AZALEKOARI MAMIA

Kanpoaldea eta barrena, biak ala biak dira inportanteak liburu batean. Are gehiago: irakurleentzat, azalaren itxura da liburu bat aukeratu ala ez erabakitzeko galbahea sarri, eta lan handia du atzean, askorena. Editoreen, irudigileen eta idazleen arteko elkarrizketak funtsezkoak dira azal on bat egiteko.

BERRIA.
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun

«Ez epaitu liburua azalagatik». Norbaiten itxurarengatik sortutako aurreiritziak bazter utz ditzatela eskatzeko baliaturiko metafora ezaguna, baina ez beti aintzat hartua. Jendeak nekez aplikatzen du begietaratua pertsona bat denean, eta berdin gertatzen da esamoldearen zentzurik literalenean, literarioan: liburuaren azalak kolpez ekar dezake maitemintzea, baita kontrakoa ere. The Wall Street Journal aldizkariak argitaratutako ikerlan baten arabera, herritarrek batez beste zortzi segundo ematen dituzte liburuen azalei so. Zortzi segundo irauten du epaiketak.

 

«Paradoxikoa da. Liburu dendak hitzez beteriko tokiak dira berez, baina, sartu, eta lehen kolpean ikusten duzu irudiz beteak daudela. Azalek baldintzatzen dute lehenbiziko epaiketa». Igela argitaletxeko editore Lander Majuelorenak dira hitzok. Irmo azaldu du diagnostikoa, iritzi baitio bistakoa dela: «Normala denez, irakurleak baheketa bat egin behar du, eta azaletatik abiatuta egiten du hori». Luze gabe aipatu du salbuespena, dena dela: «Irakurleak obra edo autorea lehendik ere ezagun izatea». Baina horri etekina ateratzeko modua zein den garbi dute argitaletxe askok —ez guztiek—: letra tipoaren tamaina puztea, azalean berean.

Liburuek nekez eginen lukete bide bera biluzik, eta mami handiko jarduna dago azalen atzean. 2020tik, Igelan aldaketa franko egin dituzte liburuen diseinuan. Zenbait sailetako liburuak azalberritu dituzte, eta irizpide berriak zehaztu ordutik kaleratu dituzten liburu askotarako. Edonola ere, Majuelok nabarmendu du nahiago izaten duela ilustratzaileari edo argazkilariari «askatasunez» lan egiten utzi. Hala eta guztiz, urrezko arau bat badute argitaletxean: liburua irakurri behar dute. «Horrek ezinbestean sortzen duelako harreman bat». Igelarentzat azalgile aritzen diren guztiei egiten die eske hori, eta, gaur egun, ilustratzaileentzako aparteko baldintza bat ere badu: liburuaren azal osoa har dezatela oihal modura.

Liburua irakurri beharrarena ez da «kapritxoa», Majuelok iradoki duenez. Kontua da «harmoniaren» ahalmenean sinesten duela. «Oso hitz erlijiosoa da, baina gauza da badagoela fede txiki bat dioena liburua hobea aterako dela hura egiten duten guztiek eroso eta modu batera edo bestera testura lotuta egiten badute lan». Azalari ez ezik, liburuaren beste elementuei ere aplika dakizkieke hitzok. «Artefaktu bat osatu nahi dugu, gurdi bat. Eta itzulpenarekin jartzen diogu gurpil bat, hitzostearekin beste bat; azalarekin, berdin. Eta gurdia plazara aterako da, eta beste mila ere izango dira hor».

Diferentziazioa helburu

Jakina denez, irudigilearen burua eta eskua dira faktorerik inportanteenetakoak prozesuan, baina erabaki asko hartu behar dira horren aurretik: nori zer eskatu, besteak beste. Majuelok sare sozialak baliatzen ditu Euskal Herriko artisten lanei so egiteko, batetik, eta atzerriko argitaletxeek egiten eta kaleratzen dituztenei erreparatzeko, bestetik. Azkenaldian, Londreseko Fitzcarraldo Editions argitaletxekoek eginiko urratsei begira ari da, erne.

Editorearen iritziz, Fitzcarraldokoak franko arriskatu dira eginiko aukeraketetan, eta baita bete-betean asmatu ere. «Erabaki zuten azal guztiak berdinak izanen direla: bi mota baizik ez dituzte bereizi. Saiakerentzat, azal zuriak. Literatur lanentzat, urdinak. Horiek ikusi, eta berehala pizten zaizu eduki nahia». Begi gosea ere bada, beraz. Soiltasuna baliatuz eskaintza garaikide bat ontzea erdietsi dutela uste du Majuelok. Halere, dudak ditu hautu horrek Euskal Herrian zer bide eginen lukeen.

Majuelori zaila zaio hemengo liburugintzan azalari loturiko joera garbi bat ikustea, baina iritzi dio exijentziak nabarmen egin duela gora, oro har. «Egun, azalak ona behar du, eta hitzosteak, eta testuak. Irakurleak ez du begi onez ikusiko maketazio txar bat edo fina ez den edizio bat», esan du, eta liburuen bizitzari buruzko gogoeta bota gero: «Iruditzen zait liburuek bi bizitza dituztela: bat, osaketa prozesuarena, eta, bestea, handik aurrerakoa. Liburuaren bizitza oso laburra da dendan, biltegian, baina ez gero. Itxiko dute argitaletxea, zenduko da irakurlea, baina liburua hor geldituko da. Gu bagoaz; liburua, ez». Ona behar du.

Liburugintza XIX. mendearen hasieran hasi zitzaion azalei sakonago erreparatzen, halabeharrez. Orduan hasi ziren, pixkanaka, larrua bazter uzten, eta oihalez estalitako liburuek hartu zioten lekukoa hari. Materialean eginiko aldaketak bidea zabaldu zion aniztasunari, eta, hain justu, aldi horretan sortu zen profesioa bera: ordura arte ez bezala, liburu bat osatzeko prozesuan pertsona bat espresuki arduratuko zen azala diseinatzeaz.

Esteban Montorio Monti-k 30 urtetik gora daramatza Txalaparta argitaletxean diseinatzaile, azalgintzan. «Pentsa nola aldatu diren gauzak», esan du atzera begirakoa egitean, eta argitu du oraindik grinez bizi duela liburuen jantziak josteko prozesu oro.

Edonola ere, Montiren ustez liburuen azalak ateen parekoak dira, besteak beste, jantzien gisakoak baino gehiago: «Azalak ateak dira, liburura sartzeko eginak. Edo oihuak, irakurleari eskatzeko arreta eskaini diezaiola liburuari». Ate horiek kolore bakarrekoak diren, bernizatu diren, estilo barrokoan apainduak dauden, garrasiak ahots zoliz eginak diren, edo lodiz ahoskatuak; horiek eta beste zehaztea dagokio diseinatzaileari.

Denbora aldagai garrantzitsua da ekuazioan. Montik aitortu du «estu» ibiltzen direla askotan, eta, beraz, editoreekin izaten dituen elkarrizketek ematen diote lanean hasteko abiapuntua. Azaldu duenez, haiekin zenbat eta luzeago hitz egin, orduan eta hobeki trazatzen ditu ideiak buruan. «Kontzeptuak identifikatzea da gakoa, eta nik horiekin bideratzen dut lana. Bide bat ateratzen dut, edo batzuk; inoiz gutxi izaten baita bakarra».

Zer norabide hartu izaten da Montiren buruhausterik handienetakoa, eta sinetsia dago diseinatzaile guztiei gertatzen zaiela hala. Hark, dena dela, Daniel Gil diseinatzaile grafiko espainiarraren aipu bat dauka lematzat. Zera esan zuen Gilek, Txalapartakoak oroitarazi duenez: «Azal baten xedea ez da liburua azaltzea, ezpada irudi bat sortzeko aitzakia».

Gehiegi esan nahiak eta ondorioz azalpenetan katramilatzeak dakartzan arriskuak azpimarratu ditu diseinatzaileak. Gainera, dioenez, idazleen artean aski ohikoa da horretarako joera: «Idazleak milaka edo milioika ideia bildu ditu bere testuan. Normala denez, esandako guztiak azalean agertzea nahi izaten du; baina ezin da. Hori erredundantzian erortzea litzateke». Itzulpena egitea aipatu du irtenbide modura: «Hizkuntza grafikora ekartzea».

Ariketa antzekoa egin behar izan du zenbaitetan Maddi Zumalabe ilustratzaileak. Zehaztu duenez, ez du bere burua azalgiletzat hartzen, ez baita hori haren eguneroko jarduna; are, ilustrazio ikasketak egin izanagatik, ez da horretan aritzen lanean, baina liburu bati azala egiteko aukera eskaini izan diotenean «plazerez» hartu du egitekoa, «erronka handia izan arren». Jon Arangurenekin batera aritu ohi da halako proiektuetan.

Liburuaren laburpen «bisual eta metaforikoa» egiten saiatzen dira Zumalabe eta Aranguren. Zumalabek kontatu duenez, liburua edo liburuaren laburpena irakurtzean, zerrenda batean biltzen dituzte azaltzen zaizkien kontzeptuak —eta gustuko pasarteak azpimarratu, edo gako hitzak bildu— eta eta horiek gorpuztea izaten da ondoko urratsa. «Ikusi edo ukitu daitezkeen gauzetara eraman nahi izaten ditugu. Eta hieroglifo moduko bat sortu elementu horiekin, irudi bidezko esaldi moduko bat». Oroitu duenez, hala egin zuten, esaterako, Kattalin Minerren Turista klasea libururako (Elkar, 2020). «Parisko treneko tiketak hartu, eta kartzelako barra lodi puskatu batzuk irudikatu genituen», ekarri du gogora.

Hitzei kolorea

Zumalabek aitortu duenez, lehenbiziko urratsa zaio zailen prozesuan. Horregatik, asko estimatzen du testuari buruzko esplikazioak aditzea. Ahal den neurrian, idazlearen ahotik. «Eskertzen dugu idazleak esplikatzea liburuko zer azaleratu nahi duen. Ez zehazki, baina inportantea da oinarrizko kontzeptuak hitzartzea, gerta daitekeelako idazlearen interpretazioa eta zurea oso diferenteak izatea». Aukeran, nahiago du «aldebakarreko ikuspegiari» izkin egin.

Hain justu ere, idazleak —edo itzultzaileak— izaten dira beste aldean, Leire Bilbao kasurako. Poesia lanetan eta haur eta gazte literaturakoetan batik bat, hainbatetan ikusi ditu bere hitzak irudi bakarrean biltzen. Bereziki maite du liburugintzaren pauso hori, gainera, berea ez den arren.

«Uste dut idazleak nahikoa urduritasun izaten duela liburuko letrak nola aterako diren pentsatzearekin», aitortu du Bilbaok, eta, hain zuzen ere horregatik, azala «opari» baten gisan hartu izan du berak: «Ikusten duzunean ilustratzaileak zer forma eman dion zuk egindakoari, zer aurpegi ipini dion zure testuari, sorpresa polit bat hartzen duzu askotan». Bilbaoren esanetan, liburu bat sortzea erditzearekin aldera badaiteke, niniaren aurpegia lehenbiziko aldiz ikustea da azala nolakoa den deskubritzea.

Ukimena ere epaile

Azal «deigarriak» maite ditu Bilbaok. «Izan daiteke koloreengatik, edo, adibidez, baduelako irudi ezagun bat lekuz kanpo dagoena. Jokatzen duten azalak gustatzen zaizkit». Eta guztiz bat egin du Montik erredundantziaz esandakoarekin: «Nire ustez, azalak ez du zertan izan barruan dagoenaren ispilu fidel-fidela. Ate bat izan behar du, eta iradoki, baina spoiler-ik gabe».

Idazlearen eta ilustratzailearen arteko harremanaren garrantzia nabarmendu du Bilbaok; elkarrizketa, batez ere. Maite Mutuberria ilustratzailearekin izandakoak jarri ditu adibide gisa, sarri egin baitute lan elkarrekin.

Idazleak ez du sinestesiarik, baina onartu du «iruditan» pentsatzen duela askotan, nolabait, eta zehaztu du horrek nabarmen laguntzen diola bere ideiak ilustratzaileari esplikatzeko garaian. Plazerez egiten du hori. «Poema batzuetan, irudiak sortzen dira, eta Maiteri kontatzen dizkiot. esaten diot zer den bakoitzaren atzean ikusten dudana». Lan batzuekin batik bat, bertsolarien modura aritzeko parada ematen die horrek biei: «Bertsotan bezala: batek bota, eta besteak segi».

Azalari loturik, baina ikusmena bazter utzita, beste zentzumen baten inportantzia nabarmendu du Bilbaok: ukimenarena. Maite du liburuen azalak behatz mamiez ukitzea. Sumatzea ea gogorra den, biguna, irristakorra. Eskuetan hartzea, eta neurtzea liburuak zer pisu duen. Orri-pasaka aritzea, orriak itsatsita gelditzen diren ikusteko, edo egiaztatzeko abaniko baten gisan zabaltzen dela orri sorta. «Joera ohikoa da gustatzen zaiguna ukitu nahia». Eskuaz ere epaitzen da liburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.