Azaroaren 16tik 19ra egingo da LABO XL jaialdia, Donostian

Hemeretzi ikuskizun izango dira, besteak beste, LABO XL festibalean; tartean, hainbat estreinaldi.

LABO XL jaialdiaren antolatzaileak, gaur, Donostiako Tabakaleran. JON URBE
Miren Mujika Telleria.
2023ko urriaren 24a
15:07
Entzun

Orain bost urte ekin zion bere bideari LABO XL espazio eta hizkuntza eszeniko berrien Donostiako jaialdiak. Sorkuntza prozesuak ezagutaraztea, ikuskizunak plazaratzea eta ikusleak arte eszenikoen mundura hurbiltzea izan ditu hastapenetatik helburu. Dantzaz, performancez, antzerki garaikidez eta bestelako jardueraz osatutako programazioa eskainiko dute azaroaren 16tik 19ra bitartean, Donostiako Egia auzoko hainbat lekutan.

Orain arte bezala, «gorputza eta mugimendua sorkuntzaren ardatz nagusi gisa erabiltzen dituzten adierazpen artistikoetan» jarriko du arreta festibalaren bosgarren aldiak ere, Jon Estala jaialdiaren zuzendariak azaldu duenez. 19 ikuskizun, bi hitzaldi, topaketa profesional bat eta mugimendu tailer bat izango dira denera. Antolatzaileek iragarri dute euskal konpainiek eta euskarazko lanek «presentzia nabarmena» izango dutela programazioaren barruan. Gainera, andrazko sortzaileen lana erakusteko plaza gisa ere baliatu nahi dute aurtengo aldia: «Emakume sortzaileen lanak izango dira eremu eszeniko guztietan: zuzendaritzan, ekoizle lanetan eta teknikari lanetan», gaineratu du Estalak.

Emakumea da aurtengo karteleko protagonista ere: Ainhoa Usandizaga dantzaria. Hain zuzen ere, hark emango dio hasiera jaialdiko emanaldi sortari, Bihar lanarekin. «Erabateko estreinaldia izango da», zehaztu du Estalak. 12:00etan hasiko da inaugurazio gala, eta 12:30ean erakutsiko du Usandizagak bere lana. Hainbat dantza erakustaldi izango dira arratsalde horretan bertan: Eva Comesañaren Perder a lingua, Rebeca Carreraren Señora, eta Julio Ruizen Tocar a un hombre. Bestalde, Amahiru konpainiak antzezlan bat emango du: Duzhe gaizki.

Biharamunean, ostiralarekin, bost dantza emanaldi izango dira ikusgai: Node konpainiaren Ama badok eta Batu, Marc Fernandezen eta Julio Leonen (ÍOR), Funa konpainiaren Room 22, Ana Cotoreren Stage diving, etaBilaka kolektiboaren Mitologia txikiak lanaren estreinaldia. Larunbatean ere bost dantza ikuskizun ikusi ahalko dira: Traversee taldearen Komunikazio inkomunikazioa, Mari Paularen Escambo, Glovo kolektiboarenXenérica eta Las Palomasen ¿Qué?. Antzezlan baten estreinaldia ere izango da egun horretan: Traspasarte taldearen Máxima Starr. Azken egunean bi dantza erakustaldi izango dira: X konpainiaren Eta orain zer? etaTroika kolektiboaren See Saw. Rojo Telon taldeak, gainera, Transir zirku ikuskizuna taularatuko du egun horretan.

Negoziorako mahai «seguruak»

Jaialdiak iaz abian jarri zuen Bileratxoak proiektua ere gehitu dio aurtengo egitarauari. Artistentzat eta programatzaileentzat prestatutako txokoari deitu diote horrela. Hala azaldu du zuzendariak: «Negoziorako mahai irisgarriak eta hurbilak sortuko ditugu, negozioetarako tarte hori modu lasai eta seguruan egin dadin». Artisten eta programatzaileen arteko aurrez aurreko komunikazioa sustatzea du helburu proiektu horrek. Hain justu, azaroaren 17an egongo da horretarako tartea, Tabakaleran, 10:00etatik 12:00etara bitartean.

Bi hitzaldi ere aditu ahal izango dira jaialdian; zehazki, azaroaren 18an. Sarea dantza zirkuituak emango du bat, eta Javier Mosquerak beste bat. Tabakalerako Ruiz Balerdi aretoan izango dira biak ala biak. Ez bat, ez bi, baizik eta hiru izeneko dantza tailer bat izango da azken egunean, Myriam Perez Cazabon dantzariak gidatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.