Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Azalak badu memoria

2024ko urriaren 13a
05:00
Entzun

Egoera: mendian gora hiru lagun. Udarak udazkenari oparitan uzten dion egun eguzkitsua. Tontorrera iristeko oraindik puska bat geratzen da; geldialdia egiteko unea. Hiruetako batek krema potea atera (enegarrenez), aurpegi, garondo, belarri eta besoetan krema zabaldu, eta amak sarritan errepikatu dion esaldia bota die lagunei, bere ekintza justifikatu nahiko balu bezala-edo: «Aizue, azalak memoria du, ongi zaindu behar da». Eta beste batek abesten erantzun: «Azalak badu memoria, eta memoriak azala».

Eta badu, bai, azalak halako erakarpen bat, literatura haren gainean egitekoa. Hari buruz pentsatzekoa. Hari abestekoa (aurreko bertsoa Jon Maiarena da, bidenabar). Hementxe, egunkariko azal honetan, azalari buruzko hainbat azalpen. Memorian gordeko ote dituzun, hori beste kontu bat da.

Hizkuntzari erreparatuz gero, gauza asko egiten dugu gizakiok azalarekin: bestearen azalean jar gaitezke, enpatiarako gaitasuna epidermisean bagenu bezala. Beste kontu bat da ea jarri ote gaitezkeen, edo jarri nahi ote dugun. Azala azalaren kontra ere, gustura asko egon gaitezke, kontra horrek etsaitasuna baino elkartasuna adierazten duelarik. Beste kontu bat da ea badugun noren kontra goxo egon. Eta are euskaradunok hori baino gehiago egiten dugu azalarekin. Elhuyarren bilaketa azkarra egin, eta azal hitzarekin loturiko hainbat sarrera aurkitu ditut, gure-gureak direnak: azal bete-betean dagoela esaten diogu morroxko dagoenari, eta azal lodia duela lotsagabeari. Azal gaiztokoak dira Joker, Cruella de Vil eta ez-fikziozko beste hainbeste pertsona(ia). Gaztelaniazko estar en algodones azal apainetan egotea da, eta azalak hartu ezinik egoteak esan nahi du no caber en sí...

Eta adi, zeren euskaldunok, azalik gabe, jai genuke komunikatzeko: izan ere, barruan dugun hori esplikatzeari azaldu esaten diogu, eta pentsatzen duguna kanpora ateratzeari, aldiz, azaleratu. Gure baitan aldaketak gertatzen direnean ere, azalberritu egiten garela esaten dugu; azalekoari baino, barnekoari erreferentzia eginez. Izango da, ba, euskaldunok serio hartu genuela azken urteetan bolo-bolo dabilen esaldi (ustez) aktuala: gorputzarekin ere (edo hobe nuke, gorputzarekin ez beste) pentsatzen dugu. Azalari esker konektatzen gara, bada, bestearekin.

Silvia Federicik antzeko zerbait esaten du. Orain urte batzuk Uxue Reyk egin zion elkarrizketan zera zioen: «Gorputza ezin dugu kontzeptualizatu irla bat balitz bezala. Ez da irla bat [...] azala mugatzat daukana; ez, gorputza zelai zabal bat da».Izan ere, lehen istant batean pentsa dezakegu azala dela ni-ari muga jartzen dion hori. Edo behintzat azalaren funtzio batek hori du xede, ingurutik desberdintzea. Baina Federicik indarra jartzen du, hain zuzen, azalaren kontrako funtzioan, alegia: azalaren bitartez gerturatzen gara bestearengana. Azala da bestea edo ingurua ukitzeko modua.

«Federicirendako azalak bestearengana gerturatzen gaitu; Nietzscherendako, ordea, kontrakoa: urrundu egiten gaitu. Eta uste dut, hain zuzen, bi pentsalariek arrazoi dutela, bietatik duelako azalak»

Beste pentsalari batera salto orain. Nietzschek aforismo batean zioen bakardadeak zazpi azal zituela. Eta hortxe eten zuen esaldia, azalpen gehiagorik eman gabe. Zer adierazi nahi zuen horrekin? Hipotesi bat izan daiteke bakardade mailak daudela, batetik zazpira. Adibidez, bakardadearen lehenengo azalean egoteak esan nahi du ez zarela bakarrik sentitzen, eta bakardadearen seigarren azalean egoteak, ordea, hondoak jota eta bakar-bakarrik zaudela. Beste hipotesi bat izan daiteke bakardadea sentitzen dugunean gu eta besteen artean zazpi azal eraikitzen ditugula. Orduan bai, irla bat bihurtzen gara. Federicirendako azalak bestearengana gerturatzen gaitu; Nietzscherendako, ordea, kontrakoa: urrundu egiten gaitu. Eta uste dut, hain zuzen, bi pentsalariek arrazoi dutela, bietatik duelako azalak.

Aditu bati galdetu eta esan dit baietz, zazpi azal omen ditugula (zesarea egitean zazpi azalak ebaki behar dira umea munduratzeko, aditu berak esana). Zazpi azal, beraz, mundutik urruntzeko, edo zazpi azal mundura gerturatzeko. Baina nago askotan nahi izaten dugula muga hori handitu ala txikitu. Izan ere, zenbatetan biltzen garen manta beroan mundutik apartatzeko; zein gustu handiz itxaroten dugun euria edo elurra katiuskak janzteko: inpermeableak izateko munduaren aurrean. Eta alderantziz ere: zenbatetan jantzi ditugun kuttun ditugunen arropak haiengandik urruntzen gaituen distantzia txikitzeko. Eta zenbatetan, agian behar baino gutxiagotan, erantzi ditugun azalak, urteetan pilatutakoa botaz.

Garai honetan mudatzen duten animalia eta landare askok azala: pentsatu al duzu udazken honetan nola eta zer eta norekin azalberritu nahi duzun?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.