Azala atzekoz aurrera denean

Miriam Lukik bere estreinako liburua ondu du: 'Argialdiak'. Pertsonaien «barne zurrunbiloetan» arakatu, eta bederatzi ipuin labur jaso ditu. Susa etxeak kaleratu du lana

Miriam Luki, argitaratu berri duen Argialdiak ipuin liburua esku artean duela, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Nola eraman iraganaren pisua gorputzean? Eta izuarena? Zer esan merezi izan ote duen jakin nahi duenari? Zer prestatu azkena izango den afari handirako? Gisa horretako galderak dabiltza Miriam Lukik ondu duen Argialdiak ipuin liburuko pertsonaien buruan. Lana bederatzi narrazio autonomoz osatuta dago, eta pertsonaia bakoitzaren bizitzako zati bat kontatzen du horietako bakoitzak. «Orokorrean, pertsonaia baten ahotsa nabarmentzen da, baina badira bi planotan kontatutako bi ipuin ere», aurreratu du Susako editore Leire Lopezek.

Norari ia egunero etortzen zaio gustuko ez duen bisitari bat okindegira, aspaldiko norbait gogorarazten diona; Ernestinari lagun batek deituko dio, señora deitzea gustatzen ez zaion señoraren etxea garbitzen ari dela, esateko berak zaintzen duen andrea hil egin dela; hitzen inbasio baten ondorioz, burua handituko zaio beste ipuin bateko protagonistari; Maitek azken aldiz egingo du urteetan errepikatu duen kartzelarainoko bidaia luzea, autoan bakarrik, baina azken urteotan buruan izan dituen pentsamenduak lagun dituela. Lukik abiapuntu horien gainean eraiki ditu, besteak beste, kontakizunak, eta pertsonaiak eta harremanak «askotarikoak» direla nabarmendu du.

Hona abiapuntu gehiago: Amaiak azken soufflé-a prestatuko dio bikotekideari, Judith Holofernes ezpataz hiltzen ageri den Artemisia Gentileschiren koadro bat ikusi ondotik; Inesek lagun batekin elkartzeko proposamena jasoko du, eta, gogo handirik ez badu ere, ezingo dio ezetzik esan; etxean zerbait gertatu dela eta, ama batek gutun bat idatziko dioaspaldi ikusi ez duen alabari; hainbat urteren ondoren, Elena alokatutako auto batean iritsiko da familiaren baserrira, baina ahizparen autoa ikusiko du magnoliaren azpian, eta horrek bien arteko harreman gorabeheratsua ekarriko dio gogora; pandemia betean, hegazkin istripuen bideoak ikustea gustuko duen andrea egoitzaz mugituko dute.

«Pertsonaia guztiei nabari zaie badutela iragan bat oraina markatzen diena», azaldu du editoreak. Hain zuzen, maitale, lagun, senide eta klase arteko harremanen ertzei behatu die egileak liburuan, eta pertsonaien beldurrak, zalantzak, kontraesanak eta nekeak erakusteko baliatu.

Narrazioak lantzeko orduan, arreta pertsonaien bizitzako tarte jakin batean jarri nahi izan duela azpimarratu du idazleak. «Azala atzekoz aurrera dugula sentitzen dugunean izaten dugunaren pareko sentsazio hori irudikatu nahi nuen, haragi bizian gaudela sentitzen dugunekoa, non ezkutatu ez dakigula pentsatzen dugunekoa. Une hori harrapatu nahi izan dut pertsonaiengan, uste baitut asaldura horrek maiz harrapatzen gaituela pertsonok gaur egun».

Hain zuzen, pertsonaiak sortzea izan du egileak erronka nagusietako bat. «Liburu honetan, pertsonaiak dira gakoa. Oso gertutik begiratu diet nik, baina distantzia batetik idatzi ditut». Kontatu du, halaber, pertsonaien hitzak baino gehiago horien keinuak zaindu dituela gehienbat: «Keinuek hitzek baino gehiago adierazi ohi dute askotan; asko definitzen dute pertsona bat. Horregatik saiatu naiz keinu horiek ondo zehazten».

Azala, narrazioen ispilu

Editoreak azaldu du liburuan oro har ez dela «gauza bereziki handirik» gertatzen. Haren hitzetan, «ingurukoek antzematen ez dituzten edo norberak antzematea nahi ez duen barneko zurrunbiloek dute berebiziko garrantzia».

Zurrunbilo horien erakusgarri da, hain zuzen ere, Maite Gurrutxagak lanari egindako azala. Egilearen ustez, «oso ondo jasotzen du ipuinen mamia». Ispilu bat agertzen da azalean, pareta batetik zintzilik. Inguruan ageri diren aulkia, mahaia eta loreontzia hankaz gora daude, baina. «Norberaren irudia erakusten duen sinbolo klasiko bat da ispilua. Ikusten ez ditugunak ere erakusten ditu; gogoratu edo izendatu nahi ez genituenak. Argialdi bat eman nahi nien ikusten ez ditugun horiei ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.