Kritika-Artea

Azalean

Martxoaren amaiera arte izango da ikusgai Argiñe Ceballosen erakusketa. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Martxoaren amaiera arte izango da ikusgai Argiñe Ceballosen erakusketa. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Enara Herranz
2025eko otsailaren 25a
04:15
Entzun

'URETAN, DANTZA DISTIRETAN URTZEN DA'

Artista: Argiñe Ceballos.

Non: Uribitarte 40 aretoan, Bilbon.

Noiz arte: Martxoaren 30era arte.

Hilabete falta da oraindik negua amaitzeko, baina asko gaude gerturatuz doan udaleheneko ilusio inozoaz arropak gorputz zahar bat bezala eranzteko irrikan. Argiñe Ceballosek azalberritze posible horiek erregistratu ditu Uretan, dantza distiretan urtzen da erakusketan, Bilbo Arten 2023-2024ko ikasturtean eta ondoren Otxarkoagako Opengela esparruan egindako lanari esker ekoitzia.

Sarrera zeharkatu eta, ingurua oraindik arrotz, hotz, errekasto urrun baten soinuak hartzen gaitu. Aretoa bitan banatzen duen hormaren atzetik datorren uraren hotsak gure jakin-mina zirikatzen du, baina hasiera-amaiera dikotomia oraindik espazioan zein bizitzan kokatzeko beharrezko zaigunez, zintzoki itxarongo dugu ibilbideak bertara eraman gaitzan. Erakusketaren lehenengo guneak atariko izaera du, eta mostraren ardatz nagusiak aurreratzen baditu ere (ehun zeharrargiak, presentzia anonimoak gauean, bigarren azalak), ez da datorrenaren sinopsi hutsa. Bertan, nylonez bildutako ipurdi batek egiten digu harrera, tela luze batean inprimatua. Tentsioan egon ohi diren material malguak lasaitasun egoeran kokatu ditu Ceballosek hemen, eta pisua aplikatu du gazazko oihal arin hauskorretan.

Ehun elastiko batzuk tenkatzea nahikoa izan zaio ibilbide bat proposatzeko. Hala, horman itsatsita dauden eta zehazki noraino heltzen diren ez dakigun zerrenda beltzei jarraitzea erabakitzen badugu, eremu laxo batera helduko gara. Aurreko espazioan materiala muturreraino eramaten ari diren indarrak eten egin dira hemen, eta indarge erortzen dira gorputzak. Dena da lausoa, argiak eta aireak objektuak zeharkatzen dituzte ahalegin handirik gabe eta sarreratik entzuten zen ur xuxurla ondoan dugu orain.

Giro geldo honetan mutazio baten arrastoak utzi ditu barreiatuta artistak. Txoko ezberdinetan barrena, izaki ezkatadun baten azal zaharrak; izkina batean, burdinazko egitura batean norbaitek eskegita utzi dituen arropak. Argiak eta urak materialetan sortzen dituzten efektuak erreproduzitu eta galkorra den horri heldu gura izan dio artelanotan. Bertan gordeak daude eguzki izpi bat eta izpi horrek zeharkatu duen ur korrontearen doinua. Ur korrontea eta bertan bainatu diren Ni guztiak.

Giro geldo honetan mutazio baten arrastoak utzi ditu barreiatuta artistak. Txoko ezberdinetan barrena, izaki ezkatadun baten azal zaharrak; izkina batean, burdinazko egitura batean norbaitek eskegita utzi dituen arropak

Espazioaren ametsezko zuritasun garbiaren erdian, formatu handiko argazki batzuk nabarmentzen dira. Gau ilunean barna azkar mugitzen diren gorputz gazte, zurbil, distiratsuak agertzen dituzte, aretoan zehar eskegitako larruazal lehor eta bizigabeekin aurrez aurre. Kolore, argiztapen eta erritmoen kontraste honetan denboren arteko elkarrizketa bat irakur daiteke nahi izanez gero: zaharra eta berria, hasiera eta amaiera, izan zena eta izan litekeena.

Iheskortasunak haragitzeko eta gorputzetan eragiteko dituen moduetako bat da erakusketaren testuan aipatzen den ekdisi terminoa, animalia batzuek larrua aldatzen duten aldia, hain zuzen. Argazkien protagonistek soinean daramatzaten jantzi ia gardenek azalarekin nahasten direlako inpresioa sortzen dute, eta halaxe lortzen du artistak bere helburua: «Zer da irudian ageri dena? Egia al da? (...) Nola bihurtu izan ez naizena, suge bat?»

Ibilbide honetan atzean utzi ditugun arrasto eta hilotzen presentzia argitzera datorrela dirudi mostraren azken pieza. Uribitarte 40 aretoaren sakonean proiekzio gela bat dago, batzuetan, erakusketak horra ondo bideratzen ez bagaitu, oharkabean igaro daitekeena. Kasu honetan, argazki bat erabili du artistak amu gisa. Bideoan, itsasoko ur gatzatuaren pisuak oihal bat lotzen du harean, eta ur bazterreko olatuek haiengana erakartzen dute; jarraian, hurrengo astinaldiarekin berriz atzera botatzeko. Horrela, oihala etengabe itsatsi eta desitsasten zaio lurzoruari. Plano hurbilak erabili ditu eszena grabatzeko, eta gauaren iluntasunean, harea horrek gorputz heze bat irudi lezake, arnasaldi bakoitzarekin azal zaharkitu batetik askatzen ari dena.

Argiñe Ceballosen erakusketa
Argiñe Ceballosen erakusketako piezetako batzuk. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Argiñe Ceballosek argazkigintzaren eta bideoaren esparruan lan egin du batez ere, eta eskulturarenean barneratzen hasia da oraintsu. Ehunetik hurreratu da bertara, eta hau argiarekin, urarekin eta espazioarekin harremanetan jartzean gertatzen dena ikertu du besteak beste. Uretan, dantza distiretan urtzen da esperimentazio horren emaitza da. Erakusketa arina da, garbia, argitsua, baina iluntasunean murgiltzeko abagunea ere eskaintzen du, eta hau hizpide izanagatik, ezin da esan azalean geratzen denik.

Filosofo ezagunak norbait ibai berean birritan bainatzea ezinezkoa dela esan zuen. Agian erakusketekin berdin gertatzen da, eta horregatik da ederra aretora itzuli eta presentzia, distira eta esanahi emari berriak aurkitzen jarraitzea. Baina horretarako garrantzitsua da —ezinbestekoa— bisitariok ere azalean ez gelditzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.