'ZORIONA, EDO ANTZEKO ZERBAIT'
Idazlea: Karmele Mitxelena.
Argitaletxea: Elkar.
2023ko Augustin Zubikarai saria irabazi zuen Karmele Mitxelenaren proiektuak, eta beka hori baliatuta, bi urteren buruan kaleratu du Zoriona, edo antzeko zerbait nobela. Aurretik umeentzako album eta kontakizunak argitaratuta, idazlearen helduentzako bigarren lana da eta estreinako eleberria, 2022ko Haragizko mamuak ipuin liburuaren ondoren. Nobela laburra da honakoa, ehun orrialde ingurukoa.
Emakume alargundu berri bat da protagonista. Senarrak bere buruaz beste egin eta denbora batera, Mediterraneo kostaldeko herrixka batera doa doluaren zauriak goxatzera. Horrez gain, etxekoen itolarritik ihes egin nahi du, falta duen arnasa ganoraz hartu ahal izateko. Ez dira horiek bidaiaren helburu bakarrak, ordea. Berrogei urte lehenago maitale izandakoarekin jarria du hitzordua Cadaquesen; hango egonaldia harreman haren sugarrak berpizteko ere baliatuko du. Protagonista bera da narratzailea, haren bakarrizketak osatzen du narrazioa. Hala, iraganeko oroitzapenak berrituko ditu opor herriko ibilerak kontatzeaz bat. Senar zena bere buruaz beste egitera eraman zuten arrazoiak ulertu nahian ariko da, ezinbestean sentitzen duen erru sentimenduarekin borrokan jardungo du eta familiaren korapilo eta arrakaletan jarriko du arreta: amaren izaerak beragan sortzen duen gutxiagotasun sentimendua, seme-alabekiko harremana...
Iragan eta etorkizunaren arteko trantzean dabil emakumezkoa, bateko senarraren oroitzapen mingarria, besteko Manurekiko balizko etorkizuna eraikitzea. Bolada luzea eta gero, azkenarekiko berriz ere desioa sentitzeak errudun sentiaraziko du, senarrari traizio egiten ari delakoan. Emakumearen barne gatazka eta azalberritzean sakontzen du narrazioak, intentsitate handiko idazkeraz. Protagonistaren ama hilko da amaiera aldera eta, paradoxikoki, horrek askatuko du zamatik, eta bizitza berri bati ekiteko indarra eman. Zoriona eta askatasun indibiduala dira liburuko gai zentraletako bi. Orobat liburuaren dohainetako bat da hain orrialde gutxitan protagonistaren barne eraldaketa kontatzea, modu aski sinesgarrian kontatu ere, amonaren amaiera aldeko heriotzak kontakizunari gehiegizko dramatismoa eransten badio ere. Kontaera tarteka agerikoegia iruditu zait, halere. Elipsirako tarterik ez egoteak konplexutasun falta eragiten du. Aurrez espero izatekoak egin zaizkit protagonistak kontatzen dituenetako asko eta arinegiak darabiltzan zenbait esaera, metafora eta konparazio. Bakarrizketari bistako hausnarketez beteegia iritzi diot, eta, hainbat deskribapen eta eszena girotze egokiak diren arren, intentsitate handiko pasarte barnerakoietan tonuak huts egiten duela uste dut.
Era berean, protagonistaren eta familiakoen arteko harremanetan gehiago sakontzea zegoen, horri dagokionez ere konplexutasuna sumatu dut faltan. Atsegin handiena protagonistaren eta Manuren eszenetan hartu dut, horiexek iruditu baitzaizkit ñabardura eta isiltasunera gehien lerratutako pasarteak. Keinu, mugimendu eta begiraden garrantzia azaleratzen da horietan, narrazioari esanindar handiagoa emanez.