lehen aldiz nola maitemintzen den ikusiko dugu; ezkonduta egon den arren, esaten du lehen aldiz sentitzen duela orain sentitzen ari dena, eta ea hori den maitasuna. Harreman polita da; ez da lagun bat maitatzea bezala, erakarpen bat ere badago». Protagonisten adina gorabehera, edozein publiko motarentzako moduko istorio bat dela uste du zuzendariak. «Azkenean, bizitzari eta harremanei buruz ari da, eta uste dut, edade batetik aurrera, denok ulertzeko moduan gaudela».

Komikiaren lengoaia

Luis Elizetxearen testua du oinarrian antzezlanak. 2016. urtean Donostia Hiriko 53. Kutxa Literatur saria irabazi zuen Elizetxeak liburuarekin, euskaraz ondutako antzezlanen atalean. Orduan irakurri zuten Gabilondok eta beste taldekideek testua, baita idazlea ezagutu ere, eta oholtza gaineraeramateko prestatu dute orain. «Moldaketa bat egin dut obra honetarako; berak gauza gehiago kontatzen ditu bere testuan».

Moldatze lan horretan, antzezlanera bestelako diziplina batzuetako lengoaiak eraman ditu zuzendariak. Batetik, une batzuetan, zinema klasikoari keinu egiten dio obrak, Gabilondok azaldu duenez: «Milagrosentzat zinemak garrantzia handia du bere bizitzan, Gernikan, gaztetan, zinema batean lan egin zuelako bere izeko horrekin. Zineman sartzen zen, eta pelikulak ikusten zituen, egunero pelikula bera, hurrengo astean beste pelikula bat etortzen zen arte, eta une batean esaten du zinemaren pasioak lagundu egin ziola bizitzen, kaleko bizitza oso grisa zelako».

Baina bestetik, eta batez ere, komikiaren lengoaia baliatu du Gabilondok istorioari forma emateko. «Dena komiki bihurtzea erabaki nuen. Naiel Ibarrolak pertsonaia guztiak marraztu ditu, eta ikuskizunean ikusi egingo ditugu oholtzan gauzak gertatzen diren bitartean». Hala, lengoaia horren mesedetan atondu dute espazio eszenikoa ere: bederatzi pantaila izango dira agertokian, «komikien binetak izango balira bezala», eta horietan agertuko dira marrazkiak, bunbuiloak beren testuekin... Istorioa bera gero komiki fisiko batean jasotzea ere buruan dutela iragarri du zuzendariak.

Gaurko estreinaldiaren ondotik, konpainiakoek beste hainbat emanaldi lotu dituzte dagoeneko; oraingoz, otsailean izango da lana ikusteko hurrengo aukera, Santurtzin (Bizkaia), eta udaberriarekin, Gipuzkoara (Hondarribia, Andoain, Zarautz eta Donostiara) nahiz Bizkaira (Gernika, Barakaldo eta Sestaora) eramango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.